[#Podcastfilia] Cronoficción, nola ikasi fikziotik

[#Podcastfilia] Cronoficción, nola ikasi fikziotik –

Entzun nuen lehenetariko Podcast saioa da gaur gomendatuko dizudana: Cronoficción, egiazko pertsonaia historikoetan oinarritutako soinu-fikzioa. Hasieratik harrapatu ninduen Mona León Siminiani zuzendariaren ahotsak, baita Alejandro Otheguyrekin batera egindako soinu diseinuak ere. Ahaztu gabe bikain jositako gidoiari aktoreek ematen dioten sinesgarritasuna.

El cronovisor izeneko programaren moldaketa bat da, SER irrati kateko SERhistoria izeneko saioaren atal bat izan zena. Izan ere, aipatu saioetan historia eta arkeologiarekin lotutako edukia lantzen dute albiste, elkarrizketa eta erreportajeen bitartez. Cronoficciónek, bere aldetik, teoria horretan oinarritutako fikziozko kontakizunak sortu ditu. Hortaz, pertsonaia historiko baten bizitzak interes berezirik sortuko balizu, fikzioaren atzean ezkutatzen dena ezagutzeko aukera ere baduzu. Bai Cronoficción eta baita Cronovisor ere Podium Podcasten topatuko dituzu.

Frogatuta dago gure azalean bizitzen duguna azkarrago barneratzen dugula, bada hori gertatuko zaizu podcast saio honekin ere. Pertsonaia historiko hauen kontakizunei esker denboran atzera egin eta haien lanaren eta garaiaren inguruko gauza asko ulertuko dituzu. Finean, historia. Estate baterako, Sigmund Freud esan eta psikoanalisia datorkigu burura, ametsak ere, noski. Nola iritsiko ote zen, baina, teoria horiek guztiak idaztera? Zein oztoporekin egin ote zuen topo? Mata Hari dantzari arrakastatsua, berriz, espia ibili zen Lehen Mundu Gerran eta fusilatuta hil zuten XX.mende hasieran. Gisa horretako kontakizunak moldatu ditu Mona León Siminianik.

Urtebeteko epean -2017ko urrian hasi eta azken kapitulua 2018ko uztailean argitaratu zuten- 38 pertsonaia ezagutarazi dizkigute. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Baina lasai egon, baduzu eta benetako gertakarietan oinarritutako fizkiozko podcastez gozatzen jarraitzeko aukera! Eta euskaraz, gainera! Entzun al duzu Euskal Gaizkileak? ZuZeu Podcast, Bieuse eta IN Estudioaren sorkuntzak ez zaitu ez epel utziko.

Askok etzanda eta aurikularrak jantzita entzuten dituzte podcastak. Nola aditzen dituzu zuk?

[#Podcastfilia] Cronoficción, nola ikasi fikziotik

Izenburua: Cronoficción

Ekoizleak: SER Historia eta Podium Podcast

Generoa: Fikzioa

Sinopsia: Pertsonaia historiko ezagun baten inguruko kontakizuna da atal bakoitza. Egiazko datuetan oinarritutako fikziozko istorioak dira.

[#Podcastfilia] Cronoficción, nola ikasi fikziotik

Arrate Hernandez Oiarbide

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude