Bost aholku zure mugikorra seguruago edukitzeko

Konturatu orduko, sakelakoa gure gorputzaren beste atal bat bihurtu zaigu. Uneoro eramaten dugu aldean, gero eta eragiketa konprometituagoak burutzeko erabiltzen dugu, eta gero eta informazio ‘arriskutsuagoa’ eramaten dugu bertan: bankuko informazioa, ordainketak egiteko era guztietako zerbitzuak, laneko kontuak, osasun alorreko informazioa, komunikazio pribatu eta ez hain pribatua, autoa, etxea edota etxeko hainbat tresna ireki, itxi, abiarazi, gelditu eta kontrolatzeko aukerak…

Horregatik, sarritan ahazten bazaigu ere, oso garrantzitsua da gure telefonoaren segurtasunari erreparatzea. Batez ere uda sasoian, normalean baino gehiago mugitzen garenez, telefonoa nonbait ahaztuta uzteko edo norbaitek deskuiduan lapurtzeko biderkatzen baitzaizkigu.

Erabateko segurtasuna mitoa bat da, noski, eta ezbeharrak beti gerta daitezke, gu kontuz ibili zein ez… baina tira, hemen bost aholku-multzo, gure sakelakoaren segurtasuna apur bat behintzat areagotzeko.

.

1. Zaindu zure pasahitzak

Bost aholku zure mugikorra seguruago edukitzeko

Hasi gaitezen hasieratik: telefonoko pasahitzak gure online zerbitzu guztietara sartzeko giltza dira. Oso garrantzitsua da zerbitzu horien ateak ondo itxita mantentzea, sakelakoa galdu edo lapurtuz gero, hartzen duenak ez topatzeko gure etxea, bankuko kontua eta abarrak parez pare irekita. Hona aholku batzuk:

  • Ez erabili INOIZ “1234” , “0000”, “qwerty” eta estilokp pasahitz asmatzen errazak. Zure etxeko giltza ezeagunei oparitzea da!
  • Posible duzun kasuetan, pasahitzak baino, erabili “pasaesaldiak”. Gogoratzen errazagoak dira, eta asmatzen zailagoak (luzeagoak direlako). Adibidez: “pila pila patata tortilla”, edo zuretzat esanguratsua eta gogoratzen erraza den beste zeozer.
  • Erabili pasahitz (edo pasaesaldi) ezberdin bat zerbitzu bakoitzeko. Bestela, erabiltzen duzun zerbitzu baten pasahitza lapurtzen dizunak, oso erraz izango du beste guztietan ere sartzea. Horretarako, hainbat trikimailu erabil ditzakezu:
    • Erabili pasahitzak edo esaldiak sortzeko ‘formula’ gogoratzen errazak, aldagaiekin. Adibidez: zure txikitako hamsterraren izena + zerbitzuaren izeneko 3. eta 4. letrak, maiuskulatan + zure jaiotze urtea + zerbitzuaren izeneko lehen letraren hurrengoa, maiuskulaz. Hau da: zure hamsterra Rodi bazen, eta 1998an jaio bazara:
      • Gmaileko pasahitza : RodiAI98H
      • Amazoneko pasahitza: RodiAZ98B
      • Spotifyko pasahitza: RodiOT98S

(Adibide hauek oso-oso sinpleak dira eta komeni da ‘formula’ hori konplexuagoa izatea, baina bueno, uste dut ulertuko duzuela zertaz ari naizen…)

  • Horrek eman diezazukeen lana errazteko, erabili pasahitzak kudeatzeko aplikazioren bat. Nik neuk 1Password erabiltzen dut, baina beste asko daude hor zehar. Aplikazio horren pasahitza ere, noski, segurua izan dadila!
  • Ezarri pasahitza telefonoari, eta konfiguratu automatikoki blokeatzeko erabiltzen ez duzunean. Bai, nekosoa da desblokeatzen ibiltzea, baina gogoratu edozein momentutan galdu dezakezula…
  • Konfiguratu zure zerbitzu guztiak erabiltzen dituzun bakoitzean desblokeoa eskatzeko. Hau ere apur bat deserosoa izan daiteke, baina, berriz ere, pentsa zer gerta daitekeen bestela, lapurtu edo galduz gero.

.

2. Mantendu sistema eguneratuta

Gure gailuen sistema eragileak oso software konplexuak dira, osagai ezberdin asko dituzte, eta ez da arraroa lantzean behin segurtasuna arriskuan jartzen duten programazio akatsak aurkitzea. Akats horiek saihesteko, oso garrantzitsua da zure gailuaren sistema eragilea bertsiorik berrienera eguneratzea.

.

3. Itzali Wi-Fi, Bluetooth eta NFC konexioak

Bost aholku zure mugikorra seguruago edukitzeko

Haririk gabeko konexioek bateria asko kontsumitzen dute, eta horregatik soilik oso gomendagarria da itzalita mantentzea erabiltzen ez ditugun bitartean. Baina gainera, segurtasun arriskuak gutxitzeko ere komeni da beharrik gabe ez piztea. Baina horrez gain, badira kontuan hartu beharreko beste hainbat kontu:

Ez erabili WI-FI sare publikoak. Leku publiko askok doako Wi-Fi konexioa eskaintzen dute, baina kontuz ibili sare horiekin:

  • Alde batetik, sarearen jabeak berak tentazioa izan lezake bere routerretik pasatzen ari den informazioa begiratzeko. Aireportu, hotel, autopistako jatetxeetan edo janari azkarreko lokalek “dohainik” eskaintzen duten Wi-Fia erabiltzen dute bezeroak hobeto ezagutzeko: nora konektatzen diren, zenbat denboraz, noiz…
  • Bestetik, puntu publiko horretara konektatuta dauden beste erabiltzaile batzuk ere erraz samar saiatu litezke konektatuta dauden beste gailuetara sartzen, eta haietatik informazioa ateratzen.
  • Bluetooth eta NFC konexioak ere gure gailuaren kontrola hartzeko, bertatik informazioa ateratzeko edo, NFCren kasuan, ordainketa txikiak egiteko erabiltzen saia daitezke. Hobe amatuta mantentzea, behar ez dituzun bitartean behintzat.

.

4. Kontuz aplikazioen jatorriarekin

Ez instalatu zure sakelakoan jatorri ezezaguneko aplikaziorik. Erabili Google edo Appleren aplikazio denda ofizialak, edo aplikazioen webgune ofizialetako loturak. Ez fidatu ordainpeko aplikazioen bertsioak dohainik eskaintzen dituzten webguneekin. Sarritan gure gailuetan birusak eta troiarrak sartzeko amarruak baino ez dira.

.

5. Telefonoa lokalizatu edota blokeatzeko aplikazioak

Bost aholku zure mugikorra seguruago edukitzeko

Gure prekauzio guztiek kale egiten badute, komeni da B plana prest izatea. Hala iOS nola Android sistema eragileek badituzte telefonoa lokalizatu, blokeatu edota erabat ezabatzeko erabili daitezkeen aplikazioak. Telefonoa estreinatzean, komeni da lehen pausuen artean, aplikazio horiek ondo konfiguratuta uztea. Horrela, kasua iritsiz gero, gure ordenagailutik edo lagun baten telefonotik, klik pare batekin jakin dezakegu non dagoen gure telefonoa, eta, kasurik txarrenean, bertako informazio guztia ezabatzeko agindua eman, lapurreta fisikoaz gain, lapurreta digitalik ere egon ez dadin.

Eta zuri? Bururatzen al zaizu bestelako segurtasun aholkurik? Erabili al duzu inoiz honelako trikimailurik?

Kontatu, kontatu ?

 

Bost aholku zure mugikorra seguruago edukitzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.