Blockchain: egungo eredu ekonomikoa aldatuko duen teknologia?

Blockchain: egungo eredu ekonomikoa aldatuko duen teknologia? –

Blockchain teknologiaren nondik norakoak azaldu eta bere balizko aplikazioa aipatzen duten eduki ugari aurki ditzakegu sarean. Zergatik eta zertarako sortu zen, ordea? Ondorengo lerroetan Blockchain teknologiak ekonomian izan dezakeen eragina ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren adibide batzuk aipatzen dira.

Blockchain: egungo eredu ekonomikoa aldatuko duen teknologia?

Gaur egun ohikoa eta, aldi berean, erabat logikoa da teknologia hau hizpide den bakoitzean Bitcoinen gaia ere ateratzea. Izan ere, ezin dezakegu ahaztu Bitcoin bloke-katearen lehendabiziko aplikazioa izan zela. Are gehiago, Bitcoinen sorreratik hamarkada bat pasa bada ere, beronek jarraitzen du teknologia honi ezagutzen zaion aplikazio nagusia izaten.

Azken hamar urte hauetan proiektu askok Bitcoinen olatua probestu nahi izan badute ere, egitasmo horietako batek ere ez du lortu Bitcoinek besteko arrakastarik. Horren atzean arrazoi ezberdinak egon badaitezke ere, baliteke proiektu bakoitzaren jatorrian egotea gakoa, eta ondorioz, hori izatea Bitcoin besteengandik ezberdintzen duena. Ondoren, bere arrakastaren gako batzuk aipatzen dira:

• Alde batetik, Bitcoinen sortzailearen inguruko ezagutza eza dago. Mundu guztiak bere izena aipatzen duen arren, inork ez daki nor den Satoshi Nakamoto. Askok, cyberpunkien mugimenduarekin lotzen du, alabaina, egun ez dago inolako frogarik hori baieztatzeko.

• Bestalde, aipatutako cyberpunkien mugimendua dago. Horiek bizi dugun testuinguru teknologikoan, erabiltzaileen pribatutasuna aldarrikatzen dute. Bitcoinek eskubide hori, alegia, erabiltzaileen pribatutasuna bermatu egiten du.

• Azkenik, bere sorrera daukagu. Bitcoin krisi ekonomikoaren erdian harrapatuta geunden unean sortu zen, eta hasieratik agerian geratu zen ordura artekoaren alternatiboa zen eredu-ekonomikoa bultzatzera zetorrela. Esanguratsua da, esaterako, Bitcoinen bloke-kateko lehendabiziko blokean sartutako informazioa: The Times egunkariaren 2009ko urtarrilaren 3ko lerroburua, Erresuma Batuko bankuak berriz ere erreskatatuak izango zirela ohartarazten zuena. Azpimarratu behar da Bitcoin egun horretan abiarazi zela.

Azken hilabeteetan, ordea, Blockchainen eraginari buruzko eztabaida berriz ere bizitu egin da. Horren erantzule Facebook dugu, bere kriptotxanpon propioa —Libra deitu duena— aterako duela jakinarazi baitu. Zer suposa dezake, ordea, Librak?

Aditu askok, ordainketa sistema berri baten hazitzat jotzen du Libra, egungo “diruari” botatako hordagotzat. Zergatik ez dira erabiliko bideo eta irudiak partekatzeko erabiltzen diren Facebook bezalako sareak aipatu berri ditugun beste kontu horietarako?

Blockchain: egungo eredu ekonomikoa aldatuko duen teknologia?

Gaur egun, munduko biztanleriaren zati batentzako ez da errentagarria banketxeen bidez transferentziak egitea: sukurtsalen urruntasuna, ordaindu beharreko komisioak edota transferentziak ontzat emateko itxaron beharreko denbora, besteren artean, desabantailak dira. Facebookek dituen milioika erabiltzaileek, ordea, segundo gutxiren buruan partekatzen dituzte haien edukiak. Librarekin ere horrela izango al da?

Bitcoin eta Libra, Blockchainek izan dezakeen eraginaren adierazle bi dira. Dena den, Blockchain teknologiak izan dezakeen eragina ekonomiatik harago doa. Edozein prozesu automatizatu eta edozelako bitartekarien desagerpena ekar dezakeen teknologiaz ari garela ohartu behar dugu, orain artekoaren oso ezberdina izan daitekeen agertoki berri batera eraman gaitzakeen teknologiaz, alajaina.

Blockchain: egungo eredu ekonomikoa aldatuko duen teknologia?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.