Algoritmoak!

Algoritmoak! –

Irati Hartsuagak Tolosaldeko Atarian. 

Behinola Internet sortu zen. Garai hura bizitzea gaztetxotan (eta ez hain gaztetxotan) tokatu zitzaigunok gogoratzen gara nolakoa zen. Nola telefonoaren linea okupatzen zuen, eta horregatik tarte motzetan bakarrik konektatu gintezkeen. Nola fax baten tankerako soinuak egiten zituen konektatzeko orduan (bai, faxa ere ezagutu genuen). Eta nola barraskiloa bezain motela zen, hori ere bai.

Baina urtez urte hobetzen, azkartzen eta osatzen joan zen, abiadura hartzen eta edukiz hornitzen, eta inork espero ez bezalako tamaina hartu zuen. Artean eskolako lanak egiteko bakarrik erabiltzen genuenez, ez zitzaigun gehiegi axola, zuzenean sartzen baikinen behar genuen hartara.

Gero iritsi ziren Google, Facebook, Youtube… eta geroxeago Spotify, Instagram, Pinterest… Eta bat-batean, gehiegi zen. Ez zegoen informazio hura guztia irensteko modurik. Dena ikusi nahi eta ezin. Eta orduan, orduantxe etorri ziren algoritmoak. Informaziozko itsaso hartan nabigatzen laguntzen ziguten arraunak. Guk zer musika entzun, haren antzeko zerbait iradokitzen zigun Spotifyk hurrena, eta guri gustatu. Garbigailua erosi eta aukerak konparatzen pasatzen bagenuen arratsaldea, hurrengo egunean sareko aukerarik onenak agertzen zitzaizkigun ikusgai Facebooken. Eta gu pozik.

Algoritmoak!

Baina, denak bezala, baditu aurkia eta ifrentzua, jakina. Algoritmoak emandakoa jasotzen ohitu garenean, jakin-mina galdu dugu. Beti interesatzen zaigun bide bera jorratzen ohitu gara, uztarrian doazen idiak bezala, itsu. Ez hori bakarrik, geure burbuiletan sartu gara, eta askotan bistatik galdu dugu inguratzen gaituen errealitatea. Eta hori bereziki nabarmena eta arriskutsua da gazteenen artean, betidanik ezagutu dutelako algoritmoa eta ez direlako ohartzen hor dagoenik ere. Badakite Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia mememordo batean agertzen dela, baina ez dakite zein arriskutsua den horrelako gizon batek neurri horretako boterea izatea. Badakite modako gamer-ak sekulako balentria egin duela Fortnite-n, baina ez zergatik kritikatzen duten Andorrara bizitzera joaten denean. Edo agian ez dakite hara joan denik edo kritikatzen dutenik ere.

Beraz, COVIDagatik burbuilatan bizitzera behartuta gauden honetan, ez dezagun sartu geure burua beste burbuila batean. Ireki bide berriak algoritmoen arrastotik kanpo, Internet landu gabeko lursail infinitua da eta.

Algoritmoak!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude