Anaia Handia, zure sakelan

George Orwellen 1984 eleberrian aipatzen den Anaia Handia existitu egiten da, eta geuk kontrolatzen dugu. Klik bakar batekin, geuk aukeratzen dugu gure bizitzako zein atal partekatzen dugun munduarekin, gure intimitateko zein zati biluztu eta oparitzen dugun. Sare sozialek eta horiei lotutako aplikazioek geure egunerokoaren xehetasunak publiko egiten laguntzen digute, gure pribatutasun magiko eta berezia zapuztuz.

Batzuek beren bizitzako une eta xehetasun guztiak munduari erakustea gogoko dute eta ez dute ezer ezkutatzen; “begira nazazue!” oihuka arituko balira bezala. Beste batzuk, ostera, kontu handiz gordetzen dute beren pribatutasuna  eta sare sozialetan ezer erakutsi edo partekatu nahi izanez gero, oinarri-oinarrizkoa besterik ez dute erakusten. Norberak kontrola dezake alde publikoan edo pribatuan egotea eta zein neurritan.

Anaia Handiari beren egunerokoa arakatzeko baimena ematen dietenek, aplikazio ugari dituzte eskura. Hona hemen ezagunenetako batzuk:

Foursquare

Mugikorretako ia plataforma guztietarako dago aplikazio hau eta geokokapenean oinarrituta dago. Toki batera iristen zarenean, marka bat jarri (check-in), garai bateko banderatxoen modura, eta puntuak irabazten dituzu, toki horretako alkate birtual bihurtu arte. Aplikazioa Facebook eta Twitterrekin konekta daiteke, sare sozialetan zure kokapena adierazteko.

Instagram

Jatorriz iPhonerako (eta duela gutxitik Androidentzako ere) sortutako argazkilaritza aplikazioa. Ateratako argazkiei filtro bereziak eransten dizkie vintage efektu ikusgarria emateko. Argazkiak aplikazioan ez ezik, Facebook eta Twitterren parteka ditzakezu ere, zure argazki albuma guztiei erakusteko. Argazki mota zabalduenetako bat: norbera jaten ari den janaria. Moda kontuak.

Spotify

Ordenagailutik zein mugikorretik streaming bidez musika entzuteko zerbitzu aski ezaguna. Disko eta artista katalogo zabala eskaintzen du, doan edo ordainduz (hainbat aukera). Horrez gain, Facebookekin konekta dezakezu eta zure Facebookeko horman entzuten ari zaren kanten zerrenda agertzen joango da.

Runtastic

Hau ere mugikorretako plataforma gehienetan dago eskuragarri. Kirola gustuko dutenentzat (oinez, korrika, bizikletan…) aplikazio aparta da, zure entrenamenduak neurtzen baititu: distantzia, erritmoa, ibilbidea, taupadak, maldak, erretako kaloriak, hobetzekoak… Informazio ugari. Baina informazio hori guztia zeuretzako gordetzeaz gain, mundu osoari erakutsi diezaiokezu, Twitter eta Facebook bidez, adibidez. Modu horretan zure kontaktu guztiek ikusi ahal izango dute zure super entrenamendua.

GoodReads

Irakurketa zaleen sare soziala. Bertan, zure on line liburutegia osa dezakezu irakurritako liburuekin eta irakurri nahi dituzunekin, iritziak partekatu, eztabaidak sortu, gomendioak egin eta abar. Horrez gain, zure lagunak zer irakurtzen ari diren jakin dezakezu edota zure zerrenden eguneraketak Twitter edo Facebooken partekatu: zein liburu irakurtzen hasi berri zaren, zein irakurri duzun edota zein liburuko zenbatgarren orrian zoazen. Zure irakurketetako xehetasunak, sare sozialetan.

Miso

Telebista zaleen sare soziala. Ikusten ari zaren telebista saioa marka dezakezu (check-in) Foursquaren antzera, edota saio bera ikusten ari diren lagunekin konektatu. Gainera, ikusten ari zaren edukiei buruzko informazioa, datu interesgarriak, aipu dibertigarriak eta abar eskura ditzakezu mugikorrean. Eta ikusten ari zarena Twitterren parteka dezakezu.

aplikazioak, Internet, sare-sozialak, Smartphoneak

UDAZKEN KOLOREAK

2 pentsamendu “Anaia Handia, zure sakelan”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude