[Urpeko Bonbarda #060] Oholtza ilundu da

[Urpeko Bonbarda #060] Oholtza ilundu da –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeigarren saioa, orain gutxi zendu diren bi musikari handiri egindako omenaldia da, The Sadies taldeko Dallas Good eta Mark Lanegan.

Hirurogeigarren saio honetan, aste beteren buruan zendu diren lurrazpiko rockaren bi kide itzaltsuri gorazarre egin diegu saioan; Euskal Herriko makina bat oholtza ezagututakoak, biak ala biak.

Dallas Good gitarra jole kanadiarra, The Sadies taldeko burua Travis anaiarekin batera, otsailaren 17an hil zen 48 urte zituela, bihotzeko gaixotasun bat antzeman ostean. Eta Mark Lanegan estatubatuarra, Screaming Trees taldeko kantari izandakoa, otsailaren 22an hil zen 57 urte zituela. Osasun makala zuen gizonak, eta iaz jota utzi zuen Covid gaitzak.

[Urpeko Bonbarda #060] Oholtza ilundu daBi musikariak amankomunean zituzten ezaugarriak bilatzen saiatu gara saioa atontzerakoan: Elkarlanak, War on Drugs taldeko kide izandako Kurt Vile, eta The Gun Club.

The Sadies taldeak zein Mark Laneganek izugarri maite zituzten elkarlanak, eta oso egitasmo ezberdinak gauzatu zituzten lagun zituzten musikariekin. Ontarioko taldea, berbarako, Neko Case kantariarekin lan egindakoak da, Andre Williams basapiztiarekin bi lan luze plazaratu ditu, eta 2007ko Azkena jaialdian Jon Spencerren Heavy Trash egitasmoa lagundu zuen backing band gisara. Eta Washingtoneko kantariak hiru lan plazaratu zituen Belle & Sebastian taldeko Isobel Campbell eskoziarrarekin, eta Queens of the Stone Age taldearen kantu batzuk abesti izan ditu, “Songs for the Deaf” diskokoak, esaterako.

Mark Laneganek egindako elkarlanetako batean, Kurt Vile musikariarekin batera kantatzen du Tinariwen amazigh taldearen “Elwan” diskoko kantu batean; eta Kurt Vile kanadarren laguna denez, The Sadies laukotearekin ere kantatu izan du “Northern Passages” diskoko kanturen batean.

Amankomuneko ezaugarriekin bukatzeko, bitxikeria inozo bat. Bizitza aldatu zioten diskoez galdetuta, beste edozeinen gainetik The Gun Club taldearen “Fire of Love” aipatu zuen behin Mark Lanegan jaunak, eta egunotan ikusi ditugun Dallas Good jaunaren argazkietan, traje eta gorbatarik gabeko bakarra dago; The Gun Club taldearen tiserta darama soinean.

Hortaz, The Gun Club-en “Carry Home” kantuaren Mark Laneganen bertsioarekin bukatu dugu saioa, eta The Good Brothers taldearen kantu batekin hasi, Dallas Good zenaren gurasoak kanadar folk talde ezagun bateko kide dira-eta.

.[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify     Apple Podcast    Stitcher    Google Podcast      Ivoox

[Urpeko Bonbarda #060] Oholtza ilundu da

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude