Zuhaitza eta basoa

Zuhaitza eta basoa –

2020ko uda ipar hemisferioan ezagutu dugun inoizko udarik beroena izan da. Munduko Meteorologia Erakundeak nabarmendu duenaren arabera, historiako udarik beroenak azken bost urtetakoak izan dira. XX. mendeko batez besteko tenperatura azken 35 hilabete guztietan gainditu da. Datuek azaltzen dute 2020an artikoko izotzak Vietnamen tamainaren adinako eremu bat galdu duela eta 1981-2010 urteen batezbestekoa baino %23,1 txikiagoa bilakatu da. Nazio Batuen Erakundeak aurten plazaratutako 2019ko klima informea aurkezterakoan erabilitako titularrak ondo laburbiltzen du arazoaren urgentzia: “Klima aldaketa koronabirusa baino hilgarriagoa da”.

Zuhaitza eta basoa

Azken  bost hamarkadetan ornoduden populazioek -hegaztiak, arrainak, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak-, batez beste,  %68 gutxitu dira gure planetan. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak urteetan zehar izan duten joera ikertzen dute eta ondorioztatu dutenez 1970etik 2016ra bitartean ornodun espezieen ia ehuneko 70 desagertu da. Arrazoi nabarmenena gizakia eta haren jarduna da. Gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea eta nekazaritza-hedapena, funtsezkoak dira munduko ornodunen bi heren baino gehiagoren desagerpena azaltzeko. Txostenean Covid-19 bezalako gaixotasunen agerpena naturaren suntsipenarekin lotzen dute eta ez badugu joera hori aldatzen, etorkizunean  pandemia berriak sortzeko aukerak areagotuko dira.

Pandemiaren egoerari so, zuhaitzari begira egonik, banaezinak diren bioaniztasunaren galera eta klima larrialdiaren krisi bikoitza lantzeko beharra ezin dugu ikusi, basoa. Gero eta argiago dago planetaren egoeraren eta giza osasunaren arteko lotura estua. Bi aukera daude: ekozidioruntz bideratu eta autosuntzitse  prozesuarekin jarraitu edo irtenbideak sortu eta gauzatu. Adibidez, Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proeiktuak Sciences Advance aldizkarian plazaratutako txostenean ondorioztatzen dute, klima egonkortzeko eta bioaniztasuna bermatzeko lurrazalaren erdia babestu beharko genukeela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko lurrazalaren %5 karbono-biltegi bezala erabili beharko litzateke eta espezieen aniztasuna eta ugaritasuna kontserbatzeko, egun babesturik dauden eremuaz gain, lurrazalaren beste %30 beharko genuke.

Baina nola gauzatu dezakegu hori? Halako irtenbideak burutzeko erabaki politiko, ekonomiko eta sozial ausartak behar ditugu eta zientzilarien lanak erabakien erdigunean kokatu behar dira. Estatu frantsezean 26 ekonomilariz osotutako Jakintsuen Batzordea sortu dute, hiru taldetan antolatuta: klima, desberdintasunak eta demografia. Mar Reguant zientzilari katalanak Chicagoko Northwestern Unibertsitateko irakaslea da, eta Christian Gollier belgikarrarekin batera klimari buruzko lantaldearen burua da. Covid-19ko pandemiak zera erakutsi dio: “Ikertzaileok larrialdi klimatikoa jakinarazi behar dugu, txerto baten beharra dagoela jakinarazten dugun premia berarekin”.

Ingurumenaren zaintzari buruz berba egiteko gure logika ekonomikoaz hitz egin behar dugu. Gure sistema kapitalista sostengantzen duen argudioen azterketa sakona beharrezkoa da, mundua eraldatzeak ideiak aldatzera behartzen baitu. Kapitalismo progresista edo kapitalismo kontzientea konponbide moduan aipatzen dugunean mesedez pentsa dezagun ia posiblea den arrazismo progresista edo matxismo kontzienteari buruz berba egin. Kapitalismoa berez desberdintasunetan oinarritzen den bidegabeko sistema krudela da, eta hori ezin da ez progresista ez kontzientea izan.

Bloomber Billonaries Indexen arabera, planetako lehen 20 aberatsek 1,2 bilioi dolar zituzten pandemia hasi baino lehen. Orain, 300.000 milioi gehiago dituzte. 2010tik gutxienez miloi bat dolar duten pertsonak hirukoiztu egin dira. Zehazki 46,8 milioi milioidun dira eta biztanleria helduaren %1 baino gutxiago suposatzen dute, munduan 5.100 milioi heldu bizi baikara. David Harveyen arabera, desberdintasun-indizeei erreparatuz gero 2007-2008az geroztik, nabarmen egin dute gora mundu osoan. Epe horretatik gaur egun arte egon diren mozkinak aberatsak diren populazioaren zati txiki bati dagokie, ehuneko bati, alegia.

Thomas Pikkety ekonomilariarentzat diru-sarreren eta ondarearen arteko desberdintasunak ideologia baten ondorio dira. “Desberdintasunei zentzua ematea eta irabazleen jarrera justifikatzea berebiziko garrantzia du. Desberdintasuna, ororen gainetik, ideologikoa da”. Berak kapitalismoa gainditzeko “ondasunen zirkulazioa” proposatzen du, “sozialismo parte hartzaile” baten bidez kapitalismoa eta jabetza pribatua gainditzea. Bere ustez XX. mendeko desberdintasunen murrizketa eta  hazkunde ekonomikoa, jabearen eskubideak soldatapekoarenekin, hots, kontsumitzailearekin, orekatuz lortu ziren, jabetza zirkularaziz.

Horretarako ekoizpen eredua aldatzea beharrezkoa da. Byung-Chun Han filosofoak adierazten duen moduan, desirak asetzea, plazer ororen sorburu gisa ulertzeari utzi behar diogu. Kontsumo-gizartea nahiak asetzera bideratuta dago. Baina pozik dagoen kontsumitzailearen figura gezurrezkoa da: kontsumitzailea ez dago inoiz pozik, aseezina da eta, beraz, ez da zoriontsua. Filosofoaren ustez, ego, desio eta kontsumoaz harago egiten diren eta komunitatea sortzen duten ekintza eta jolas kolektiboko modu berriak asmatu behar ditugu. Komunitatea zoriontasunaren iturri legez ulertu eta  elkartasuna zoriontasunaren parte.

Planetak iraungitze-data du, arazo larria da, gizakion existentziarentzat heriotza mehatxua suposatzen du. Neoliberalismoaren garaipen gorena irtenbiderik ez dagoela pentsaraztea da. Baina banaka garatzen dugun ekintza bakoitzean, lan egitetik elikatzeraino, politika egiten ari gara. Horren kontziente izateak gauzak eraldatzeko ahalmena ematen digu. Gainera, gogoan izan behar dugu benetan eboluzionatuta dagoen gizakiak ez duela banan-banako irtenbiderik  aukeratzen. Aldaketa kolektiboki gauzatu behar da eta horretarako masa kritiko nahikoa sortzeko beharra dago.

Pennsylvania unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, biztanleriaren laurdena inplikatzea lortzen bada, aldaketak berehala eragingo du, gehiengoa konbentzitu arte. Zuhaitza ahaztu barik, basoaz arduratu behar gara. Has gaitezen lanean.

 

BERRIA-rentzat egindako kolaborazioa

Zuhaitza eta basoa Zuhaitza eta basoa Zuhaitza eta basoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude