Agur, PC

Agur, PC –

.

Agur, PCPCarenak egin du. Portatilenarenak ere bai?

PCarenak egin du. Akabo. Agur esan gure mahai gainak (edota mahai azpiak, zenbait kasutan) bete dituzten kaxa handi horiei, beraien egunak zenbatuta baitaude. Enpresaren batek edo bestek gordeko ditu zenbait urtez, garai hobeagoen ikur bailira, “kalkulu asko egin ditzaketelako”. Normala da: dinosaurioak ere ez ziren egun batetik bestera desagertu.

PCen salmentak hiruhilabeteko argitaratzen dituzte. 2011an gailurra jo zutenetik (110 milioi PC saldu ziren urteko lehen hiru hilabetetan) zenbakiek behera egin dute gaur egun erdia izan arte (57 milioi inguru izan dira aurten). Joerak beherantz jarraitzen du, eta inork ez dio amaierarik ikusten.

Hori gutxi ez balitz, gero eta ohikoagoa da marka handiek pantaila eta teklatuetara konektatu daitezkeen mugikorrak aurkeztea. Azken finean, jende askok darabilen mugikorra beraien PC zaharrak edota ordenagailu eramangarriak baino potentzia handiagoa du. Benetan uste duzue zuen eramangarriak iPhone Xak baino prozesagailu hobea duela? Samsung S10a ez dela zuen eramangarria baino azkarragoa? Froga ezazue…

“Hori egia izan daiteke, baina kalkulu boteretsuak egiteko ez dira nahiko” esango dute zenbaitek. Lasai, horretarako dago cloud computing-a, hots, kalkuluak urruneko zerbitzari batean egin eta gurean bakarrik emaitzak ikustearena. “Baina segurtasuna…” Segurtasuna  inoiz ez da oztopo izan ezertarako. Dena konponduko da. Duela urte batzuk inork ez zuen pentsatuko enpresa baten informazioa disko lokal batean beharrean Drive edota Dropbox modukoetan gordeko genuenik, edota Googlek gordeko zituenik gure email guztiak.

Etorkizuna honelakoa izango da lanpostu askotan: zure mugikorrarekin helduko zara; eseri eta karga inalanbrikoko oinarri batean utziko duzu mugikorra; pantaila eta teklatua automatikoki konektatuko zaizkio (bluetooth bidez, ziurrenik), eta agian aurikularrak ere bai. Arratoia, baita. Eta aurrera, lanera. Ez duzu beste telefonorik izango, jadanik telefonoa baduzu eta; agian 2 SIM ezberdin izango ditu aparatuak, zure linea pribatua eta lanekoa bereizteko. SIM horiek, bide batez, ez dira telefonoan egongo, birtualak izango dira. Amaitutakoan, mugikorra lekutik kendu eta etxera.

Etxera heltzean ere mugikorrari agindua eman eta zure gustoko telesail edota musika saioa agertuko dira telebistan (tira, edo etxeko pantailan) edota musika entzuteko gailuan.

Hori hala bada, zertarako PC bat?

Eta hurrengo galdera ere laster etorriko da: orduan, zertarako ordenagailu eramangarri bat?

Agur, PC Agur, PC Agur, PC

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.