[#Podcastfilia] Zuen ohituren bilduma

[#Podcastfilia] Zuen ohituren bilduma –

[#Podcastfilia] Zuen ohituren bildumaNoiz, nola eta non entzuten dituzu Podcastak? Zein motatakoak? Zeri buruzkoak? Zein hizkuntzatan? Gustatzen zait jendearen ohiturak ezagutzea eta #podcastfilia atal honetarako Podcasten mundua nola bizi eta kontsumintzen duzuen jakin nahi izan dut. Galdera egin diet Instagrameko lagunei eta baimena eman didate erantzunak zuekin konpartitzeko*.

Beste zerbait egin bitartean?

Gehiengo handi batek etxean entzuten ditu Podcastak, etxeko lanak egin bitartean. Hala nola, “eskulanetan, garbiketan edo sukaldean” ari direla. Otorduak baliatzen dituenik ere bada: goizetan, “gosaltzen, zigarrotxo bat eskuan eta pijaman” aditzen ditu batek, “sare sozialen errepasoa” egin bitartean, beste batek.

Oso gutxik eskaintzen diote arreta osoa entzuteko ariketari. Lanera joan aurreko “sofa eta manta momentua” zein lotarakoa horretarako gordetzen duenik baden arren, izan “loak hartzeko” edota gure gorputz eta buruari erlaxatzeko eskaintzen diogun tarte bakarra delako.

Bakardadeari aurre egiteko?

Orokorrean, erantzun didaten lagunek bakarrik entzuten dituzte audio programak. Kotxean, bidaia luzeetan, “lanera bidean” garraio publikoan… Hots, konpainiarik gabeko denbora librea arintzeko.

Dena den, ikasteko ere balio dezake Podcast batek, ezta? Lagun batentzat “intereseko gaiei buruzko gogoetak zabaldu eta sakontzeko” aukera dira, baita ere atzerriko hizkuntza baten “belarria egiteko”.

Denbora neurtzeko?

Luzeraz galdetuta, gustatu zait adiskide batek emandako erantzuna: “luzeak gustatzen zaizkit beste batzuk bilatzen ez ibiltzeko”. Presaka gabiltzanean, aldiz, laburra eta arina izatea eskertzen dugu.  Banekien funtzio asko izan zitzaketela Podcastek, baina aizue, denbora neurtzeko trensna izatearena ez zitzaidan bururatu.

Umorea garaile?

Argi geratu den beste puntu bat da edozeren inguruko Podcastak topatuko ditugula -denok entzun ditugun umorezko saio ezagunez gain, noski-. Zein gai interesatzen zaizkie inkesta xume honetan parte hartu duten lagunei? Hauek erantzunak: zinea, bertsolaritza, kirol doppinga, itsasoa eta belaontziak, historia, Lgtbiq+, sexua eta sexualitatea, generoa, meditazio teknikak, “historias del más allá”, psikologia, nutrizioa… eta, lagunok, baita ZuZeu Podcasteko saioak ere!

Irratiaren eta musikaren alternatiba?

Podcastak zer diren eta zer ez diren definitzen ez naiz jarriko, hori bai, somatu dut erantzunetan musika eta irratiarekiko ezberdina den zerbait bezala hartzen dituzuela, soinuari lotutako beste aukera bat, eta horrekin geratuko naiz. Batzuetan bat, besteetan bestea.

Ohitura aldaketa bat eskatzen du audioa kontsumitzeko modu honek, horregatik egiten zaizkie batzuei “artifizial” Podcastak, audiogintza zuzenekoarekin lotzen delako oraindik. Ez goaz ezer ordezkatzera,  irratiaren “balio kultural eta malenkoniatsua”-k hor jarraituko du, ea inoiz Podcastek erakargarritasun maila hori lortzen duten.

[#Podcastfilia] Zuen ohituren bilduma

* Zuk ere zure ohiturak konpartitu nahi izanez gero, utzi iruzkina sarrera honetan bertan, bidali mezu bat sare sozialen bitartez edo idatzi erredakzioa@zuzeu.eus helbidera.

Arrate Hernandez Oiarbide

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.

Zer duzu buruan “[#Podcastfilia] Zuen ohituren bilduma”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude