Zirkulatzeko eskubidea. Jakes Bortayrou

Zirkulatzeko eskubidea

Jakes Bortayrouk enbata.info atarian idatzitako iritzi artikulua dakargu hona.

Arrazoi politikoak edo ekonomikoak direla ta, ehunka milaka pertsona beren sorterritik ihesi doaz, gehien bat auzo herrialdetarat. Batzuk, mendebalderat buruz jotzen dute, bere bizia irriskuan ezarriz, etorkizun hobe baten ametsak bultzaturik. Zein erabaki hartu behar lituzkete gure herrialde aberatsek iheslari horiek hemen hartzeko? Hara hemen hainbat aterabide. 

Mugen hesteak
ez ditu migrazioen arrazoiak konpontzen
baina ondorioak aldiz,
larritzen ditu,
arriskuak biderkatuz,
trafikoak elikatuz,
egoera lotsagarriak sortuz.

Uda. Oporrak. Bidaiak. Triptiko normala jende askorentzat, naturala kasik. Alta funtsezkoa den zirkulatzeko eskubidea gutxi batzuen pribilegioa da planeta mailan begiraturik. Eta ez soilik arrazoi ekonomikoengatik, baizik eta sorlekuaren araberan eskubide hau ezagutu ala ukatua baitzaio jendeari.

Merkantzia eta kapitalarentzat ez bezala, gizaki askorentzat mugak hetsiak dira, bereziki gure Europa aberats honetara sartzeko.

Zirkulatzeko eskubideaAlta horrek ez ditu sekulan geldiarazi miseria, errepresioa, gerlak eta gaur egun gero eta gehiago klima aldaketatik ihesi datozenak.

Mugen hesteak ez ditu migrazioen arrazoiak konpontzen baina ondorioak aldiz, larritzen ditu, arriskuak biderkatuz, trafikoak elikatuz, egoera lotsagarriak sortuz.

Migrazio fenomenoa ez da berria ez eta nagusiki Europakoa ere. Munduan zehar migrante gehienak (%86) ondoko herrialdera mugitzen dira eta ondorioz migrazio joan-etorri nagusiak Hegoko herrien artean ematen dira.

Alta Europar Batasunak eta barne biltzen dituen Estatuek seguritatezko problema gisa tratatu dute afera azken hamarkadetan. Atzerritarrak ez dira ongi etorriak. Lanjer bat bezala ikusiak dira eta haien etorrera nola edo hala oztopatu behar da. Horra migrazioen iturburuan erantzukizun inportanta duen Europar Batasuneko migrazio politikaren hari gorria.

Horretarako bi ildo nagusi jorratzen ditu.

Alde batetik arazoa bere mugetatik kanpo atxikitzen saiatu, lehen Libia edo Marokorekin, gaur egun Turkiarekin akordioak eginez, abantaila batzuen truke migranteak bloka ditzaten.

Bestalde mugen barnean migranteak etengabe presio pean atxiki, bildu, barreiatu, mugiarazi, atxilotu, kanporatu, hots benetako ehiza antolatu.

Epe motzeko erabaki kontrajarriak hartzen dira, perspektiba eta funtsik gabekoak. Arazoa desagertzeko saiakera hutsala.

Uroski gobernuen jokaerari bizkar emanez milaka herritar mobilizatu eta antolatu dira, urgentziazko laguntzak ekartzeko, bizi baldintzak hobetzeko, sustengu juridikoak emaiteko, Estatuetako politikak salatzeko eta migranteen eskubideak aldarrikatzeko.

Politika lotsagarria

Ipar Euskal Herrian frantses Estatuko politika lotsagarri horren alde batzuk aspaldidanik ezagutzen ditugu, Cimadeko informazio eta salaketa lanari esker besteak beste, dela Hendaiako atxikitze zentroaren egoeraz, dela hainbat auzi eta kanporatze kasuz.

Bainan migrante kopuru handienak eta ondorioz tentsioak eta arazo sanitarioak, Frantziako Iparraldean kokatzen dira nagusiki, Ingalaterrara arrazoin desberdinengatik joan nahi dutenak han blokatuak baitira.

Sangatte zentro famatua hesteko deliberoa Sarkozy barne ministroak 2002an hartu zuenetik, legez kanpoko kanpamenduak biderkatu dira eskualde osoan, Calais-ko “junglea” bezala edota Grande Synthe herriko oihanean.

Azken 10 urte hauetan, erregularki skuat edo akanpamendu horiek indarrez hustu eta buldozerrez eraitsiak izan dira. Alta migranteen kopurua ez da tipitu eta laster kanpamenduak ber sortzen dira, Britainia handira doazen tren, kamioi eta ferryen jarioaren ertzean, gauero itsasoa zeharkatzen entseatzeko.

Pasa den otsailean jungle kanpamenduaren hegoaldea desegin zuten. Biztanle kopurua tipitu bazen ere, berriz goiti joan da azkarki gelditzen zen espazioan, gaur egun 9000 jende kopurura iritsi arte.

Uda honetan prefetaren bitartez, Estatuak justiziari galdegin dio sortutako komertzio tipi guziak (jatetxe, saltoki eta beste) hestea, norma sanitario eta administratiboak errespetatzen ez zituztelako… Jujeek momentuz ez dute onartu, egitura horiek egiazko herri bilakatu den gune horretan funtzio sozial eta humanitario garrantzitsuak betetzen zituztela kontutan hartuz.

Noiz arte?

Epe motz-ertainean ez da aukera handirik ikusten migranteen egoera hobetzeko eta politika duin eta emankorra abiatzeko. Horretarako aspaldidanik esparru politiko osoa kutsatu duen FNeko diskurtsoa baztertu beharko litzateke, migranteari buruzko ikusmoldea aldatu, arazoaren oportunitate ekonomiko eta sozialak balorizatu, funtsezko eskubideen errespetu eta balore humanitarioei lehentasuna eman…

Ez gara batere horretan eta heldu diren frantses hauteskunde kanpainei begira, migrazio eta migranteak betiko mamuak bezala tratatzen hasiak dira.

Bere zailtasun eta kontradikzio guziekin jendarte zibileko hainbat eragilek eramaiten duten migranteen aldeko lan humanitarioa oraino luzaz beharrezkoa izanen da.

Zirkulatzeko eskubidea
enbata, etorkinak, Europa, Euskal Herria, frantziar estatua, inmigrazioa, Ipar Euskal Herria, Zirkulatzeko eskubidea
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Zirkulatzeko eskubidea. Jakes Bortayrou”-ri buruz

  • Badirudi askotxoei ahazten zaizuela immigrazio prozesu batean etorkinen interesak ez direla garrantzitsuena. Immigrazio prozesu batean, etorkinak jasoko dituen herrialdeen biztanleriaren interesak dira garrantzitsuenak eta hauek etorkin horiek gizarteratuko ez direla edo herrialdearen bizikidetza hankaz gora jarriko dutela (aurre)ikusten badute bost axola etorkin, iheslari edo dena delako horien eskubideak, jasaten duten errepresioa, baldintza ekonomiko kaxkarrak, eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude