[#Podcastfilia] Chernobyl telesailaren podcasta

[#Podcasfilia] Chernobyl telesailaren podcasta –

ZuZeu orainkariaren etorkizunera begirako apustu estrategikoetan behinena da ZuZeu Podcast. Eta berau martxan jartzeko adi segi diegu podcast eszenaren berritasunei, edukien tipologiari eta edukiontzi duen teknologiari. Orain astebururo podcasten inguruko zutabe bat argitaratuko dugu, saioak gomendatuz edo albiste esanguratsuak plaza hontara ekarriz. Gaur: ‘Chernobyl’ telesail arrakastatsuaren podcasta.

HBOk ez zuen espero inondik ere ‘Chernobyl‘ telesaila medio -Game of Thrones amaitu eta berehala- sortu den zale saldoa. Fenomenoa bihurtu da. 5 kapituluz osatutako miniserie honek Sobietar Batasunak 1986ko apirilean jasan zuen desastre ikargarria kontatzen du, AEBtako betaurrekoekin jakina denez. Txernobilgo zentral nuklearrak eztanda egin zuen egunean bertan kokatuko zaitu lehen kapitulutik bertatik, pixkanaka trama zientifiko-politikoaren korapiloak askatzen joateko.

Baina goazen gurera. Telesaila ikusten genbiltzala, Pocket Cast aplikazioko trending zerrendan, hau da, AEBtan gehien entzuten diren podcasten artean, TOP 1ean ‘The Chernobyl Podcast’ delakoa egon da azken asteetan. HBOk seriearen paralelo ekoitzi duen podcasta. Bertan, Peter Sagal (NPRko ‘Wait Wait… Don’t Tell Me!‘ saioko aurkezlea) eta miniseriearen ekoizle, sortzaile eta idazle den Craig Mazin dira protagonistak, kapitulu bakoitzaren atzean ezkutatzen diren prozedura, lan eta ñabardurak azalera ekartzeko.

Podcasta Making Of generokoa dela esan daiteke, baina, zinez interesgarria da gaiari sortzailearen ikuspuntutik kosk egitea. ‘Chernobyl’ oraindik ez baldin baduzu ikusi, kapitulu bakoitzaren ostean entzutea gomendatzen dizugu eta dagoeneko seriea osorik irentsi baldin baduzu, lasai, oraindik ere oso interesgarria egingo baitzaizu HBOren podcast hau. Probatu eta esaiguzu zer iruditu zaizun!

[#Podcasfilia] Chernobyl telesailaren podcastaIzenburua: The Chernobyl Podcast

Ekoizlea: HBO

Generoa: Making Of

Sinopsia: HBOk ‘Chernobyl’ miniseriaren paralelo ekoitzi duen podcasta. Bertan NPRko aurkezle Peter Sagalek eta seriearen egile den Craig Mazinek serieko kapitulu bakoitza askatuko digute korapiloz korapilo, sortzailearen ikuspuntutik. Nola aukeratu zituzten lokalizazioak? Zer arazo topatu zituzten bidean? Zer eszena kendu zituzten?

(Klik egin irudian Podcastaren orrialdera joateko)

 

[#Podcasfilia] Chernobyl telesailaren podcasta
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzio burua. Barruan Gaude elkarrizketa saioa ZuZeu Podcasten. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude