Distantzia fisikoa ezartzean, inguruneko aldagaiak aintzat hartzeko ohartarazi dute

Distantzia fisikoa ezartzean, inguruneko aldagaiak aintzat hartzeko ohartarazi dute –

Ana Galarraga Aiestaranek Elhuyar zientzia aldizkarian.

SARS-CoV-2 birusaren transmisioa eragozteko, pertsonen artean metro bat edo biren arteko tartea uzteko gomendatzen edo agintzen da leku gehienetan. Oxford eta Cambridgeko Unibertsitateetako ikertzaile batzuen arabera, ordea, metro bat edo biren araua sinplifikazio bat da, eta ez dator bat ebidentzia zientifikoekin. Haien ustez, utzi beharreko tartea egoeraren araberakoa da.

Distantzia fisikoa ezartzean, inguruneko aldagaiak aintzat hartzeko ohartarazi dute
Birusaren transmisioa eragozteko pertsonen artean tuzi beharreko tartea inguruneko zenbait aldagairen araberakoa dela frogatu dute. Arg. CDC/James Gathany

Ikertzaileek British Medical Journal aldizkarian aurkeztu dute beren proposamena. Azaldu dutenez, arnasbideetatik kanporatzen diren tantaxkak neurri askotakoak dira, eta hodei heze eta bero baten barruan doaz. Hodei horrek bultzatuta, birus-partikulak 7-8 metro hedatu daitezke, segundo gutxian. Hodeiaren abiadura moteldu ondoren, aldagai ugarik eragiten dute hedapenean: aireztapenak, aire-korronteak, jarduera-mota, igorlearen karga birala, eraginpean igarotako denbota, eta norberaren erraztasuna infektatzeko.

Horrenbestez, distantzia jakin bat beharrean, mailakatutako gomendioak ematea proposatzen dituzte, aldagai horien araberako arrisku-mailari egokituta.

Infektatzeko arriskua zehazteko, orain arte egin diren ikerketak berrikusi dituzte. Hala ere, onartu dute ikerketa gehiago behar direla ondorio sendoagoetara iristeko. Baina garbi diote ingurumeneko eraginak konplexuak direla eta elkar eragiten dutela. Horren adibidetzat jo dituzte haragia prozesatzeko plantetan gertatutako kutsadurak, non aireztapen eskasa, langileen egoera kaskarra, zarata (oihuka hitz egin behar) eta maskaren gabezia batu diren. Eta antzeko arrisku-egoerak gertatzen dira leku itxi, jendetsu eta zaratasuetan, hala nola pubetan eta dantzalekuetan.

Hori guztia aintzat hartuta, arrisku-mailak irudikatzen dituen sailkapen kualitatibo bat egin dute. Koadroak asintomatiko batek SARS-Cov-2 birusa transmititzeko arriskua adierazten du, kondizio desberdinetan, kontuan hartu gabe infektatuaren karga birala eta ingurukoen erraztasuna infektatzeko. Gainera, eztula edo doministiku eginez gero, arriskua areagotuko litzateke.

Distantzia fisikoa ezartzean, inguruneko aldagaiak aintzat hartzeko ohartarazi dute
Arg. Nicholas R Jones et al./BMJ

Bestelakoan, hauek dira aintzat hartutako aldagaiak: maskara jantzita edo gabe; kanpoan edo barruan egotea (ondo aireztatutako lekuan edo ez); jende asko edo gutxi egotea; eta jarduera-mota: isilik, hiz egiten, eta kantuan edo oihuka.

Hala, maskara jantzita, isilik edo hizketan, eta denbora laburrean, arriskua txikia litzateke, ez bada leku itxi eta jendetsu batean. Aldiz, maskararik gabe, arriskua bakarrik da txikia isilik egonez gero eta aire zabalean, jende gutxirekin. Arriskua areagotzen doa maskara ez janztearekin, hitz egitetik oihu egitera edo kantatzera igarotzean, aire zabaletik leku itxira eta ez aireztatura joatean, denbora luzatzean eta jendez inguratzean.

Horrez gain, gogorarazi dute distantzia fisikoari beste neurri batzuk batu behar zaizkiola: eskuak eta gainazalak garbitu, babes-ekipamendua eta maskarak erabili beharrezkoak direnean, tokiak egurastu eta infektatutako pertsonak bakartu.

Distantzia fisikoa ezartzean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude