Appleren harropuzkeria jolasak

Apple dendaApplek %10eko deskontua egiten die Microsofteko langileei Apple markako edozein produktutan. Arrazoiak ez daude argi, baina guztiak Appleren harropuzkerietako bat dirudi.

Applek Microsofteko langileak bere langileak bezala saritzea erabaki du; horrela, informatika sektoreko bi enpresa nagusiek abantaila berak izango dituzte Apple produktuetan. Microsoftekoek langile txartela erakustea besterik ez dute behar izango konpetentziaren produktuen deskontuaz gozatzeko. “Applen beste enpresetako langileek gure produktuak ezagut ditzaten nahi dugu. Asko guregana jotzen dute gure produktuak beraien enpresak saltzen dituenak baino hobeak direlako”, adierazi du murrikaz Estatu Batuetako Apple denda bateko langile batek.

Dena dela, ez da Applek bere handikeria erakusten duen lehen eta azkeneko aldia. Iphone 4 telefonoaren spotak argi uzten digu gure telefono mugikorra iPhone bat  izan ezean, kaka baino gehiago ez daramagula sakelan, eta edukitzea merezi duten telefono mugikor bakarrak Apple markakoak bakarrik direla.

Estrategia horren bidez -beste hainbat faktore tartean direla-, pixkanaka, sagartxoaren enpresak gizartea konkistatu du eta milaka dira Apple produktuak gurtzen dituzten kontsumitzaileak. Duela gutxi BBCko dokumental batek azaltzen zuenez, Apple  markak garunean erlijioak sortzen duen estimulu bera sorrarazten du. Tira, ez da harritzekoa, ez da ala?

wscriptaccess=”always” allowfullscreen=”true”>

12 pentsamendu “Appleren harropuzkeria jolasak”-ri buruz

  • Gotzon Aranburu 2011-06-22 12:16

    Beno, beno, ez da horrela jartzekoa. Apple benetan marka ona da, ordenagailuetan onena nire ustez, eta pozik egon beharko lukete Microsofteko langileek horrelako eskaintza izateagatik. Erlijioan sortzen duen estimulu berbera? Zenbat txorrada esaten diren. Duela hamar urte lau katu ginen Mac zaleak; orduan ez al zegon erlijio estimulurik? Nire uste apalean, Apple arrakastaren arrazoia kalitatea eta diseinua dira, beste ezeren gainetik. Esaterako, zer dira birusak? Nire mac-ak ez daki.

  • Duela hamar urte applezaleak hamar zinetela diozu; galdera da, nola iritsi da gaur egungo mailara? Marketina, marketina eta marketina. Horra hor giltza. Appleren kalitatea bost axola dion jende mordoa ezagutzen dut. Apple “cool” delako kontsumitzen dituzte produktuak, goitik behera applez jantzita doaz benetan elektronika eta informatikari buruz idearik izan gabe. Hare gehiago, iphonea baino mila aldiz hobeak diren telefonoak daude merkatuan, android asko, esaterako. Mac-ak oso ordenagailu onak direla egia da, hori ez dago ukatzerik eta arrazoi osoa ematen dizut, baina horren inguruan prestatu duten zirkoa… tira. Gehiegitxo, ezta? Hori jendearen burua jatea da, eta tamalez, jende askok du burua janda.

  • Gotzon Aranburu 2011-06-22 16:05

    Ez daukat iphonik, ez ipodik. Ordenagailuak bakarrik, eta lanerako: argazkiak tratatzeko eta bideoak editatzeko. Kategorian funtzionatzen dute, kristoren egurra ematen diedan arren. Inguruko batzuk windows daukate, eta ez nituzke aldatuko mozkortuta ere, urte luzez batzuren eta besteen gaitasunak konparatuta. Diseinua marketinaren barruan sartzen badezu, ados, asko egiten du. Ondo ibili.

  • Iñakito Garay 2011-06-22 21:50

    Noemi, nik bi sistemak erabiltzen ditut Mac eta Pc. Neuk aukeratu behar dudanean Mac eta besterik agintzen didatenean PC. Hamar aldiz gozoago eta azkarrago egiten dut lan Macekin. Segi nahi duzuna pentsatzen, baina nire Macak kentzen badizkidazu, zure balkoiko kaktusarenak egin du. Eta gainera etxea erreko dizut mendeku.
    (Eta nik bai, Gotzonek ez bezala, nik baditut iMac, iphone eta baita iPada ere. Gainera neuk nahi dudan guztia egiteko, ez bakarrik lan. Garesti? Zuk pelukerian eta ilea tindatzen gastatzen duzunarekin erosten ditut nik. Zer iruditzen? ;))

  • Iñakito, ni ez nago Macen aurka, Applek sortutako marka irudi indartsuaren jarraitzaile itsuen aurka baizik (bai, apple erlijiotzat hartu dituzten horien aurka). Maca erabiltzen baduzu ona dela pentsatzen duzulako eta horretarako argudioak badituzu, ondo (ni ere mac-en alde nago alde horretatik), horrela beharko luke gainera; BAINA, apple produktuak kontsumitzen badituzu moda hutsari jarraitzeagatik edo besterik gabe politak iruditzen zaizkizulako, orduan arazo txiki bat duzu (oro har ari naiz).
    Ez dut ilea tindatzen, nahi dudanean eros dezaket mac bat 😉

  • Gari Garaialde 2011-06-22 22:40

    Ba nik ere biak erabiltzen ditut. Behartzen nautenean edo kalera ateratzen naizenean Mac-a (portatila halakoa bitut) eta bestela azken urteetan inolako arazorik eman ez didan eta Mac-aren alboan %50 merkeagoa den EVEN bat, windows7 instalatuta daukana. Ez dut birus arazorik, memoria merke-merke izugarri handitu diot, tripak ikutu eta aldatu dizkiot, erosi nuen lehen ordenadoreak zuen teklatuarekin nabil, sudur puntan jartzen zaizkidan programak duzkat…
    Ez dut esango Mac okerragoa denik, ez eta hobeagoa ere (zuek zer zarete Nikonistak ala Canonistak?) baina Mac-ak ordenadoreaz gain, beste zerbait ere saltzen duela ukatzea, Leica M9ak daukan prezioa balio duela esatea bezelakoa da eta ez da egia.
    Baina nik Leica M9arengatik zuek guztiak salduko zintuztedan.

  • Gotzon Aranburu 2011-06-22 23:37

    Nik ere bai, Gari, nik ere bai. Mac-ak eta Canon guztiak, M9aren truke. Baina onartu beharra dago Leicaren kontua beste dimentsio batekoa dela, abdukzio hutsa. Ez da arrazionala.

  • Gari Garaialde 2011-06-22 23:42

    Eta Mac-arena ez? Segur?
    Zerk egiten du atxamarta bat on edo kaxkar?

  • Gotzon Aranburu 2011-06-23 08:41

    Ez gara sartuko hemen eztabaida tekniko batean, baina asko laburtuz zera esango dizut: Leica telemetrikoak argazki munduko tresnarik ederrenak dira estetikoki eta aldrebesenak (edo aldrebesenetakoak)erabiltzeko orduan, lana azkar egin behar den kasuetan, zuk nik baino hobeto dakizunez. Horregatik diok aukera irrazionala dela. Mac ordenagailuak diseinu oso erakargarria daukate eta erabilera ia perfektua, nire esperientzia pertsonalean bederen. Hara hor ezberdintasuna. Ni ez naiz Apple fanatikoa, baina, berriro diot, hamabost urtez erabili eta gero, ez nuke nire Mac-a PC onenarengatik aldatuko. Dena den, eta esan ohi den moduan, iritziak ipurdiak bezalakoak dira: bakoitzak berea dauka. Ondo ibili.

  • Gotzon Aranburu 2011-06-23 08:43

    Zuzenketa: “horregatik diot” esan nahi nuen.

  • Gari Garaialde 2011-06-23 08:44

    Ez egin kasurik atzo esandako guziari!
    Gaur goizean PCak sekulako sustoa eman dit, eta azkenean piztutzea lortu badut ere, leihotik botatzeko prest egon naiz. Hau Mac-ean idazten nabil.
    Hurrengorako ixilik egoten ikasiko dut!!!!!

  • Gotzon Aranburu 2011-06-23 09:15

    Jainkoak bidali dizun seinale bat izan da, dudarik gabe… kar, kar, kar!!