Dynasty Feud bideo-joko berria aurkeztu da eta euskaraz dago!

Dynasty Feud bideo-joko berria aurkeztu da eta euskaraz dago!

Bideo-joko berri bat aurkeztu da. Beste bideo-joko bat besterik izan zitekeen, zaletuen gogoak aseko lituzkeena, berezitasun bategatik ez balitz: euskaraz ere badago hasieratik! Kaia Studios bideo-joko egileek sortua, maiatzaren 23an estreinatu dute eta, gure laguntzari esker, euskara jokoa erabili ahal izango den zortzi hizkuntzen artean izango da, ingelesa, frantsesa eta txineraren maila berean, besteak beste.

Euskal labeleko Super Smash Bros. deitzen diote Dynasty Feud jokoari, osotasunean Euskal Herrian garatu izan delako. Izan ere, sortzaileak DigiPen Institute of Technology Bilbao ikastegiko ikasleen lehenengo promozioko lau lagun (Aitor Gómez, Jon Sánchez, Aitor Tejedor eta Eneko Egiluz) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretan lizentziatu bat (Juan Smapedro) dira. Boskote honek duela bi urte Kaia Studios bideo-jokoen sorkuntzarako estudioa sortu zuen.

Urte eta erdiz zortzi lagun ibili dira buru-belarri bideo-jokoaren garapenean lanean: estudio honetako bostok, All Iron Music musika lanetan, eta beste bi laguntzaile diseinuan eta produkzio lanetan.

Beaz-en Design Kabin kokatuta dagoen PlayStation Games Camp Bilbao-n dago egun Kaia Studios, urte hasieran Coven Arts estudioarekin batera, 2017an proiektu bana garatzeko aukeratuak izan ondoren. PlayStation Games Camp Bilbao bideo-jokoen estudio independenteentzat sortutako abiagailua da eta  Sony Interactive Entertainment Españ-k  sustatzen du, sektoreko enpresa eta ekintzaileei laguntza emateko.

Bestalde, Dynasty Feud bideo-jokoaren garapenari aurre egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako diru laguntza batzuk izan dituzte, eta Bilboko Udalaren Bilbao Ekintza programan sartu ziren hasiera batetik.

.

Bideo-jokoaren ezaugarriak

Jokoaren mekanika dela eta Nintendoko Super Smash Bros. jokoa gogoratzen du. 2Dan garatutako borroka bideo jokoa da, 8 klan edo familien arteko lehia historiaren garai ezberdinetan zehar kontatzen duena. Horrela, jokalariak bakeroak, bikingoak, aztekak, japoniar edo pirata familiak gidatu ahal izango ditu, Historia Aurreko, Erdi Aroko eta etorkizuneko beste hiru taldekin borrokan arituko direnak.

 

  • Lehia sustatzen duen jokoa da, taldetan antolatua.
  • 2D plataforma/borroka jokoa da.
  • 2-4 jokalari artean lehia daitezke.
  • Modu lokalean edo sarean jokatu daiteke.
  • 40 pertsonaiak hartzen dute parte jokoan.
  • 8 familien arteko lehia da.
  • Partida azkarra eta frenetikoak jokatzen dira, 3 minutuko iraupena dituztenak.
  • Borrokarako gaitasun eta mugimenduak dira nagusi pertsonaien ekintzetan.
  • Jokatzeko erraza, baina zaila jokoan nagusitzeko eta aukera guztiak menderatzeko.
  • Zortzi hizkuntzatan jokatu daiteke: Euskera, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, txinera, errusiera eta portugaleraz.
  • Orain Steam plataforman estreinatu da jokoa, ordenagailuz jokatzeko; baina Gabonetan PlayStation 4-n aterako da.

Dynasty Feud bideo-joko berria aurkeztu da eta euskaraz dago!

.

Dynasty Feud euskaraz hasieratik

Kaia Studios-eko arduradunen asmoa euskara hasieratik bideo-jokoaren hizkuntzen aukeren artean egotea izan zen, lehenengo unetik. Ingelesez garatu dute eta ondoren itzulpenei ekin diete. Ahotsak ingelesez soilik badaude ere, jokoaren interfazea hizkuntza ezberdinetan dago.

Udaberriaren hasieran jokoari eta beraien helburuei infomazioa eskaini ziguten eta euskarara itzultzeko laguntza eske etorri ziren Azkue Fundaziora. Gure lana itzulpenak egitea ez bada ere, aukera paregabea iruditu zitzaigun bideo-jokoa hasiera-hasieratik euskaraz kaleratzearen helburua eta aukera hor zegoela, ordu batzuk emanda. Beraz, laguntzea erabaki genuen eta gure gain hartzea bideo-jokoaren esaldi eta komandoen itzulpena.

Garaiz heltzea lortu dugu eta zorionez Dynasty Feud euskaraz jokatzeko aukera dago!

Dynasty Feud bideo-joko berria aurkeztu da eta euskaraz dago!