Facebook, dunak eta ipurdiak

Facebook, dunak eta ipurdiak

Egunotan, akaso irakurriko zenuten “Euskal hedabideen sareko kontsumoak, %10 gora” egin duela. Hekimenek emandako datuak dira, Euskal Hedabideen elkarteak.

Egia esan, hedabide guztiek egin dute gora, orokorrean, sareko kontsumoari dagokionean. Baina euskal hedabideek, euskaraz lan egiten dugunok, gainontzekoek baino apur bat gehiago; seinale ona. Azken bost urtetan bikoiztu egin da trafikoa, eta honen erdia, mugikorretatik dator egun. Baina zaude lasai, lagun, ez zaitut datuekin itoko-eta; zehaztasunak goiko estekan dituzu, nahiko bazenitu.

Gainera, gaurkoan Facebooki buruz egin nahi dut berba.

Jada gehiago dira mugikorretatik jasotzen diren bisitak ordenagailutik jasotzen direnak baino, eta kontsumo horretan, antza, klabea da Facebook. Irisgarritasunaren izenean, eta klikak lortzera kondenatuta, ezinbestekoa dugu lan tresnatzat hartzea, Hekimeneko hedabideen bisiten %20a bertatik datorrelako -gehiago tokiko hedabideen kasuan, eta gutxiago, gurea bezala, hedabide orokorretan-, eta “publikoa Facebooken dagoenez, gaztea batez ere”, irakurleak dauden tokian egon beharra dagoelako.

ZUZEU, esaterako, 10.000 jarraitzaileetara hurbiltzen ari da Twitterren, eta 2.500 zale izateko bidean da Facebooken. Batean zein bestean, intuizioz eta ahal bezain ondoen eraman ditugu kontuak orain arte, gainontzeko hedabide gehientsuenak bezala, eta asko dugu hobetzeko; horretan gaude.

Gurea lako hedabideentzat izan dezakeen garrantzia ikusita, Facebooki buruzko jardunaldi bat antolatu zuen orain gutxi Hekimenek -jakin-mina badugu, 60 kazetari inguru bertaratu baikinen-, eta bertatik jasotako datuak dira hauek: “zaleak ez dabiltza hedabidearen orrian eta beraz, hasiera orriek pisu gutxi dute. Harremanak edukiarekin egiten dira, sarreren elkarbanatzeek dute eragina. Facebookeko zaleak, artikulua irakurri eta badoaz, minutu eskaseko bisitaldia eginda”…

Badira datu gehiago ere, baina berriro ere irakurlea aspertzeko arriskua sumatzen dut, eta isilduko naiz. Gaurkoan, Facebooki buruz baino, basamortuari eta gorputz biluziei buruz hitz egin nahi dut-eta.

.

Eduki ┬źdesegokiak┬╗ blokeatu

Horregatik, orain arteko guztia aitzakia bat baino ez da izan, Facebookeko puritanoekin dugun harremanean duela gutxi ZUZEUri gertatu zaion azaleko kontu bat agertzeko, azalekoa baina ez hutsala.

Inork zergatik ez zekiela, mezu bat jaso genuen Mark Zuckerbergekengandik, urtarrilaren erdialdera. Ados, ez berarengandik zuzen-zuzenean, baina bai berak zuzentzen duen enpresatik. Hauxe:

Mezua ondo ulertu bagenuen, Facebook erabiltzen jarraitu nahi izatekotan, ZUZEUko edukiak berraztertzeko eskatzen zigun Zuckerbergek, eduki desegokiren bat erabili genuela iritzita.

Zein eduki baina?

Inolako zantzurik gabe bila eta bila hasi ginen, halako batean `arazoa┬┤ zerk sor zezakeen konturatu ginen arte.

Pakito Ganbelai zuzeulariak idatzitako “Gorputzaren dunak” sarreran, basamortuko dunak ageri zituen azaleko argazkiak, ipurdi biluziez osatutako dunak! Eta aurretik ere badakigu zer gertatu izan den Facebooken gorputzak larrugorritan azaldu izan direnean.

Edukien basamortuan, deshidratazio latza behar du izan Facebookek, ispilatzeak dunak diren tokian ipurdiak ikustarazten badizkio.

.

FACEBOOKek vs. ZUZEUk (klikatu argazkian):

Facebook, dunak eta ipurdiak

Facebook, dunak eta ipurdiak
facebook, gorputz biluziak, hedabideak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude