Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte

Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte –

Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran.

Joan den urtarrilaren 1ean Murtziako Los Alcázares herrian 30 urteko gizon bat hil zen koktel kimiko izugarri bortitz bat kontsumitzearen ondorioz. Koktel hori ez zen azken droga sintetikoa izan, ezta sendagai arriskutsurik ere. Koktel hori edozein supermerkatutan eskuragarri dauden bi edari ziren: alkohola -ron botila bat- eta kafeina -edari energetiko baten bi lata-.

Esandako hori edan ondoren, gizonak ondoeza sentitu zuen eta handik pixka batera ziplo erori zen. Osasun-langileak saiatu baziren ere, suspertzea ezinezkoa izan zen eta bertan hilotz geratu zen. Kasu jakin honetatik haratago -autopsiak adieraziko du zein izan den heriotzaren arrazoia-, edari energetikoak geroz eta arruntagoak dira gazteen artean eta, gainera, edari alkoholdunekin nahasten direnean ondorio larriak eragin ditzakete.

Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte
Edari energetikoak eta alkohola nahastea oso arriskutsua da eta ondorio larriak ekar ditzake (SocialButterflyMMG).

Ron botila bat eta edari energetiko baten bi lata edateak arrisku itzela du, eta horretarako nahikoa da zenbait kalkulu egitea. Tolosaldeko Ataria-n azaldu nuen moduan, organismoan sartzen diren etanol gramoak kalkulatzeko formula hau erabili behar dugu: etanol gramoak = (edandako mL-ak x edariaren graduazioa x 0,008). Estimazioak eginez, demagun ron botila baten bolumena 70 cL-koa dela eta bere alkohol-graduazioa 40º-koa. Horrek esan nahi du 224 gramo etanol puru irentsi direla.

Jarraian, etanol gramo horiek gorputzaren odolean izango duten kontzentrazioa kalkulatu beharko genuke. Horretarako, C (g/L-tan) = hartutako gramoak / (M x R) egingo dugu, non M gorputzaren masa den eta R, berriz, banaketa-faktore delakoa -0,7 gizonen kasuan eta 0,6 emakumeen kasuan-. 65 kg-ko gizon baten kasurako, ron botilak zuen etanolak 5,3 g/L kontzentrazioa emango luke odolean, teorikoki.

Arrisku tauletara jotzen badugu, 4-5 g/L kontzentraziotik gorakoak arrisku mailarik handienean kokatzen dira, alegia, koma arriskuan. Ibiltzeko ezintasuna, eutsi ezina, okadak, arnas-aparatuaren depresioa eta konorte galtzea dira espero behar diren ondorioak. 5 g/L kontzentraziotik gora shock kardiobaskularra, arnasketaren inhibizioa edo bihotz-biriken gelditzea gerta daiteke. Hortaz, ron botila bat edatea heriotza azaltzeko arrazoi nahikoa da, baina, arriskua are handiagoa da horrekin batera edari energetikoak hartzen badira.

.

Edari energetikoen atzean dagoena

Edari energetiko baten 500 mL-ko lata batek 160 mg kafeina edukitzera iritsi daiteke. Bi lata hartzen badira, egun batean segurtasunez kontsumitu daitekeen kafeina kantitatea gainditzen da. Haurren edo haurdun dauden emakumeen kasuan, esaterako, lata bat nahikoa litzateke. Bi lata hartzea jarraian bost kafe espreso hartzearen parekoa da. Horretaz gainera, bi latatan 30 bat azukre-koxkor daude -100-150 g azukre-, beraz, edari energetikoak kafeina eta azukre bonbak besterik ez dira. Lata bakar batek hirukoiztu egiten du OME Osasunaren Munduko Erakundeak egun batean kontsumitzea gomendatzen duen azukre kantitatea.

Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte
Edari energetikoak azukre eta kafeina bonbak dira (Joenomias).
Beraz, edari energetikoen atzean azukrea eta kafeina besterik ez dago. Diabetesarekin eta gizentasun arazoekin lotzen dira eta bihotz taupadak azkartzen dituzte. Nerbio sistema bizkortzen dute eta bihotzeko asaldatzeak eragin ditzakete -takikardia, insomnioa, arterietako presioa handitzea eta gorputzaren koordinazioa zailtzea-. Esandakoarengatik, oso tarteka hartzeko edariak dira. Gainera, alkoholarekin batera nahasten direnean alkoholaren eta kafeinaren eragina handitu egin daiteke. Alkohola kontsumitzeak nerbio-sistema moteltzea dakar eta, horrek, lehenago edo beranduago kontsumitzez uztea dakar, baina, edari energetikoen kafeinarekin elkartzen bada, edaten jarraitzeko arriskua handiagoa da.

Edari energetiko askok aldarrikatzen dute nekea atzeratzeko edota kontzentrazioari eusteko balio dutela. Saltzaileen esanetan, karnitina, guarana, ginsenga, taurina eta edariei gehitzen zaizkien bestelako konposatuetan daude edari energetikoen ezaugarri apartak. Europar Batasuneko araudi berriak ez die uzten horrelako aldarrikapenak egitea; izan ere, ez dago frogatuta molekula miragarri horiek funtzio hori dutenik. Horrexegatik, edari energetikoetan B taldeko bitaminak gehitzen dituzte arazoa konpontzeko. Hala ere, esan behar da B bitamina edonon dagoela eta, hortaz, ez da beharrezkoa edari energetikoak kontsumitzea B taldeko bitaminak lortzeko.

Bitaminak onak izan badaitezke ere, edariak ezin dira aztertu haien osagaiak banan-banan aztertuta. Edaria bere osotasunean aztertu behar da onuragarria den edo ez erabakitzeko eta, hortaz, testuingurua edozein dela ere, onura gutxi daukate edari energetikoek. Ez dauka zentzurik kirola egin ondoren kafeina estimulatzaile bezala erabiltzea. Kirola egin ondoren gorputzak ura, gatz mineralak eta karbohidratoak galtzen ditu nagusiki eta horiek dira berreskuratu behar direnak. Zentzu horretan, aipatzekoa da 2015ean Kataluniako Elikagaien Segurtasunerako Zientzialarien Batzorde Aholkulariak egindako txostena, zeinetan edari energetikoak kontsumitzeko gomendioak eman zituzten. Adituen arabera, edari energetikoak ez dira inondik inora edari alkoholdunekin nahastu behar. Era berean, haurdun dauden zein bularra ematen duten emakumeek, haurrek, kafeinarekin sentiberak direnek eta bihotzeko zein arazo neurologikoak dituztenek ez lukete hartu behar. Kirola egin ondoren hartzea ere ez dute gomendatzen; izan ere, kafeinak eragin diuretikoa du eta, ondorioz, jarduera fisikoa egin ondoren ur gehiegi galtzeko arriskua handitzen dute edari energetikoek.

Laburtuz, edari energetikoek onetik ezer gutxi dute eta arrisku larriak ekar ditzakete kantitate handitan edaten badira. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontsumitzaileek zehatz mehatz jakitea zein den edari bakoitzaren kafeina eta azukre edukia eta edari horien arriskuen jakitun izatea -adingabeen kasuan, bereziki-. Adingabeen kasuan, eskolako emaitzak kaltetu ditzakete eta haur-obesitatea handitzearen erantzuleak izan daitezke. Esandako guztiaren ondorioz, tabakoa eta alkoholaren kasuan egiten den bezala edari energetikoak adingabeei ez saltzea proposatu duenik ere bada. Aztertzekoa.

.

Informazio osagarria:
Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.