Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna

Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna –

Marta Macho Stadler eta Uxune Martinezek, Zientzia Kaieran.

Emakumeen Nazioarteko Eguna bereziki errebindikazioz jantzia datorkigu aurten. “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” da 2018ko martxorako Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundea, proposatutako leloa. Baina berdintasuna ikasteko irakatsi ere egin behar da. Irakatsi eta ikasi bide ditugula, proposamen txiki bat daukagu gaurko.

Sasoi guztietako bederatzi emakume zientzialari aurkezten dizkizuegu jarraian eta hauek nortzuk diren ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Bederatzi EMAKUMEAK eredu izan daitezke, zientziara murgiltzea nahi duten neskato eta nerabeentzat ereduak.

Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna
Eredu diren EMAKUMEAK. Ba al dakizu nortzuk diren?

Irudian dauden zientzialarien abizenen lehen letrekin jolastuz EMAKUMEAK hitza osa daiteke. Animatu zaitez eta osa esazu hitza. Horretarako, alde batetik, zientzialarien argazkiekin (desordenatuak) osatutako mosaikoa, zientzialarien abizenaren lehen iniziala eta haien lanari buruzko datu lagungarri batzuk emango dizkizugu. Hauez gain, Mujeres con Ciencia edo Zientzia Kaiera blogak erabili ditzakezu iturri gisa nortzuk diren aurkitzeko.

Has gaitezen lanean:

E

Esnearen eta gaztaren bakteriologia ikertu ondoren, Bacillus abortus bakterioak ganaduan eta gizakietan bruzelosiaren eragiten zuela frogatu zuen. Haren ikerketek esnearen pasteurizazioa bideratu zuten 1930. urtean eta bruzelosiaren eragina jaistea lortu zuten.

M

Teichmüllerren espazioak, geometria hiperbolikoa, teoria ergodikoa eta geometria sinplektikoa izan ziren haren ikerlerroak. Nazioarteko matematika komunitateak aitortzen duen saririk ospetsuena, Fields domina, eskuratu zuen lehen emakumea izan zen.

A

Anestesiologian eta teratologia arloetan mundu mailako aditua izan zen. Egun ezaguna den neonatologia alorra sortu zuen. Jaioberrien osasuna aztertzen duen test famatu baten sortzailea da. Azterketa honi esker haurren heriotza-tasa nabarmenki gutxitzea lortu da mundu osoan.

K

1965. urtean lehen kristal likidozko polimeroaren sintesia lortu zuen. Horri esker, kimikari honek erresistentzia handiko urre koloreko zuntza asmatu zuen. Material hau automobiletako pneumatikoak, bela nautikoak eta balen aurkako barnekoak fabrikatzeko erabili izan da.

U

Sismologo honen lana arrisku sismikoen mende dauden herrialde aktiboei begira dago eta uhin-sismikoen indargabetzean oinarritzen da.

M

Fisika nuklearra eta erradioaktibitatearen arloan egin zuen lan. Fisio nuklearra aurkitu zuen ikerketa taldean lanean aritu zen 30 urtez. Baina 1944. urtean Kimikako Nobel saria jaso zuen haren lankide izan zen gizonezko kimikariak, elkarrekin lortu zuten lanagatik. Nobel sarien batzordeak ezta lankideak ez zuten aipatu ere egin emakume honen izena sari banaketan.

E

Deribatu partzialen ekuazioak, bariazioen kalkulurako metodoak, fisika matematikoa eta kimika kuantikoko aplikazioak lantzen dituen matematikaria da. 2016ko martxoan Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatuko zuen.

A

Besteak beste, Jurasiko garaiko iktiosaurioaren hezurdura topatu eta identifikatu zuen paleontologoa dugu bera. Plesiosauroaren lehen bi eskeletoak eta Alemaniatik kanpo aurkitzen zen pterosaurioaren lehen hezurdura aurkitu zituen. Horrez gain, garrantzi handiko arrain fosilak ere aurkitu zituen.

K

Estatu Batuetan informatikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen. BASIC programazio lengoaia garatzen lagundu zuen eta ASCUE elkartearen (hezkuntzan ordenagailuen erabilera bultzatzeko elkartea) sortzaileetako bat izan zen.

Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna
Emakundek 2018an gauzatu duen “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” kanpainaren irudia.

Borroka eta aldarrikapena martxoaren 8rako!

Berdintasuna ikasi egiten da Berdintasuna ikasi egiten da Berdintasuna ikasi egiten da Berdintasuna ikasi egiten da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.