Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (II): komunitatea saga ezagunak hobetzen

Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (II): komunitatea saga ezagunak hobetzen –

Game Erauntsiak sarean.eus atarian.

Erreportaje sorta honekin bideojokalariek elkarlanean sortutako titulu esanguratsuenak errepasatzeari ekin diogu. Lehenengo atalean kode irekiko jokoetan ardaztu ginen; hau da, garapena modu irekian burutzen duten obra horietan.

Hala eta guztiz ere, esan genuen bezala beste modu bateko bideojokoak sortzeari ere ekin dio erabiltzaileen komunitateak. Nola ez, askotan bideojoko klasikoetan eta ezagunetan oinarritzen dira proiektu berriak abian jartzeko. Ez hori bakarrik: nostalgiaz harago joan, eta aspaldiko tituluak —edo ez horren zaharrak!— eraberritu dituzte, atal guztiz berriak prestatuta eta klasikook beste maila batera eramanda.

Era guztietako ezustekoak ikusi ditugu arlo horretan: mailen editoreak, sare bidezko jokoa, errealitate birtuala… Batzuetan, ezaugarri eraberritzaileak gaineratu beharrean, eduki gehiago prestatzen dituzte, besterik gabe: mailak, pertsonaiak, abileziak eta bestelakoak gehitu dituzte joko maitatu horietan. Beste batzuetan, ordea, bideojokoen munduko pertsonaia eta frankizia nabarmenetan oinarritutako joko propioak eskaini dizkigute bideojokozaleek.

Ezagutuko ditugun jokoetako batzuk kode irekiko kategorian sar daitezke; beste hainbat, ordea, pertsona bakarrak edo talde txikiak martxan jarritako proiektuak dira. Hala izan arren, zenbait kasutan kanpoko jokalarien komunitateak hauetan modu batera edo bestera lan egiteko aukera eduki du: editoreen eta beste tresnen bidez hauetan sormen lanak egiten dituzte. Hortaz, zaleenak bai, baina alor honetan ere jatorri eta maila desberdinetako tituluak sor daitezkeela ikusiko dugu.

Komunitatearen eskutik jaiotako jokoei buruz gabiltzanez, hauek guztiz doakoak dira, nola ez. Gehienbat PC-rako —eta honen sistema eragile desberdinetarako— pentsatuta egon ohi dira, baina beste plataforma batzuetan ere jokatu ahalko ditugu, tituluaren arabera.

Ikustekoa denez, hau guztia kontutan hartuta proiektu benetan interesgarriak aurkituko ditugu. Hori bai, ez gara romhack-etan eta antzekoetan sartuko: estilo honetako tituluek beste artikulu bat prestatzeko besteko mamia daukate!

Goazen gure arreta erakarri duten horiek errepasatzera.

.

POKÉMON URANIUM

  • Garatzailea: -JV- eta Twitch (bertsio originala)
  • Generoa: JRPG
  • Argitaratze data: 2016-08-06
  • Plataformak: Windows, GNU/Linux eta Mac
  • Webgunea (Reddit komunitatea)

Pokémon zaleek denetariko bertsioak jaso dituzte komunitatearen eskutik. Arestian aipatutako romhack-ak izan ohi dira nagusi, baina hala ere garatzaileek zerotik prestatutako tituluak ere ikusi izan ditugu. Hau da, gutxi gorabehera, Pokémon Uraniumen kasua: RPG Maker XP tresnarekin sortutako joko guztiz berria da, eta, ziurrenik, zaleen artean arrakastarik handiena lortu duena.

Tandor izeneko eskualdera eramango gaitu Uraniumek: mundu ezezagun honetan 190 pokémon espezie aurki daitezke. Horietako batzuk ezagunak izango zaizkigun arren —Ludicolo, Arbok zein Ampharos, adibidez—, beste asko garatzaileek sortutako pizti berriak dira.

Joko ofizialietan ikusi gabeko izaki mota ere gaineratzen du: pokémon nuklearrak agertuko dira Uraniumen. Mota berezia da: pizti hauek oldarkorragoak dira, eta berezko izaki nuklearrak dauden arren —horien artean dago Eevee-ren Nucleon eboluzioa— arruntetako zenbait pokémon kutsa daitezke. Hauek sendatzeko aukera izango dugu, Gamecube kontsolako Pokémon XD: Gale of Darkness atalean ikusitako pizti ilunekin antzekotasun handiak edukita.

Mugimendu eta teknika berriak, gailu batekin gure pokémonekin hitz egiteko aukera, mega eboluzioak, istorio berria, bigarren mailako misioak eta askoz gehiago biltzen ditu Uraniumek: guztira hamahiru herri eta zortzi gimnasio dauzka.

Atal grafiko aldetik, nahiz eta RPG Makerrekin eginda egon, Nintendo DS kontsolako joko originalen elementuak hartzen ditu Uraniumek, bidean beste hainbat sprite eta testura propio gaineratuta.

Garatzaileek aspaldi utzi zuten bideojokoaren garapena; dena den, orain komunitateak jarraitzen du hau hobetzen. Are gehiago: orain bi hilabete 1.2.5 adabakia kaleratu zuten; besteak beste, teleportatzeko ahalmena gehitzen du eguneraketak.

Azken bertsioa jaisteko, jokoaren Reddit webgunera jo beharko dugu: bertan komunitatea zalantzak argitzen, ezaugarri berriak proposatzen eta jokoaz gozatzen aritzen da. Windows-erako pentsatuta dagoen arren, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetan jokatzeko bideak ere prestatu dituzte jokalariek.

.

SONIC ROBO BLAST 2

  • Garatzailea: Sonic Team Junior
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Argitaratze data: 1998-02-XX
  • Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac, Switch
  • Webgunea

Jatorrizko Doom-en motor grafikoarekin sortutako Sonic bat? Ba bai, horixe bera da Sonic Robo Blast 2. Hiru dimentsioko Sonic klasiko batekin amesten zutenek —ez dugu gezurrik esango, Sonic X-Treme hark itxura txarra zeukan hasieratik— eratutako obra honek jokagarritasun bitxia eta berezia aurkezten digu.

Sonic 1, 2, 3 & Knuckles jokoen oinarriak hartu eta hauek 3Detara eramatea da Robo Blasten helburua. Pertsonaiak zein arerioak spritekin osatuta daude, baina kokalekuak eta hauetako elementu guztiak hiru dimentsiokoak dira. Joko klasikoetako ohiko abileziak eta egoerak ikusiko ditugu; hala ere, Adventure-tik aurrera ikusitako mekanikak ere erabiltzen ditu zaleek proiektuak.

Sonic, Tails eta Knuckles dira Robo Blasten protagonistak. Bakoitzak bere eraso eta mugimendu bereziak ditu, noski: Tailsekin hegan egin ahalko dugu, eta Knucklesekin hormetatik gora eskalatuko dugu. Multijokalaria dauka, eta mailetatik sakabanatuta hainbat eta hainbat sekretu aurkituko ditugu —iturgin baten mundura sartzeko aukera eta guzti!—. Segaren gainerako jokoei egindako erreferentziak ere ezin daitezke falta: maila bereziak, adibidez, NiGHTS into Dreams jokoko mekanikak dituzte. Amets hutsa edozein Soniczalerentzat.

Jokatzeko pixkat bitxia suerta daiteke, egia esan: kamera nahiz kontrol berezitxoak ditu, eta lehen partidetan galduta sentitu naiz. Mugimendua menderatu ahala, baina, jokoaz maitemintzen joan naizela esan behar dut. Ez dago antzeko titulurik —Doomen port zaharretara ez bagoaz—, eta dakarren eduki mordoarekin eta sekretu interesgarriekin, Sonicen zaleentzat egindako abentura interesgarria da.

Izenak argi adierazten duenez, proiektu baten bigarren atala da hau. Ez du lehenengoarekin zerikusi handirik, ordea: Sonic Robo Blast originala bi dimentsioko obra txikia da.

1998an argitaratu zuten, baina ordutik hona bideojokoa osatzeko lanean dabiltza garatzaileak; azken eguneraketa, adibidez, aurtengo martxoan kaleratu zuten. Helburu nagusia bederatzi maila nagusi izatea da: bukatu gabe dauden arren, Doomen motor grafikoan eginda izanak komunitateak nahi beste gehigarri sortzeko aukera dakar. Hori horrela, dozenaka maila eta ezaugarri berezi gehiago gaineratu ahal dizkiogu jokoari: jokoaren webgunean zein foroetan aurkituko ditugu guztiok.

.

SONIC ROBO BLAST 2 KART

  • Garatzailea: Kart Krew
  • Generoa: Lasterketak
  • Argitaratze data: 2018-11-16
  • Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac
  • Webgunea

SRB2 aipatuta, halabeharrez sakondu behar genuen bertotik jaiotako beste titulu batean. Sonic Robo Blast 2 Kart buruan daukazuna da: Mario Kart bezalako arkade lasterketa jokoak oinarritzat hartuta SRB2 barruan egindako bideojokoa.

Zutabe berberak ditu, beraz: Doomen motor grafikoa hartuta eta antzeko spriteak erabilita dago osatuta. Modu berean, zale adituek proiektu honetan lan egiteko dituzten erraztasunak nabarmentzekoak dira: 100 bat zirkuitu biltzen ditu SRB2 Kartek; are gehiago izango ditugu eskura deskargatzeko daudenak kontuan hartzen baditugu.

Sonicen unibertsoko nahiz beste joko, manga eta telesailetako pertsonaiak ikusiko ditugu: Yakuza-ko Kiryu Kazuma-tik hasita, Persona desberdinetako protagonistak, Mario, Doomguy eta askoz gehiago biltzen ditu jokoak —tankeak, pokémonak eta beste edozein zorakeria ikusiko ditugu—. Ez hori bakarrik: jatorrizko spriteak bi dimentsiokoak badira ere, asko eta asko hiru dimentsioetan sortu dituzte zaleek.

Mario Karten estiloko lana izanik, objektuak nahiz zirkuitu zoroak barra-barra ikusiko ditugu. Gehienak Sonicen unibertsotik ateratakoak izango dira, baina, pertsonaiekin gertatu modura, toki guztietako elementuak ikusiko ditugu alor honetan: Daytona USA-ko zirkuitua, Mario Kart klasikoetako tokiak zein gune guztiz berriak bisitatuko ditugu.

Bakarka jokatzea posible den arren, SRB2 Kart multijokalarirako pentsatuta dago; are gehiago, ez dago bot-ik edo CPUak kontrolatutako lehiakiderik. Zerbitzari bidez funtzionatzen dute online partidek: hauek gehigarri bereziak erabili ohi dituzte —zirkuituak, modeloak, soinu efektuak, musika, etab.—, baina zerbitzarietara sartzerakoan automatikoki jaitsiko direnez, ez gara askorik arduratu beharko. Zerbitzari jokatuenetara sartzerakoan dozenaka eduki eskuratuko ditugu kolpean; beraz, jokatzekoak biderkatu egingo zaizkigu.

Lasterketekin batera batailetan parte hartzeko aukera ere badago. Bere kokaleku propioak ditu joko mota honek, gune klasikoak zein berriak aurkeztuta. Funtzionamendua pentsatuko duzun bezalakoa da: aurkarieri objektuekin jota irabaztea da helmuga.

Arkade jokoen zalea bazara, bai ala bai probatu behar duzu SRB2 Kart. Robo Blast 2 arruntarekin gertatu modura, kontrol eskema bitxiarekin topo egingo du; aipatutakoarekin bezala, ordea, hau menperatzerakoan sekulako harribitxiaren aurrean gaudela ikusiko dugu.

Fisikekin une zoroak biziko ditugu, eta hainbat akats baditu ere, xarma berezia eskaintzen diote lasterketa tituluari. Partida kaotikoak, baina dibertigarriak dira nagusi hemen.

Egia da jokalarien kopuruak behera egin duela azken urtean; hala eta guztiz ere, lehiakidez jositako zerbitzariek martxan jarraitzen dute gaur egun.

.

ANOTHER METROID 2 REMAKE

  • Garatzailea: Milton Guasti + komunitatea
  • Generoa: Abentura, plataformak, akzioa
  • Argitaratze data: 2016-08-06
  • Plataformak: Windows
  • Webgunea (Reddit komunitatea)

Metroid 2: Samus Returns-ek badauka remake ofiziala: 2017. urtean MercurySteam estudio espainiarrak Samus Returns kaleratu zuen Nintendo 3DS kontsolarako. Hala eta guztiz ere, pixkat lehenago zaleek prestatutako eraberritzea jaso genuen: Another Metroid 2 Remake.

Milton Guasti sortzaile argentinarrak abiarazitako proiektuak hamar urteko garapen prozesu luzea izan zuen; epe horretan hainbat garatzaile eta laguntzaile gehitu zitzaiozkion proiektura, baina hala ere oztopo handiak eduki zituzten AM2R prestatzeko orduan.

Game Boy-ko titulu originala goitik behera zaharberritzen duen obra dugu hau. Game Boy Advance-ko Metroid Fusion eta Zero Mission jokoen elementu grafikoak hartuta, eta, nola ez, sorkuntza propioak gaineratuta eratuta dago AM2R. SR388 planetara bidaiatuko du Samus Aran espazioko ehiztariak: bere helburu nagusia metroid izaki arriskutsu guztiak suntsitzea izango da.

Jatorrizko jokoan esplorazioa eta metroidvania elementuak oso mugatuta zeuden —ulertzekoa, GBrako lana izanik—; hori horrela, Guastik titulu modernoetako oinarriak erabili zituen remakea sortzerakoan. Esploratzeko mapa zabala, abilezia mordoa —asko, gainera, originalean ez zeudenak—, etsai nagusi ikusgarriak eta GBAko jokoen mekanikak hobetzen zituzten ezaugarriak eratu zituzten metroidzale hauek. Adibidez, bonbak erabilita dorreak egiteko ahalmena, edo zuzenean morphball modura igarotzeko aukera. Azken hau Metroid Dread-en ikusi dugu, baina zaleen eskutik iritsi zitzaigun aurretik.

Egia esan, Samusen edozein zalek derrigorrez jokatu beharreko titulua da AM2R: jatorrizko jokoa zein Samus Returns remakea gainditzen dituen lana da. Joko originalaren mugak gaindituta, Nintendoren lan ofizialen parera iristea lortu duen zaleen proiektua dugu. Ez da makala, beraz.

Zoritxarrez, jokoa aurkitzea zaila izan daiteke: Nintendokoek, ohi bezala, deskargatzeko esteka guztiak ezabatzeko agindu zion Guastiri. Komunitateak ez zuen etsi, baina: Guastik garapena eta deskargak utzi arren, ordutik hona zaleek egindako hainbat eguneraketa jaso ditu argentinarraren bideojokoak.

AM2R bilatzeko modurik aproposena, beste batez, Redditera jotzea da: bertan dagoen komunitateak azken eguneraketak eskaintzen ditu hemen, baita bertsio originala aurkitzen lagundu ere.

.

CLONE HERO

  • Garatzailea: Srylain + komunitatea
  • Generoa: Musika
  • Argitaratze data: 2012-XX-XX
  • Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac
  • Webgunea

Guitar Hero-n orduak eta orduak eman dituzu? Ba ezin dezakezu Clone Hero galdu: izenak dioen bezala, Activision-ekoen saga ezagunaren klona dugu. GuitaRPG izenarekin jaioa, eta ondoren GuitarGame bezala ezagututakoa, itxuraz Activisionen lanen oso antzekoa edo ia berdina den zerbait ikusiko dugu, beraz: gitarra zein bateria hartuta nahi beste musika jotzen ibiliko gara zaleek sortutako erritmo joko honetan.

Bere garaian Frets on Fire ezagutzeko aukera izan bazenute, Clone Herok oinarri berberak ditu. Komunitateak prestatutako abestiak jaitsi eta sartu beharko ditugu jokoan: talde desberdinen ehundaka abesti daude jada, beraz alde horretatik ez dugu arazo handirik izango. Guitar Heroko kanta mitikoak jotzea bilatzen badugu, horiek ere aurkituko ditugu, noski.

Instrumentuak behar dira jokatzeko? Bai eta ez. Musika jotzeko modu desberdinak eskaintzen dizkigu jokoak: teklatua gitarra modura hartuta F1etik F5era bitarteko teklekin jo dezakegu; Guitar Hero eta antzeko jokoetako instrumentu-aginteak konektatzeko aukera ere badago; ez hori bakarrik, benetako instrumentuak ere erabil daitezke —hauek konektatzea horren erraza ez bada ere—.

Zailtasun mota desberdinak zein erronka mordoa, online partidak, jokoaren itxura nahi bezala aldatzeko aukerak eta beste dozenaka ezaugarri biltzen ditu bideojokoak. Proiektuaren webgune ofizialera sartuz gero, hilda dagoela pentsatuko duzue —hemen aurkituko dugun azken bertsioa 2019koa da—; hala ere, Clone Heroren Discord zerbitzarian ehundaka partaide daude edukiak gehitzen: kantak, bertsio berriak eta gehiago aurkituko dituzue bertan. Laster, gainera, 1.0 bertsioa kaleratzeko asmoa daukate.

.

MEGA MAN MAKER

  • Garatzailea: Wrecking Programs
  • Generoa: Plataformak, akzioa
  • Argitaratze data: 2017-07-15
  • Plataformak: Windows
  • Webgunea

Gure blogean hainbatetan nabarmendu dugun proiektuarekin jarraituko dugu. Capcom-ekoek azkenaldian Mega Man heroiaren joko klasikoen bildumak kaleratu dituzte, baina hala ere Wrecking Programs taldea osatzen duten zaleek aurrea hartu diete mailak nahi bezala sortzeko eta partekatzeko aukera eskaintzen duen Mega Man Makerrekin.

Izenak dioen modura, Nintendoren Super Mario Maker hartu dute oinarritzat heroi urdinaren jarraitzaileek. Mega Manen joko desberdientako protagonistak, girotzeak, etsaiak, abestiak eta mekanika bereziak hartu, horiek nahi bezala antolatu eta maila sinple nahiz konplexuak sor ditzakegu joko honekin.

Modu horretara, joko klasikoak berreginda daude, baina baita erronka guztiz berriak ere. Wily Challenge modalitatean, adibidez, gainditu beharreko hainbat maila jarriko dizkigute, joko oso baten tankera hartuta. Estilo honetako partida bat hasterakoan jokatuko ditugun mailen zailtasun orokorra, iraupena eta beste zenbait ezaugarri aldatu ahalko ditugu. Egindako lana izugarria da.

Komunitateko kideek mailak igotzeko eta publiko egiteko aukera dutenez, hauek bilatzea eta jokatzea benetan erraza da. Gainera, iragazkiak eta balorazioak ikusiko ditugu: modu horretara, benetan merezi duten sorkuntzak aurkitu ahal dira azkar batean. Proiektu zoragarria da, bai Capcomen jarraitzaileentzat, bai edozein jokalarirentzat. Sekulako gorazarrea da enpresa japoniarrak erdi ahaztuta duen —Battle Network-en bilduma iragarri zuten orain egun batzuk, bai— maskota honentzat.

Webgunean mugimendu gutxi ikusi daitekeen arren, Clone Herorekin gertatu modura, Discordeko komunitateak osasun apartaz gozatzen du. Gainera, arduradunek laster 1.8 bertsio berria kaleratuko dutela baieztatu zuten orain egun batzuk; hortaz, aipatutakoak baino are eduki gehiago jasoko ditugu laster.

.

STREETS OF RAGE REMAKE

  • Garatzailea: Bombergames (bertsio originala)
  • Generoa: Beat ‘em up
  • Argitaratze data: 2011-04-XX
  • Plataformak: Windows
  • Webgunea

Beat ‘em up-ak dira nostalgikoen artean oso maitatuak diren beste joko motetako bat. Horien artean, ezagunenak Segaren Streets of Rage abenturak izango dira, kontsolen munduan behintzat. Orain urte batzuk laugarren atala jaso genuen —analisia eskaini genion GEn—, baina aurretik hamarkadak igaro ziren Axel, Blaze, Adam eta beste borrokalarien berririk eduki gabe. Hori zuzentzeko asmoz, zaleek Streets of Rage Remake prestatzen hasi ziren.

Joko bakarrean fokuratu gabe, SoR klasiko guztiak berregin, hobetu eta handitu dituzte proiektuarekin. Lan erraldoia da, dozenaka elementu eta ezaugarri batzen baititu: joko guztiak bakar batean batu dituztela esan daiteke. 103 kokaleku ditu guztira: hauek konektatuta daude, eta abenturan zehar erabakiak hartzen joango gara. Are gehiago: kanpaina propioak ere inplementa daitezke jokoan.

16:9 pantailentzako euskarria, efektu eraberrituak, bereizmen areagotua, abesti zaharrak eta berriak, modalitate desberdinak, hobetutako adimen artifiziala, animazioak, —lagunen aurka borrokatzeko bataila joko mota, minijokoak eta gehiago daude— zein desblokatzeko ezaugarriak ditu SoR Remake honek. Frankiziari prestatutako omenaldi ezin hobea da, dena zaleak egindakoa, gainera.

Aipatutakoa baino askoz gehiago da, ordea: mailen editore propioa dauka, SoR Maker izenekoa. Horrela, jokalariek nahi bezalako erronkak eta guneak sor ditzakete. Ikaragarria.

Nola ez, Segakoei ez zitzaien askorik gustatu. Hori dela eta, proiektuaren web orri ofiziala itxi egin zuten; beste askotan gertatu modura, zaleek euren kontura jarraitu dute lanean, eguneraketak beste hainbat bidetatik zabalduta.

.

SUPER MARIO UNIMAKER (2D UNIVERSE STUDIO)

Artikuluan mailen editoreak aipatu ditugu zenbaitetan; zehazki, Super Mario Makerren oinarritutako jokoak aurkeztu dizkizuegu. Tira, ezinbestean Nintendoren iturginarekin egindako zerbait egon behar zen komunitateak sortutako tituluen artean. Bakar bat izan beharrean, hainbat dira Marioren unibertsoa hartuta zaleek garatu dituzten proiektuak, eta horietatik asko sekulakoak dira: Super Mario Bros XSuper Mario FlashbackPsycho WaluigiSuper Mario Bros Dimensions eta beste zenbait hautagai izan ditugu artikulurako.

Hala ere, bakar batekin geratzea erabaki dugu: Super Mario Unimaker. Proiektua 2019. urtean abiatu zuen NinStar garatzaileak. Helburua, Super Mario Maker oinarritzat hartuta komunitatearentzako bideojokoa sortzea zen. Horrela, Nintendoren joko ofizialaren interfazearekin antzekotasun handiak dituen editorea aurkituko dugu Unimakerren.

Proiektuak iaz izenez aldatu zen, eta orain Super Mario 2D Universe Studio deitzen da. Dena den, oraindik joka daitekeen bertsio bakarra Unimakerrena da. Garatzaileak hobekuntza mordoa prestatu ditu 2D Universen, hori bai: horiek guztien berri ematen du bere Youtube kanalean zein Discord zerbitzarian.

Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (II): komunitatea saga ezagunak hobetzen

Eskura daitekeen 2019ko bertsioak, baina, ehundaka aukera eskaintzen ditu dagoeneko: girotzeak, animazioak, etsaiak, musika… power-up eta botere sorta zabala ikusiko dugu, erreferentzia zaharrak eta guzti bilduta. Adibidez, Super Mario Land-eko Superball lorea aurki dezakegu. Mailak sortzeko prestatutako editorea itxurosoa eta erabilerraza dela ere azpimarratzekoa da, eta laster batean ariko gara gure erronkak sortzen.

Laburbilduz, Marioren joko propioak egitea ahalbidetzen du NinStarrek. Are interesgarriagoa da, ordea, komunitateak tresna hau erabilita sortutakoak probatzea: UniMakerretik abiatzea besterik ez dugu egin behar jokatzeko. Mega Manekin gertatu antzera, joko originalak berreginda ikusiko ditugu, baina baita sorkuntza berriak ere. Mailak sortzera animatuz gero, gida sakona prestatu du proiektuaren arduradunak.

Bertsio zaharra zein 2000 bat maila deskargatzeko, garatzailearen Itch.io orrialdera jo baino ez dugu egin behar. Egia esan, proiektuaren Discord zerbitzarian are sorkuntza gehiago ikusiko ditugu: gaur egun ere maila berriak igotzen jarraitzen dute zaleek.

.

MUGEN

  • Garatzailea: Elecbyte + komunitatea
  • Generoa: Borroka
  • Argitaratze data: 1999-07-27
  • Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac
  • Webgunea (Reddit komunitatea)

Ezin genuen artikulu hau MUGENi —infinitua, japonieraz— buruz hitz egin gabe bukatu. Borroka jokoen fantasiaren lehen bertsioa Elecbyte garatzaileak prestatu zuen 1999. urtean. Ordutik hona ehundaka zalek hartu dute bere oinarria nahi bezalako borroka tituluak eratzeko.

Son Goku Luffyren, Narutoren, Jotaroren edo Gutsen aurka borrokan ikusi nahi duzula? Eginda. Pokémonen oinarritutako sprite bidezko jokoa? Arazorik gabe. Street Fighter-eko borrokalariak Tekken edo King of Fighters sagetakoen kontra jarri? Zergatik ez. Aipatutako guztiak joko bakar batean elkartu? Bai, noski.

Kode irekiko proiektua izanik, edonork nahi duena egiteko aukera dauka. Sprite originalak zein bideojoko komertzialetakoak erabilita, era guztietako nahasteak ikusi izan ditugu azken bi hamarkada hauetan. Argi dago oreka ezin dela bermatu dena biltzen duten MUGEN titulu horietan: mugimendu sortak zein eraso bereziek ez dute zerikusirik izaten joko batetik bestera, eta hortaz sekulako zorakeriak ikusi ohi dira.

Hala eta guztiz ere, ondo planifikatutako proiektuak ere badira; hauek neurrizko jokoetan aurkitzea da normalena. Borroka jokoen zalea bazara, behin probatu behar duzun lana da MUGEN. Gaur egun komunitateak indar betean jarraitzen du, joko zein pertsonaia berriak prestatzen: hauek aurkitzeko modurik errazena MUGEN Archive webgunean bilatzea da.

.

Zerua da muga bakarra

Zerrenda honetan aipatutako bideojoko guztiek sekulako maila erakusten dute. Eduki urriak eskaintzen dituzten birmasterizazioak behin eta berriro jasotzen ditugun garai honetan, txalotzekoa da bideojokozaleek euren pertsonai eta mundu maitatuak babesteko, mantentzeko eta hobetzeko egiten duten lana.

Garatzaileek komunitatearekin abiatzen dituzten elkarlanak ere nabarmentzekoak dira; errepasatutako joko askok oinarri apartak dituzte, baina gaur egun bildutako edukiak eta dibertsioa mailak, musika, arteak eta bestelakoak sortzen aritu diren jokozaleei esker eratu dira.

Auzolana. Hori da hitz gakoa. Hau gabe ezingo genuke aipatutako lanez gozatu. Mota honetako proiekturen batean parte hartu al duzue inoiz? Kanpoan utzitako jokoren bat nabarmendu nahi duzue? Bota zuon iritziak iruzkinetan edo gure Telegram taldean, ezagutu nahi ditugu-eta!

Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak Bideojokozaleak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.