Egiaren Ministerioko kazetaria naiz

the republia time
Komunikabide Sailetik agindu didate: soilik gobernuaren aldekoak diren albisteak argitaratu. The Republia Times egunkariaren editore nagusia naizenez, azaleko berriak aukeratzea eta hierarkizatzea da nire ardura. Betetzeko prest nago? agintarien propagandari men egin ala gertatzen ari diren hondamendien berri emango dut? zenbat arriskatuko dut bahituta daukaten nere familiarekin elkartzeko?

Dilema abiapuntu zirraragarri hau dauka “The Republia Times” doako bideojokoak (Lucas Pope, 2012. Ingelesez). Gerra atzean utzi berri duen diktadura komunista baten menpeko egunkari nazionala da “The Republia Times”. Jokalariak ordezkatzen duen burokrata anonimoaren betebeharra argia da: Gobernuari leial zaizkion herritarrak erdiestea, asko irakurtzen den egunkari baten bidez. George Orwellen 1984ko Egiaren Ministerioa-ren tankerakoan egiten du lan protagonistak.

Nola islatu propaganda mediatikoa joko batean?

Nagusiki hiru albiste mota ezberdintzen ditu jokoak: gobernuaren aldekoak, kontrakoak eta azalekoak (eguraldia, kirolak, txutxumutxuak…). Diktadurari zilegitasuna emateko, estatuaren lorpenak azpimarratzen dira, hanka sartzeak ezkutatu eta entretenimenduzkoak errepikatu. Albiste horiekin jokatzea dagokigu guri, iritzi publikoa baldintzatzeko. Bi modutan.

Bat: Egunkariaren azalean zein albiste jarri erabaki behar du jokalariak, teletipo multzo batetik aukeratuz. Bi: albiste horien tamaina erabaki behar du -lau lerrotara, bi lerrotara edo zutabe erdia-.

Egunero argitaratzen dituen albisteen arabera mugituko dira bi neurgailu: gobernuari leialtasuna eta irakurle kopurua. Bien arteko orekak dakar arrakasta… itxuraz behintzat. Izan ere,  Komunikabide Saileko burokrataren egoera ez da nolanahikoa.

Familiatik urrundu du gobernuak, eta haien ongizatea bere editore lanaren arabera hobetu edo okertzen da. Ez daki ea inoiz atzera elkarrekin bizitzeko aukera izango duen. Baina, gobernuaren morroi izatea beste aukerarik ez dauka… iraultzaile talde bat harekin harremanetan jartzen den arte; hor dilema gordina.

Familiarekin elkartuko dutela dioten erreboltarien promesa sinestuko du? horretarako, gobernuaren lotsak haizatuko ditu “The Republia Times”-en azalean? Jokalariaren hautua da bidegurutzean nora jo erabakitzea, eta, batera zein bestera egin, jokoaren “amaierak” ez zaitu epel utziko. 10 minutuan bukatzeko modukoa da istorioa. Doan eta online daukazu jolasgai, baina ingelesez besterik ez duzu aurkituko.republia jolasten

 

Aldaketarako Jokoak

“The Republia Times”, Lucas Pope egilearen Papers, please maisulana bezala, Games for Change G4C elkartearekin banatutako jokoak dira. Gizartean hezkuntza eta gizatasuna sustatzeko trenak diren jokoak bildu eta zabaltzen dituzte. Webgunean aurkituko dituzu zenbait alor ukitzen dituzten jolasak (ingurugiroa, gerra, osasuna, generoa…)

Adibidez, konturatuko zara honezkero, artikulu honetan aipatutako lanak prentsa askatasuna du gogoetagai besteak beste komunikabideen edukien atzean dauden interesak agerian utziz. Akaso jolasaren filosofiatik printza nabarmen bat atera behar izanez gero, azaleko albisteei ematen zaien gizartea lotarazteko papera da.

Aipatu G4Ck urtero bilkura egiten du, 2015ean New Yorken izango da. Iaz artikulua eskaini zion New York Times egunkariak (Not Just Playing Around Anymore).

bideojokoa, bideojokoak, hedabideak, jolasa, manipulazioa, prentsa, propaganda, The Republia Times, The Republia Times bideojokoa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude