[#Podcastfilia] The Shadows, pasioz bizitzearen argi eta ilunak

[#Podcastfilia] The Shadows –

Palomitak jaten entzun dut segidan gomendatuko dizuedan podcast saioa, aurikularrekin eta sofan eserita. Esperientzia emozional bikaina izan da. Kaitlin Prest audio artistak gidatuko zaitu batetik bestera, sentipenak irudikatzeko irudirik behar ez denaren adibide den fikzio pieza eder honetan zehar.  Zure baitako argi itzaletatik bidaia da The Shadows. Sentitzeko, gorputzeko kapak eranzteko, gure barruan begiratzeko gonbita da podcast hau. Intimoa. Nahi gabe zure azalak bizitu dituen harremanak gogoratuko dituzu, eta hala ez bada, protagonistenetan sartu eta momentuan biziko duzu 6 kapitulu iraungo dituen maitasun istorioa.

[#Podcastfilia] The Shadows, pasioz bizitzearen argi eta ilunak

CBC Podcasten lehen fikziozko saioa da The Shadows, non harreman erromantiko baten nondik norakoak kontatuko baitiren. Lehen pertsonan, norberaren baitako, kaleko, etxeko edo izara azpiko momentuak jasoz. Horietan guztietan aurkitu du erromantizismoa esatariak. Berak argi dio, saioa, eta bereziki bere pertsonaia -bere izen propioa daramana, Kaitlin Prest-, ez dela guztiz fikzioa, baduela autofikziotik zerbait. Bere bizitzatik hain zuzen, nolabait, bizi izan gabe bizitu duen istorio bat kontatu baitu The Shadows-en.

Noski, harreman eroek erabaki eroak hartzera garamatzate, zalantzen mundua kudeatzera gero, erabakiak hartzearen biharamuna sufritzen bukatzeko. Artisten burua horrelakoa baita, koloretsua eta aldakorra, etengabeko dantzara kondenatua.

Kaitlin Prestek
‘The Heart Radio’
bilduman jaso ditu antzerako istorioak.

Ezin aipatu gabe utzi Presten gidoi sentikor eta bereziak audio baliabide bikainekin nahastuta daudela, baita ilustrazioekin irudikatuta ere -ikus Instagrameko orria-. Horrek agerian uzten du horrelako proiektu batek atzean, bai produkzioan eta baita ekoizpenean ere, duen lan handia. Laztanak entzungarriak direla sinesten baduzu, hau da zure podcasta. Arretaz entzun behar den horietakoa.

*The Heart izeneko Podcastean topatuko dituzu The Shadowsen gisako saioak, Presten zigilua daramaten audio arte sorkuntzak bildu baitituzte bertan. Altxorraren kutxa ere izan zitekeen, azken finean, bihotza -the heart- bera dena; Istorio eta emozio hainbat eta hainbat gordetzen dituen gotorlekua. Gezurrezkoak, errepikatuak, bakarrak, ametsetakoak, distorsionatuak, jasotakoak… 2017an Peabody Award saria eskuratzeko finalista izan zen.

[#Podcastfilia] The Shadows, pasioz bizitzearen argi eta ilunak

 

Izenburua: The Shadows

Ekoizlea: CBC Podcast

Generoa: Fikzioa

Sinopsia: Harreman erromatikoaren anatomia ikertzen duen fikziozko podcasta.

 

 

 

 

[#Podcastfilia] The Shadows, pasioz bizitzearen argi eta ilunak

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.