[#Podcastfilia] Believed: Larry Nassar harrapakaria

[#Podcastfilia] Believed: Larry Nassar harrapakaria –

Abusu eta eraso kontzeptuen artean ezberdintzeko borondatea falta dela dirudi garaiotan. Erasotzaileak babestuta dauden bazterrotan, biktimen sinesgarritasuna zalantzan jartzen duten horiei zuzendua doa gaurko #podcastfilia ataleko gomendioa, true crime generoko podcast beltza: ‘Believed‘.

‘Believed’ izeneko podcast saioa gomendatu nahi dizuet. Lindsey Smith eta Kate Wells kazetariek landu eta gidatzen duten NPR AEBtako irrati publikoaren eta Michigan Radioren lankidetzatik jaiotako saio honek 2019ko Peabody sari prestigiotsua irabazi du. Story Telling onena landu duten hedabide digital zein irrati bidezko kontaketen artean nabarmendu da ikerketa seriea.

Michigango estatuan 20 urtez ehundaka adin txikiko bortxatu zituen Larry Nassar gimnasta olinpikoen mediku osteopatari buruzko istorioa da ‘Believed’-ek kontatzen duena. Ametsak zituzten gaztetxoak ziren, medikuarengan konfiantza jarri zutenak. Eta Nassarrek trukean ixilean sufritzera kondenatu zituen. Atzamarrak baginan sartzen zizkien, gurasoa gelan zegoen bitartean. Eta topatzen zuen modua aitak edo amak ezer sumatu ez zezan. 11-17 urte bitarteko haur hauentzat bikoitza izan zen sufrikarioa; batetik, bortxarena eta, bestetik, gurasoek ez zutelako sinetsi nahi mediku ospetsuak eraso egiten ziela.

Bi hamarkadetan zehar, 200 adin txikiko kirolari bortxatu zituen Larry Nassarrek
kontsultan eta kontsultatik kanpo

Bi hamarkada luzatu zen kasua 30 minutu inguruko 10 ataletan kontatu dute Smith eta Wellsek. Oso modu zainduan kasuaren puntu esanguratsuenak bildu dituzte istorioa berreraikitzeko. Gainera, erabilitako isilune, tonu eta material ugariek aberastu egiten dute kontaketa. Gutxitan egiten den bezala dago josia istorioa.

Telesailen funtzionamendu bera jarraituta atalak ordenean entzutea da gomendagarriena. Ikusiko duzu nola harrapatuko zaituen lehen ataletik eta saioak bata bestearen segidan entzun nahiko dituzun. Kasu honetan errealitatearen gordinak gainditzen du gidoilari bihurrienaren fikzio lazgarria.

[#Podcastfilia] Believed: Larry Nassar harrapakaria.

Izenburua:Believed

Ekoizlea: NPR eta Michigan Radio

Generoa: Ikerketa Kazetaritza, Thrillerra

Sinopsia: Larry Nassar medikuak Michigango estatua izutu zuen 20 urtez. Adin txikiko neska kirolariak ezkutuan bortxatuz. Ikerketa kazetaritza serie honetan istorioaren korapilo guztiak askatuko ditugu.

 

[#Podcastfilia] Believed: Larry Nassar harrapakaria

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.