[Paperezko Itsasoa #podcast] Japonia eta Meiji Berrezarkuntza

[Paperezko Itsasoa #podcast] Japonia eta Meiji Berrezarkuntza – 

Aurreko saio batean, Opioaren Gerrak mintzagai izan genituenean, ikusi genuen nola izan zen Txina bezalako milaka urteko zibilizazio sofistikatu bat herrialde industrialek azpiratua eta uztarri pean jarria. Gaurkoan txanponaren ifrentzuaz ariko gara, txinatarrena bezalako patu ankerrari izkin egitea lortu zuen herri batez.

Japonia kasu oso berezia da Historian, rara avis bat. XIX. mendean bere kasa industrializatzea eta modernizatzea lortu zuen nazio ez mendebaldar, ez kristau, ez zuri, bakarra baitugu. Berrogeita hamar urteko epean, herrialde nekazari eta feudala izatetik lehen mailako potentzia industrial izatera pasa zen, tsar ahalguztidunaren Errusiari gerra bat irabazteraino, eta hori guztia bere tradizioei eta nortasun nazionalari uko egin gabe.

Japonian, mendeetan zehar, eta Europan bezala, etengabekoak izan ziren jauntxo feudalen (daymioen) arteko gerrak, zeinek lur gehiago bereganatuko, zeinek nekazari jopu gehiago menperatuko. Gudatik gudara, XVII. mendearen hastapenetan, familia bat beste guztiei gailendu zitzaien: Tokugawa leinua. Eta hala, 1603an Japoniako enperadoreak klan hartako buruzagia, Tokugawa Ieyasu izenekoa, shogun izendatu zuen, hau da, “Barbaroen kontrako armadako buruzagi gorena”. Aurrerantzean, tokugawatarren askazia izango zen Japoniaren jaun eta jabe; eurek eramango zuten herrialdearen lema.

Eta enperadorea? Japoniarrek tenno esaten diote, hots, “Z eruetako subiraua”. Japoniakoa da, izatez, munduko monarkiarik zahar eta iraunkorrena. Elezaharrak dioenez, K.a. VII. mendean Amaterasu jainkosaren semeak, Jinmu Tennok, lurreko boterea bereganatu eta lehen enperadorea bilakatu zen. Alabaina, XVII. menderako enperadorearen figura sinbolikoa, ohorezkoa, baino ez zen. Lider erlijiosoak ziren politikoak baino, shintoismoaren, japoniar erlijio nazionalaren, buru. Kristauen aita santuen antzeko zerbait. Egiatan, shogunari zegokion botere lurtarra.

Zalantza izpirik gabe, Tokugawa Ieyasuk hartutako erabaki sonatuena Japonia isolatzea izan zen. Europatik oso urruti egonagatik ere, XVI. mendean zehar hasiak ziren japoniarren eta mendebaldarren arteko harremanak. Merkatari portuges eta nederlandar bakan batzuk iritsiak ziren jada Eguzki Berriaren Herrira, baina baita lehen misiolari jesuitak ere zeintzuek ehunka japoniar kristau bihurtzea lortu baitzuten urte gutxian. Erlijio berria mesfidantzaz ikusi zuten japoniar agintariek, gizarte-egitura tradizionalentzako eta shogunaren aginpiderako mehatxu gisa, eta luze gabe misiolarien jarduna oztopatzeari eta kristauak jazartzeari lotu zitzaizkion. Azkenik, ez bat ez bi, kanpotarren eragin kaltegarria ezerezteko, shogunak atzerritar guztiak kanporatzeko agindua eman zuen.

Japoniak bere ateak itxi zituen zeharo, bi mendez. Sakoku izenez ezagutzen dute japoniarrek isolamendu hura. Japoniarrei atzerrira bidaiatzea debekatu zitzaien, eta atzerrian zebiltzanei itzultzea eragotzi. Izan zen salbuespen txiki bat: shogunaren erabakiz, Nagasakiko badian Dejima izeneko uharte artifizial bat eraiki zen merkatari portugesentzat. Irlak 200 urratseko luzera eta 80 urratseko zabalera baino ez zeukan eta aldi berean 19 europarrek baino ez zuten bertan egoteko baimenik. Europarrak ezin ziren Dejimatik atera, guztiz debekatuta baitzuten Japoniar lur sakratua zapaltzea. Japonia mendebaldeko katolikoak shogunaren aurka matxinatu eta gero, tokugawatarrek portugesak kanporatu eta Dejima nederlandar protestanteei esleitu zioten.

Tokugawa Shogunen garaiari Edo Aroa deritzaio, izan ere, buruzagi berriek Edon (gaur egungo Tokion) kokatu zuten hiriburu administratiboa. Bertan zetzan shogunaren gortea. Enperadorearena, berriz, Kioton. Familia bakar batek boterea monopolizatzea onartezina, tiranikoa, irudi dakiguke XXI. mendeko talaiatik; eta herri oso bat mundutik baztertzea burugabekeria. Halarik ere, eta egiari zor, kontrol horrek izan zuen bere alde positiboa ere. Edo Aroa erlatiboki baketsua izan zen. Shogunak daimioen arteko gerra pribatuak debekatu eta arbitro gorena bilakatu zen. Erreboltak saihesteko, jauntxo feudalak bi urterik baten Edon bizitzera derrigortu zituen eta, euren feudoetara itzulitakoan, semeak eta emazte nagusia shogunaren hiriburuan laga behar zituzten nahi eta nahi ez. Era horretan, tokugawatarrek daimioak estu lotuta zeuzkaten eta Japonia euren agintepean baturik.

Bakezko garai hura, baina, ez zen guztien onerako izan, batez ere, gerra ogibide zuten horientzat: samuraientzat. Kasta gerlaria zen samuraiena, Erdi Aroko zaldunena bezala; ezinbestekoa mendeetako gerra feudaletan. Eurak ziren piramide sozialaren goiko erpina. Jende xeheak ez bezala, abizena edukitzeko eskubidea zuten, soinean bi ezpata eraman zitzaketen eta errespetu faltaren bat egiten zien oro hiltzeko eskubidea, edo are betebeharra, zeukaten. Tokugawatarrekin, ordea, jarduera adminstratibo eta burokratikoei lotu behar izan zitzaizkien asko, eta beste asko, berriz, lanbiderik ez beste egitekorik gabe, alderrai zebiltzan, pobrezian. Ronin zeritzaien jaunik gabeko samurai txiro horiei.

Japonia gizarte feudala zela esan dugu. Nekazaritza zen ekonomiaren oinarria eta laborariak daimioen menpeko jopuak, euren lurretatik ateratzeko eskubiderik gabeak.

Daimioek eta euren zerbitzariek derrigorrez Edon bizi behar zutenez, hiria etengabe hazi zen, XVIII. mendean milioi bat biztanle edukitzeraino, planetako ziutate handienetako bat bilakatzeraino. Berebat, egonkortasun sozialarekin batera, kulturaren loraldia etorri zen. Garai hartan, hamaika olergikintza elkarte eta bostehun liburudenda baino gehiago agertu ziren Edon. Izan ere, hiriburuko gizonezko populazioaren %80k baino gehiagok bazekien irakurtzen eta idazten. Tokugawatarren aroan garatu ziren ere Kabuki antzerkia, tearen zeremonia, kendoa (egurrezko ezpatadun esgrima) edota bushidoa, samuraien arau moral zorrotzen multzoa. Laburbilduz, japoniar identitate nazionalaren sorburua Edo Aroan kausitzen da.

Kulturarenaz gain, merkataritzaren susperraldiaren lekuko izan ziren XVII. eta XVIII. mendeak. Aski kontraesankorra, kontuan hartzen badugu herrialdea erabat isolatuta zegoela. Gainera, garaiko mentalitatean, Konfuzio filosofoaren irakaspenei jarraiki, merkatariak paria sozialak ziren, ez baitzuten aberastasun berririk ekoizten, jadanik existitzen zena garraiatu baizik. Dena delarik ere, gerra feudalen amaierak hirien hazkundea ekarri zuen eta daimioen zein samuraien hiritartzeak luxuzko produktuen eskaera emendatzea. Era horretan, oihalgintza zein ontzigintza bezalako sektore industrialek azpimarratzeko moduko hazkundea bizi izan zuten Edo Aroan zehar. Gizarteko azken putz izanagatik ere, nahiz eta botere politikorik ez eduki, burgesia geroz eta aberatsagoa, geroz eta boteretsuagoa, ari zen bilakatzen.

Denborak aurrera egin zuen. Mendebaldean Ilustrazioa, Estatu Batuen independentzia, Industrializazioa, Frantziako Iraultza eta Gerra Napoleonikoak gertatzen ari ziren bitartean Japoniak burbuila batean zirauen, bere baitan itxita. Oihartzun urrun bat bezala iristen ziren kanpoko albisteak. Horietako batek alarma guztiak piztu zituen shogunaren jauregian, Opioaren Gerrak eta Txinaren porrotak. Mendebaldeko deabru zuriek Eguzkiaren Berriaren Herria ere azpiratuko ote zuten?

Egun batez, Kaei Aroaren seigarren urtean, Komei enperadorearen eta Tokugawa Hideyoshi shogunaren agintaldian, hau da, Kristo ondorengo 1853ean, lau itsasontzi agertu ziren Edoko badian. Zur eta lur, japoniarrek Ontzi Beltzak esan zieten, sutan baleude bezala, kea zerielako. Bistan da ez zutela sekula bapore bidezko motorerik ikusi. Flota hark Estatu Batuetako bandera zeraman eta Mathew C. Perry komodoroa zuen buru. Perryk gutun bat zekarren Fillmoren presidentearen partez shogunarentzat eta, itxurazko kortesia diplomatiko guztiaren gainetik, exijentzia bat: Japoniak nazioarteko merkataritzari ateak ireki beharko zizkion nahi eta nahi ez. Shogunak segituan ikusi zuen erresistentzia oro alferrikakoa izango zela, bere defentsek ezer gutxi egin zezaketela altzairuz estalitako kanoidun bapore haien aurka. Ez zegoen beste aukerarik: estatubatuarrei portuak ireki beharra zegoen.

Bata bestearen ondotik, parrastadan, itunak izenpetu ziren mendebaldeko potentziekin. Lehena, Kanagawako Ituna, Amerikako Estatu Batuekin eta, horren ostean, beste hainbeste Herbehereekin, Errusiarekin, Britainia Handia eta Frantziarekin. Aduanak murriztu ziren eta atzerritarrei lurraldez kanpokotasun printzipio ezarri zitzaien, hots, delitu bat egingo balute jatorrizko herrialdeko epaileek zigortu beharko zituzten eta ez japoniarrek. Kobe, Edo, Osaka, Nagasaki… kostaldeko hirietan europar zein iparamerikar presentzia handiagoa zen. Japoniarrek mesfidantzaz hartu zituzten itsasoz bestaldeko merkatari eta soldadu horiek eta tentsio uneak izan ziren, baita hilketak ere, hein batean mendebaldarren harrokeriagatik, baina baita gerlari japoniarren muturreko xenofobiaren ondorioz. 1862an, esate baterako, britainiar ontziek Kagoshima ziutatea bonbardatu zuten bertako japoniarrek ingeles bat hil zutelako.

Egoera berri horri eman beharreko erantzunak goitik behera zatitu zuen japoniar gizartea. Sektorerik kontserbadoreenek atzerritarrak kosta ahala kosta kanporatu nahi zituzten. Pragmatikoenek, berriz, modernizazioa saihestezina zela zeritzoten, atzerritarren atzaparretan erori gabe eta nortasun nazionala galdu barik derrigorrez urratu beharreko bidea.

1867an Kobei enperadorea hil zen eta Mitsuhitok hartu zuen aitaren tronoa, Meiji enperadorea izenarekin. Urte berean, Japoniak shogun berria izan zuen ere: Tokugawa Yoshinobu. Erreforma politikoak aurrera eramaten ahalegindu arren beranduegi zen tokugawatarrentzat. Boterea eskuratu eta hilabete gutxira, Japonia hegoalde eta mendebaldeko daimioak shogunaren aurka matxinatu ziren, Kyoto berenganatu eta enperadorearen boterea berrezarri zuten. Orduan, matxinoen tropak Edorantz abiatu ziren eta hilabete gutxiren buruan berenganatu zuten. Shogunaren boterea betiko izan zen abolitua. Gertakari horri Meiji Iraultza edo Meiji Berrezarkuntza deritzaio.

