“Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza?

“Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza? –

“Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza?Orduak eman artikulu bat idazten, irudi politak bilatzen, testuak orrazten, baliabideak ikertzen… argitaratu eta… inork ez du partekatzen. Hainbeste arretaz sortutakoa pikutara joan dela uste duzu; hobe zenuela denbora beste lan errentagarriago batean inbertitu izan bazenu.

Horrela sentitu gara denok noizbait, ziur nago. Buruari bueltaka: gaia egokia zen, edukia interesgarria, ondo idatzita; zergatik inork ez dio jaramonik egin? birtxio edo atsegin dut bat ere ez!

Lasai, horrelakoak gertatzen dira. Hobeto ulertzen da datuei erreparatuta: batez besteko arreta denbora 8 segundokoa da; %65ak ez du testua irakurtzen esteka bat sakatzen duenean. Zer egin?

Partekatzen ez den edukia ikusten ez den publizitatea bezalakoa da. Denbora, dirua, energia eta baliabideak inbertitzen dira. Nola lortu edukia ikustaraztea, klik madarikatua egiteko arreta deitzea eta trafiko baliagarria erakartzea?

Hasteko, ez dago formula magikorik. Baina oinarri batzuk finkatuta, agian emaitzak hobeak izango dira. Hemen hamar bat:

.

1.Neurtzeko adierazle sistema bat sortu

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Beraz, zer lortzen dugun eta zer lortu nahi dugun zehaztu beha da. Honetarako egokia da adierazle batzuk definitzea. Adierazle horiek eskainitako datuen arabera gure edukiek sortzen duten interesa jakin genezake eta erabakiak hartu.

Apurka-apurka, edukiak interesetara doituko ditugu eta horrela emaitzak ere hoberantz aldatuko dira.

.

2. Izenburuak badauka indarrik?

Arreta piztea esan dugu. Izenburua da lehenengo irakurtzen duguna eta sare sozialetan zabaltzeko esaldia. Beraz, izenburuak indarra badauka aukera handiagoak izango ditugu hartzaileak klik egitea lortzeko eta partekatzeko.

Izenburu erakargarriak sortzeko badaude trikimailuak: zerrendak egin (10 gomendio, 5 onenak, …); edukia definitzen duen izenburua sortu; zure hartzailean pentsatu eta zer behar duen galdetu zure buruari eta horri erantzun; galderak bota.

.

3. Artikuluaren testuaren formatua: hobeto esaldi laburrak

Erabiltzaileak zure artikuluaren izenburuan klik egitea lortu baduzu (ederto!) eta edukia zabaltzen denean paragrafo luze eta amaigabekoaz osatuta badago, bistara gogorra, atsedenik gabe… akabo!

Begiratu batean eta bistara atsegina izatea lortu behar da. Hobeto paragrafo eta esaldi laburrak. Puntuazio-markak horretarako daude… erabili!

.

4. Arlo horretako adituak aipatu

Edukian lantzen duzun gaiaren alorreko aditu, ikertzaile, pertsonaiak… aipatuz, gaian sakondu duzula eta eguneratua zaudela erakutsiko duzu. Hasieran zaila bada ere, horrelako edukiak jaso ditzakezu: besteen iritziak, beste batzuek idatzitako edukien bilduma…

.

5. Irudien boterea

Edukiak arreta piztu behar duela esan dut eta horretarako irudiek aukera handiak eskaintzen dizkigute. Arreta lortzeko denbora oso mugatua da eta irudi bat testua baino askoz erakargarriagoa da eta zuzenago heltzen zaio hartzaileari.

Telefono adimentsuaren garaian, hitz egiteko baino gehiago, edukiak kontsumitzeko erabiltzen dugula, irudiek erabiltzaileen interesa pizteko tresna izan daitezke.

Beraz, etekina atera irudiei, formatu eta modu ezberdinetan: irudi erakargarriak erabiliz; irudiei testua gehituz; edukiaren atal bat irudien bitartez adieraziz, infografiak eginez, adibidez; memeak erabiliz…

.

6. Edukia erakargarria al da?

Agian zuretzako oso interesgarria da, baina hartzaileari ez zaio horrela iruditzen. Gaia aukeratzerakoan, hartzailearen lekuan jarri eta pentsatu berarentzat egoki, erakargarri eta erabilgarriak izan daitezkeen gaiak zeintzuk izan daitezkeen.

Eta gaiekin batera, eduki horiek aurkezteko mota ezberdinetan pentsatu baita ere: infografiak, aurkezpenak, txantiloiak, gidak, eskuliburuak… Edukia irenstea baino, gogotsu hartzeko aukera eskaini.

.

7. Argitalpenak egiteko unea aukeratu

Zure edukia partekatzeko unerik egokiena, hartzaile gehien sarean dabiltzanean izango da, noski. Nola jakin noiz den hori? Sare ezberdinen estatistikak ikertuz eta aztertuz.

Aztertu eta kontuan izan argitaratzeko unean.

.

8. Ekin eta zenbaitetan argitaratu

Hartzaileak “harrapatzeko” tartea ez duzu lehenengotan eta behin bakarrik asmatuko. Ohikoa da, ez larritu. Baina denbora luzez landu duzuna behin baino bakarrik partekatzen baduzu ez duzu inpakturik lortuko.

Zer egin? Edukia egunean zehar ordu ezberdinetan hedatu eta egun ezberdinetan. Baina kontuz: honek ez du esan nahi matraka ematen ibili behar zarela behin eta berriro. Kontrol batekin egin behar duzu, bestela, erabiltzaileak aspertuko dituzu eta alderantzizko efektua lortuko duzu.

.

9. Zure edukia partekatzeko baliabiderik eskaintzen duzu?   

Zure bloga edo webguneak edukiak partekatzeko aukerarik eskaintzen du? Hau bada baliabide erraza eta partekatzeko ekintza ahalbidetu eta errazten duena. Egun badaude hainbat plugin eta baliabide edukian bertan sare sozialetako ikonoak agertzen dituztenak. Hartzaileak ikono hauek sakatuta, edukia beste plataforma horietan partekatzeko aukera izango du, klik azkar batez; ez du zertan esteka kopiatu beharrik izango. Beraz, bidea erraztuko diozu eta partekatzeko ideia eskaintzen diogu honen bidez.

.

10. Eta badaude beste motatako baliabideak baita ere…

Edukiak partekatzeak ere denbora eta energia eskatzen du: sare sozial ezberdinetan zabaltzea, mezuak sortzea horietako bakoitzerako…

.

Zorionez, horretan laguntzeko badaude hainbat baliabide eta tresna, mota askotarikoak: edukiak aldi berean sare sozial ezberdinetan argitaratzeko, argitalpenak programatzeko… Gehienak, gainera, lehenengo puntuan adierazitako neurketak egin ahal izateko datu zehatzak eskaintzen dituzte.

Egun, ia behar guztiak asetzen dituzten baliabide eta pluginak daude. Bukatzeko, kontuan hartzeko bat, arlo honetan gehiago sakontzeko: badaude baliabide batzuk edukia partekatzea eskatzen dutenak, beste eduki mota bereziago bat eskuratzeko aginduaz. Hau pluginen bidez bideratzen da: irakurleak eduki batean ekintza bat burutzen duenean, bigarren eduki osatuago hori jasoko luke. Adibidez, edukia sare sozial batean partekatzeagatik sari moduan aparteko eduki bereziago bat helaraziko dizkigute (eskuliburu bat, gida bat, txosten bat…).

Paradoxa badirudi ere, agian eduki osatuago eta mamitsuago bat jasotzeko aukera amua bilakatu daiteke.

Esan bezala, formula magikorik ez dago, baina ekintza batzuk martxan jarriz emaitza hobeak lor genezake.

“Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza?

“Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza? “Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza? “Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza? “Nire artikulua partekatu dezatela, arren”. Horrela zabiltza?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.