BlackBerryri esker, laguna berreskuratu dut arratsalde batez

BlackBerryAtzo, Europako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako BlackBerry telefono guztiak “erorita” zeuden; hau da, RIMen smartphoneen internet konexioak huts egin zuen. Telefono zerbitzuak funtzionatu egiten zuen –deiak eta SMSak–, baina erabiltzaileek ezin zuten interneten nabigatu. Milioika erabiltzaile iletik tiraka egon ziren egun osoan zehar, bururik gabeko oiloen modura, noraezean, galduta, haien bizitzako zati garrantzitsu bat ustekabean lapurtu izan baliete bezala. Baina nik laguna berreskuratu nuen.

Lagun batekin elkartu nintzen astelehenero bezala. BlackBerry erabiltzailea da, ziber-munduko sare sozial guztietan leporaino sartuta. Zurito batzuk eskatu eta Donostiako Artzain Onaren plazako terraza batean eseri ginen. Atzokoa aparteko astelehena izan zen, lagunaren konpainiaz ikaragarri gozatu nuen, aspaldiko partez. RIMi esker laguna berreskuratu nuen, nahiz eta arratsalde bakar batez soilik izan.

Hamalau hilabete luzeren astelehenetan zehar, ditxosozko smartphoneak laguna bahitu egin zidan. Ezinezkoa zen harekin elkarrizketa oso bat mantentzea. Minuturo telefonoaren pantailari begirada lotsatiak ematen zizkion, dar-dar egiten zuen bakoitzean solasaldia moztu eta bere ziber-unibertsoan murgiltzen zen, ni aurrean nengoela zeharo ahaztuz.

“Barkatu, mezu honi erantzun behar diot”, “Ene, hau tuiteatu egin behar dut!”, “Itxaron argazki hau Facebookera igotzen dudan bitartean…”.

“Aizu, zurekin egoteko gelditu naiz, ez telefonoan nola ibiltzen zaren ikusteko”.

“Bai, bai. Segituan, mutil lagunarekin hizketan nago eta…”.

Errespetu falta ikaragarria izateaz gain, pertsonen arteko komunikazioaren arau guztiak hausten ditu horrek. Baina atzo… atzo zeharo desberdina izan zen. Lasaiago geunden, ardurarik gabe, distrakziorik gabe. Bere arreta nuen %100ean.

Smartphoneak komunikaziora iraultza ekarri dutela diote. Baina atzo, BlackBerrien K.O.-ari esker, benetako komunikazioaz gozatu nuen. Pantailarik gabe, teklaturik gabe, soinu artifizialik gabe. Lastima, magia hori guztia datorren astelehenean desagertu egingo da.

Joan bitez pikutara behin betiko BlakBerry, iPhone eta Androide nazkagarri guztiak! Lagunak berreskuratu nahi ditut!

Tira, hori gehiegi bada, behintzat sakelako teknologia berriak zentzuz erabiltzen ikas dezatela…

 

UDAZKEN KOLOREAK