Amazon eta “alboko pasealekua”

Amazon eta “alboko pasealekua” –

Egoitz Lizasok sarean.eus atarian.

Amazonek produktu edo zerbitzu/plataforma berri bat jarriko du abian hilabete honetan, pasieran goazela gure gailuak konektatuta mantentzeko aukera emango  duen sare berria. Itzulpen kaskarra egin dut izenburuan, bai, izan ere jatorrizko izena Amazon Sidewalk baita. Baina zer da Amazonek eskaintzen duena eta zergatik sortu du nolabaiteko kezka ekimen honek? 

Beraren berri lehen aldiz 2019ko irailean izan genuen. Finean, gauzak elkar konektatzeko sare propio bat aurkeztu zuen konpainiak. Sare honek 900MHz-tako espektroa erabiliko luke eta kontsumo baxuko bluetooth seinaleez baliatuko litzateke, frekuentzia hau libre baitago lizentziarik beharrik gabe. Adibide modura zakurrak uneoro non diren kokatuta jakiteko lepoko bat ere aurkeztu zuten sare honek izan ditzakeen erabilpen eta gaitasunen erakusgarri.

Amazon eta “alboko pasealekua”Nolabait hau ulerterrazago egin dakigun, gurean hain ezaguna egin zen Euskaltel Wifi edo Wifi kalean zerbitzuarekin aldera liteke. Hau da, Euskalteleko bezero bazarete Euskaltelek 180.000 etxeetatik gora zabalduta dituzten routerren bidez sortzen dituen wifi sareetara konektatzeko aukera ematen dizuete. Amazonen kasuan, gaitasun hori luketen gailuek sare berezi horretara konektatuko lirateke  kokapen edo bestelako informazioa elkar banatzeko aukera eskainiz, guk ezer berezirik egin beharrik gabe. Hau da, gauzen internetaz ari gara hitz egiten. Gauzen Internetaren kontzeptua ez da berria eta Amazonek honekin beste bultzada bat eman nahi dio. Itxura guztiaren arabera, Amazonek berak sare hau baliatuko luketen produktuak kaleratuko lituzke, baina gainontzeko enpresei ere aukera eskainiko die garatzaileentzako erramintak kaleratu baititu sare hau probestu dezaten. Seguraski lizentziapean emango lieke aukera hau, “zerbait handia” egiteko  asmoa dutela argi erakutsiz.

Amazonek sare hau sortzeko, ordea, ez ditu router propioak eskainiko, egun milaka etxeetan aurkitzen diren Amazon gailuak baizik (Echo, Ring Floodlight Cams eta Ring Spotlight Cams gailuak hain zuzen ere). Gailu hauek beraiek erabiltzen duten internet konexioaren zati bat elkarbanatuko lukete sare hau zabaltzeko. Amazonen arabera 80 Kbps-ko banda-zabalera soilik erabiliko luke horretarako, egun etxeetan dugun abiaduraren berrogeiren bat (1/40). Beraz, Amazon gailuen etxe-jabeek ez lukete sare hau badenik ere kasik antzemango.

Oraingoz ziur dakiguna da sare hau Estatu Batuetan jarriko dutela abian da, zehazki ekainaren 8an. Eta martxan jarriko dela diot izan ere norbaitek bere gailuak sare honetatik kanpo utzi nahiko balitu, “aktiboki” desgaitu beharko baitu aukera hori, automatikoki gaitzea lehenetsita izango baita. Zer egingo ote dute estatubatuarrek?

Niri Amazonen estrategia honek AstraZenecaren bigarren dosiarekin egun ahoz-aho dugun eztabaida bera ekarri dit gogora. Agintariek emandako datuen arabera, EAEn %35ak AstraZenecaren dosiarekin jarraitzea erabaki du eta Nafarroan, aldiz %86ak. Agerikoa da EAEn lehenik Pfeizer ez dutela hartu nahi esan beharrak eta ondoren agiri bat sinatzera behartuta daudenez AstraZeneca hartu nahi dutenak, kontutan hartu gabe beranduago jasoko dutela dosia, eragin zuzena  izan duela portzentaje horretan. Bada txertaketaren auzi hori Amazonen gure gaira eramanda, argi dut Amazon Sidewalk desgaituko dutenak %35etik gertuago izango direla %86tik baino. Dioten moduan 66,4 milioi gailu baditu Amazonek  estatubatuarren etxeetan, pentsa daiteke ariketa azkar bat eginda 43 milioik behintzat sare hau mantenduko dutela. Bada zerbait!

Ez dago oraindik garbi noiz eta nola nahiko duen Amazonek zerbitzu hau nazioartean zabaldu. Ez litzateke harritzekoa izango ibilbidea Estatu Batuetan bertan amaituko baluke. Erabakia sareak Estatu Batuetan bertan izan dezakeen harrerak, eta nola ez, gainontzeko herrialdetan den legediak baldintzatuko dute zalantzarik gabe. Izan ere Europan horrelako kontuekin sentsibilitate handiagoa dugu eta ziur naiz honen inguruko eztabaida hasi besterik ez dela egin gurean, Estatu Batuetan bertan ere kezka sortu baita.

Egingo ote du bidea gureganaino? Amazon gailua etxean dugunok une hori iristen bada, sarea sortzea desgaitu beharko genuke ala Amazoni aurrera egiten utzi bide berri honetan? Hala araudiren bat izango dugu hemen sarea automatiko ez eta norberak martxan jartzera behartuko duena?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude