[#Podcastfilia] Entzule klubak

[#Podcastfilia] Entzule klubak –

Barrua mugitzen digun hori partekatzeak duen indarraz oraindik jabetu ez bazara, bada garaia. Horixe baita ohitura osasungarrien zerrendan lehenetarikoa.

Aurkeztuko dizuedan topaketa mota ez da berria, izango duzue han edo hemen bestelako kluben berri. Irakurle edo zine klubak, esaterako. Podcast entzuleenak ere antolatu izan dira, hala nola The New York Timesek sare sozialen bitartez (batez ere), NPRek entzule gazteei zuzendutako festa pribatuen bitartez, ahaztu gabe hainbat gairen inguruan hausnartu eta hitz egiteko tokian tokiko aspaldiko esperientzia komunitarioa. Atal honetan nabarmendu nahi ditudanak, baina, offline egiten diren podcasten bueltako entzule taldeak dira.

Radio Ambulante izeneko podcast saioko taldearen bitartez izan nuen entzule kluben berri. Facebooken hasi zen dena, bertan komentatu ohi zituzten saioko jarraitzaileek beren iritzi eta bizipenak, online noski. Parte hartzea handituz joan zen bezalaxe jabetu ziren horrek aurrez aurreko elkarrizketak murriztea zekarrela, beraz alderdi gizatiar hori berreskuratzeko beharra sentitu eta horri ekin zioten, arrakasta handiz eta bitartekaririk gabe.

Hiri batean baino gehiagotan antolatzen dira Radio Ambulanteren entzule klubak gaur egun. Pentsa, podcast honetako entzuleen perfil nagusia latinoamerikarra da, baina geografikoki oso eremu zabala da hori, kontinentetik at ere milloika bizi direlako. Orduan, non jarri ordezkaritzak? Hasieran, lan talde zabaleko kideen bizitokietara mugatuta -ez dute egoitza bakarrean lan egiten- zuten eremua, baina latinoamerikako hainbat hiritan hasi zena mundu mailako 19 herrialdetara zabaldu da -Uganda, Bielorrusia edo Australiara adibidez-. Hori noski, entzuleei esker. Lan taldeak entzule klubak antolatzeko oinarri batzuk diseinatu baititu edozein podcast saioren entzule klubak antolatu ahal izateko argibide edo laguntzatxoekin.

Ikuspegi zabal horrek agerian uzten du entzuleak oso kontuan hartzen dituztela. Esate baterako, berezitasun gisa, entzule klub berezi bat antolatu zuten denboraldi berriaren etorrera ospatzeko. Aldi berean eta primiziaz, hainbat hiritan kapitulu berbera ikusi eta egoitza bakoitzean atalaren bueltako hausnarketa egin zuten.

Komunitatea egiteko modu eraginkorra da, ezbairik gabe. Eta nik ZuZeu Podcasteko saioekin halako zerbait egitearekin amesten dut. Zuekin, zuen komunitateetan, bertako beharrei egokituta. Imajinatzen al duzue?

Radio Ambulanteko lagunei aditua, norberak lantzen duena garatuko du soilik, eta hau horretarako aukera bikaina da. Istorioak ezagutzeaz gain, parte hartzaileen errealitateetara egokitu baitaitezke hizketaldiak. Iritzi zein bizipen aniztasunaz gozatu eta begirada kritikoa lantzeko aukera bikaina.

[#Podcastfilia] Entzule klubak

Arrate Hernandez Oiarbide

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude