Zaindu zure arrautzak, maitea

arrautzak

Nahi baino gehiagotan gertatzen da konfiantza ematen diguten lekuetan erosten ditugula arrautzak: harakinarenean, barazkiak saltzen dizkigunaren dendan, okindegian… “Baserrikoak dira”, esaten digute, edota txartel bat dute aurrean: “Arrautza fresko-freskoak”. Supermerkatuan baino apurtxo bat gehiago ordaintzen ditugu, baina pozik joaten gara etxera, arrautza kontuak ez baitira txantxetarakoak: jaten duzun horixe zara.

Daniel Novta - arrautzakOhar bat, hala ere. Apustu egiten dizugu, hamar alditatik ia guztietan, zurearrautzak ez direla munduko onenak eta iruzurra egiten dizula konfiantzako dendari duzun horrexek. Guri, behintzat, probatu dugun leku guztietan gertatu zaigu, mugaren bi aldeetan, gainera, Donibane Lohitzunen eta Irunen.

Prezioa halakoxea zutenez, arrautza bikainenak erosten genituela uste genuen, baina etxera iritsi, oskoleko etiketari begiratu eta 3 dioen zifra ikusi dugu numerazio konplexu baten aitzinean. Zer esan nahi du honek?

3 zenbakia arrautzan idatzita ikusteak esan nahi du, arrautzarik merkeena erosi duzula. Arrautza hori jarri duen oiloa, estu-estu bizi dela kaiola batean, eguneko argirik ikusi gabe hilko dela eta jan ere, batek daki zer jango duen.

Europar Batasunean, lau maila daude arrautzentzat eta derrigorrezkoa dute arrautza guztiek kode bat eroatea oskolean. Hortik hasi: koderik ez badute eta ez badira zeure izebaren oiloenak, ez erosi koderik gabeko arrautza horiek.

LAU MAILAK

  • 0 zenbakiak esan nahi du zifra hori daraman arrautza biologikoa dela. Alegia, oiloak aske ibiltzeaz gain, elikadura ere zaindua dutela. Zenbateraino zaindua? Hori beste kontu bat da, arrautza biologikoek euren arteko mailaketa ere bai baitute, baina oro har, %80 gutxienez elikadura ekologikoz hazita daude oilo horiek eta debekatuta dituzte antibiotiko eta bestelako botikak.
  • 1 zenbakiak esan nahi du, arrautza horiek jarri dituzten oiloak aske dabiltzala, aterpean daudela baina kanpora ere ateratzen ahal direla, 9 oilo metro koadroko dentsitatean.
  • 2 zenbakiak esan nahi du oiloak ez duela egunargirik ikusten, etxe itxi batean hazten baitute, baina zoru gainean ibiltzen da, behintzat.
  • 3 zenbakiak esan nahi du arrautza hori jarri duen oiloa kaiola estuan bizi dela, handik atera gabe, argi artifizialez egun guztian eta metro erdi koadroan, 9 oilo sartzen dituztela. Arrautza mota hauxe aurkituko duzu sarrien, baita zeure dendari maitearen etxean ere.


NOLA IRAKURRI ETIKETA?

arrautzakOso maiz ikusiko duzu arrautza kaxak kanpotik publizitate bikaina daramala: “Aire librean hazitako oiloen arrautzak”, “Arrautza kanperoak”, “Arrautza freskoak”, “Omega 3 dutenak”…

Baina kontu bat da iragartzen dena eta bestea arrautzaren kalitate benetakoa. Hau, oskolean idatzitako etiketak baizik ez dizu argituko.

Esaterako, oskolean 3ES48220010 etiketa duen arrautzak erosi baditugu, honela egin beharko dugu irakurketa:

3ES48220010

  • 3 zenbakiak badakizu zer esan nahi duen, honez gero. 0, 1edo 2 zifren esanahia ere esan dizut gorago.
  • ES horrek esan nahi du Espainian ekoitzitako arrautzak direla. FR balitz, Frantzian.
  • 48 zenbakiak erakusten du zein lurraldetako arrautzak diren posta kodearenarabera (Kasu honetan, Bizkaia 48)
  • 220 zifrak erakusten du zein herritakoak diren (Kasu honetan, Abadiñokoak)
  • 010 zifrak, ostera, erakusten du Abadiñoko 10. arrautzategikoak direla arrautzok.

Zeuk erabaki zein arrautza erosi, baina behintzat ez zaitzatela engaina. Arrautza kontuak beti izan baitira garrantzi handikoak.

(PD: PAPEREKO ZUZEU hartarako idatzi nuen artikulu hau, baina ez da gaizki etortzen informazioa freskatzea, batez ere arrautzena bezalako gauza oinarrizkoetan).

Zaindu zure arrautzak, maitea

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura

4 pentsamendu “Zaindu zure arrautzak, maitea”-ri buruz

  • Zuk esandakoaren kontra, baserriko arrautzak dira konfiantzarik handiena ematen didatenak, eta kontutan izan behar dugu zenbaki saltsa hori ustialeku handienentzat dela, alegia, kode hori lortzeko protokoloak 20 edo 30 oilo dituen baserriak ezin dituztela bete. Beraz baserriak gustoko badituzu. eta euskalherriko paisaia den bezala maite baduzu, erosi zenbaki saltsa hori gabeko arrautzak. Askoz hobeto ibiliko gara denok. Arrautzak dituena eta arrautzak nahi dituena.

  • XolomoSapiens 2015-09-15 11:44

    Arrazoi duzu, Joxi: aukeran baserriko oiloen horiek dira onenak eta neuk ere horrelakoak erosten ditut ia beti. Agian esan nahi nuena ez dut behar bezain argi esan: konfidantzako leku askotan, baserriko arrautzak balira bezala saltzen dituzte baserrikoak ez direnak. Ikasgaia ikasi baino lehen, niri sarritan gertatzen zitzaidan, baserrikoak zirelakoaN arrautzak erosi eta etxean konturatu kode bat zutela margotuta oskolean. Eta, gainera, 3 zifrarekin hasten zela, alegia, txarretan txarrenak. Artikulu hau ez da, beraz, baserriko arrautzen kontrakoa, aitzitik, salatu nahi dena da baserriko arrautzatzat saltzen direla halako ez direnak, eta granja txarrenetan ekoitzitakoak, gainera. Eta, bide batez, ohartarazi kode horrek zer esan nahi duen.

  • Eta nola jakin koderik ez duten arrautzen oiloak nola zaintzen dituzten? “Konfiantzazko” saltzaileari sinistu besterik ez daukagu…

  • […] Xolomo Sapiens – zuzeu.eus/arrautzak […]