Enperadorearen gobernu berriak aurre egin behar izan zien, oraindik ere, aurreko sistema politikoaren defendatzaileei Boshin Gerra izenekoan, hau da, Herensugearen Urteko Gerran. Hilabete gutxiko guda laburra izan zen. Shogunaren aldekoek atzera eta atzera egin behar izan zuten, Hokkaido uhartean, Japoniako iparralde urrunean, behin betiko garaituak izan arte. Hala eta guztiz ere, segidako urteetan ugariak izango ziren nekazarien eta samurai ohien erresistentzia eta altxamenduak. Horietatik ezagunena 1877ko Satsuma Matxinada izan zen, Edward Zwick zuzendari estatubatuarraren The Last Samurai filmean islatua.

Hurrengo hamarkadetan Japoniak goitik beherako metamorfosia biziko zuen, sakona bezain abiada bizikoa, Mendebaldeko herrialdeetan inspiratua. Agintari berrien lehen erabakietako bat hiriburua lekualdatzea izan zen: Kiototik Edora. Era berean, Edori izen berri bat eman zitzaion: Tokio, Ekialdeko Hiriburua alegia. Elite politikoak bere egin zuen Europa eta Ipar Amerikako janzkera: frantses estiloko traje eta uniforme militarrak kimonoen ordez. Bestalde, budismoak eragin handia zeukan Japonian eta, hortaz, haragia jatea ez zegoen ongi ikusia, Paperezko Itsasoaren “Behi Sakratuak eta Zerri Lohiak” programa entzun dutenek ondotxo jakingo duten bezala. Mendebaldartzeko grinak sukar haragijale bridaezina eragin zuen Japonian. Okela jatea modernizazioaren sinbolo bilakatu zen eta ohikoak bilakatu ziren goi mailako klaseen artean guretzat orgia pantagrueliko irudiko luketen oturuntza karniboroak. 1873an egutegi gregoriotarra ezarri zen.

Arestikoak, baina, neurri sinbolikoak baino ez dira. Izan ziren aldaketa sakonagoak ere. Ekoizpen-harreman feudalak abolitu ziren eta nekazariek lurrari lotuak egoteari utzi zioten, hots, jopu izatetik maizter izatera pasa ziren. Beste hainbeste gertatu zen garai bateko probintzia feudalekin: horien ordez, herrialdea 47 prefekturatan izan zen banatua, bakoitza hiriburutik izendatutako gobernadore batekin. Finantzen arloan, sistema hamartarrean oinarritutako moneta berri bat ezarri zen: yena. 1873an samuraien kastaren aurkako azken kolpea eman zuen gobernuak derrigorrezko soldadutza ezartzearekin batera. Aurrerantzean, samurai zein plebeio, 21 urteko gizonezko guztiek zerbitzu militarra egin beharko zuten halabeharrez. Armada moderno bat eratu zen eta hor ez zegoen lekurik Erdi Aroko gerretarako prestatutako gudarientzat. 1870ean plebeioei ere abizena edukitzeko eskubidea aitortu zitzaien eta, horrekin batera, derrigorrezko hezkuntza ezarri zen Eguzki Berriaren Herriko sei eta hamar urte bitarteko ume guztientzat.

Japoniako uharteak trenbidez eta telegrafo-kablez saretu ziren, fabrikak perretxikoak bezala agertuz zihoazen, nekazariak trumilka ailegatzen ziren hirietara industrian lan egiteko. Meiji Iraultzaren ingurumarietan agertu ziren japoniar enpresa handiak, gaur egun ere existitzen direnak. Enpresa horiek, erraldoiak izanagatik ere, familia izaera zeukaten eta Estatuaren babesa. Edo Aroko merkatari eta samurai sendiek eratu zituzten. Zaibatsu izenez ezagutzen ditugu. Ikus ditzagun zenbait adibide:

1870an, Yataro Iwasakik, samurai familia bateko semeak, hiru ontzi hartu zituen errentan itsasoz posta banaketa egiteko. Bere enpresari Hiru Diamante izena jarri zion, hau da, Mitsubishi. Urte gutxiren buruan, hiru bapore-ontzirekin jaiotako konpainia hark Leviatan izugarri bilakatzerainoko hazkundea bizi izan zuen eta bankagintza, motoregintza, industria kimikora… eta beste hainbatera egin zuen jauzi. Gaur egun munduko korporazio erraldoienetako bat da. Antzeko bilakaera izan zuen ere Mitsui multinazionalak, zeinak XVII. mendean Edoko kimono-denda xume batean baitu jatorria. Herrialde garatuetako ia ume guztiek ezagutzen duten Nintendok ere Meiji Aroan du sorburua, 1889. urtean zehazki. Halarik ere, XIX. mendean bideojokoak ez, karta-sortak, barajak, egiten hasi zen enpresa hura.

Alabaina, modernizazio ekonomiko arrakastatsu horrek ez zuen maila bereko eraldaketa politikorik ekarri. Japonia ez zen, ezta hurrik eman ere, eta aristokraziaren pribilegio formalak desagertu arren, demokrazia liberal bilakatu. Enperadorea jainkotzat hartzen zuen gizarte batek nekez onar zitzakeen Luis XVI.ari burua moztu zion Frantziar Iraultzaren ideiak. Japoniaren inspirazio iturri nagusia Otto von Bismarck kantzelariaren Prusian bilatu beharko genuke. Izan ere, eta Eric Hobsbawm historialari bikainak bere The Age of Capital liburuan esan zuenez (Hobsbawm, 1975. 160. or), ugariak dira Alemaniaren eta Japoniaren arteko paralelismoak. Bi herrietan kapitalismoa ez zen iraultza burges baten emaitza izan; aitzitik: elite burokratiko eta aristokratiko batek ezarri zuen goitik, erreforma bizirauteko modu bakarra zela iritzita. Bai Prusian bai Japonian Erregimen Zaharraren elementu ugari mantenduko ziren: diziplina zorrotzean oinarritutako sistema etiko bat eta, oroz gainetik, militarismoa, aberria hedatzeko grina gerlaria, eskuin politikotik gizarte guztira zabalduko zen estremismo patologikoa.

Arestian esandakoaren erakusgarri dugu 1889ko Japoniako Konstituzio berria. Horren baitan, enperadorea monarka absolutu eta sakratua izango zen, gobernuaren gainetik kokatua, estatuaren pertsonifikazioa. Japoniar guztiak haren menpeko izango ziren eta leialki zerbitzatu beharko zuten. Europan bezala parlamentu bat ezarri zen, bere goi eta behe ganberekin, baina bere funtzioa ornamentala baino ez zen, erabakimen errealik gabea. Gainera, populazioaren %1ak baino ez zuen boto eskubiderik. Gizonezkoen sufragio unibertsala ez zen 1925era arte ezarriko.

XX. gizaldiaren hasieran, Perry komodoroa Edoko badiara iritsi eta mende erdi beranduago, Japonia herrialde moderno eta industriala zen. Hala eta guztiz ere, baliabide natural eskasak zeuzkan, burdin eta ikatz apur bat alde batera utzita. Europako potentziak inperio kolonial erraldoiak eraikitzen zebiltzan garai hartan Japoniak beste hainbeste egin nahi izan zuen. 1895ean, Txina gerra batean garaitu ostean, japoniarrek Formosa (gaur egungo Taiwan) eta Liandong penintsula berenganatu zituzten, Korearen gaineko kontrola eskuratzeaz batera. Hala ere, garai hartako japoniar espantsionismoaren une gogoangarriena 1904 eta 1905 artean jaso zen, Eguzki Berriaren Herriak Errusia Guztietako Tsarraren armada garaitu zuenean. Guda horren ostean, Mantxuriako meatzaritza aberatsa japoniarren eskuetara pasa zen. Errusiarrentzat kolpe izugarria izan zen porrota, desohore kontsolaezina, Historian lehen aldiz, asiar herri batek europar potentzia moderno bat garaitu zuelako.

Joera horrek baina, ondorio lazgarriak, gehiegikeria inhumanoak, ekarriko zituen hamarkada batzuk beranduago, Bigarren Mundu Gerrarekin batera.

[Paperezko Itsasoa #podcast] Japonia eta Meiji Berrezarkuntza

Podcast honen helburua humanitateen dibulgazioa egitea da. Historia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura, etnografia... hamaika gai jorratu nahi ditugu ahalik eta modu arin eta gustagarrienean. Eta noski: euskara hutsean.

Zer duzu buruan “[Paperezko Itsasoa #podcast] Japonia eta Meiji Berrezarkuntza”-ri buruz

  • Beste gai arras interesgarri bat jorratu duzu oraingo honetan.Mendetan zehar josiriko giza sareetan sakontzen eta arakatzen gaur egungo errealitatearen eszenatokia ulertzea jarduera errazago bat bihurtzen da.Eskerrik asko dibulgazio lan txukun eta sakon honengatik.