Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador Finlandiako Tampere Bite Basque Beat jaialdian

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador arituko dira Finlandiako Tampere Bite Basque Beat jaialdian –

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador arituko dira Finlandiako Tampere Bite Basque Beat  jaialdi berrian

  • Irailaren 1ean kontzertu bana emango dute hiriko agertoki desberdinetan, eta 2an, areto berean joko dute, G Livelab-en
  • Institutuaren babesa duela, ekimena jada ezaguna den Tamperrada lehiaketa gastronomikoaren baitan egingo da

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador arituko dira Finlandiako Tampere Bite Basque Beat jaialdi berrianBite Basque Beat euskal musika-jaialdia lehen aldiz egingo da irailaren 1ean eta 2an Finlandiako Tampere hirian, Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador taldeen parte-hartzearekin. Etxepare Euskal Institutuaren babesa duela, ekimen berria 2013an sortutako Tamperrada lehiaketa gastronomikoaren baitan egingo da, honako helburuarekin: “euskal kultura eta gastronomia Finlandian sustatzea, beti ere bi kulturak trukatzeko eta elkarlanean aritzeko”, adierazi du Juanan Bilbaok, Basking Food & Culture proiektuaren arduradunak eta ekimenaren bultzatzaileak, Mikka Reinikka euskal kulturaren editore gastronomikoa eta euskara eta euskal kulturaren zale amorratuarekin batera. Horren harira, Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak nabarmendu duenez, Bite Basque Beat jaialdia “oso ekimen interesgarria da”, izan ere, nazioartean “entzute handia” duen euskal gastronomiak “eman dio sarbidea euskal musika garaikideari Finlandian”, Etxepareren lan-ildo nagusietako batekin bat eginez: euskal sortzaile eta artisten nazioarteko presentzia sustatzea. “Horregatik sustatzen dugu jaialdi hau, Zetak, Gatibu eta Olatz Salvadorrek beraien musika Finlandian ezagutarazteko, baita Finlandiako kultur eragileekin saretze lana egin dezagun ere”.

Hala, Bite Basque Beat irailaren 1ean hasiko da, Zetak, Gatibu eta Olatz Salvadorrek emango duten ordubeteko kontzertu banarekin, formatu akustikoan eta intimo batean Tampereko (ia 400.000 biztanle dituen hiria, Helsinkitik 170 kilometro iparraldera) agertoki desberdinetan. Eta bestetik, hurrengo egunean, hiru taldeek agertoki berean joko dute, bata bestearen atzetik, hiri bereko G Livelab areto ezagunean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sarreren salmenta “erritmo onean doa eta aretoa bete egingo da”, betiere Finlandiako segurtasun-neurri zorrotzei jarraiki, Covid-19ren aurrean.

Zetak Pello Reparazen euskarazko musika elektronikoaren proiektua da, eta duela bi urte sortu zenetik hainbat sari irabazi ditu (horien artean `Euskarazko album onenaren Etxepare saria´ 2021eko MIN Sarietan, Gaztea Saria 2020), eta milioika stream pilatu ditu hainbat plataformatan denbora gutxian.

2000. urtean sortua, Euskal Herriko talde ezagunenetakoa dugu Gatibu. Rock baxu melodiko eta animatua joz, Alex Sardui buru duten bizkaitarrek ehunka kontzertu eman dituzte munduan zehar eta arrakasta handiko hainbat disko argitaratu dituzte, horien artean, euren lan berria, ‘Musikak salbatuko gaitu’ (2020).

Bestalde, Olatz Salvador abeslariak Skakeitan taldean ekin zion bere ibilbideari 2010ean, eta Zintzilik lehen diskoa plazaratu zuen bakarrik 2018. urtean. Artista donostiarrak aukera izan du, besteak beste, Xoel López eta Christina Rosenvingerekin batera Euskal Herriko agertoki garrantzitsuenetan jotzeko. Bere azken albuma, `Aho uhal´, urte hasieran argitaratu zen.

Tampereko Tamperrada

Zetak, Gatibu eta Olatz Salvador arituko dira Finlandiako Tampere Bite Basque Beat jaialdi berrianEsan bezala, Bite Basque Beat jaialdia Tamperradan egingo da, hau da, Reinikkak berak duela 8 urte Tamperen sortu zuen pintxo jaialdian, eta aurten abuztuaren 31tik irailaren 5era egingo da. Donostiako pintxoetan eta danborradan oinarrituta, Tamperradak euskal eta finlandiar kulturak batzea du xede, eta, bide batez, Tampereko ostalaritza-eskaintza aberastea eta Finlandiako hiriburu gastronomikoaren irudia bultzatzea. Dagoeneko ezaguna den Tamperradak sari bat ere badu, Euskal Herriko pintxo eta poteoko tabernetako giroa hobekien eramatea lortzen duen hiriko lokal edo jatetxearentzat. Ekimenak harrera bikaina izan du, izan ere, lehen ediziotik Tampereko 60 jatetxek baino gehiagok parte hartzen dute, eta milaka eta milaka pintxo saldu dituzte.

Mikka Reinikkak azpimarratu duenez, euskal kulturak “sekulako tiraldia” du Finlandian gastronomiaren bidez; izan ere, Euskal Herria posizionamendu gastronomikoan “munduko erreferente” izateaz gain, “finlandiar askok Donostia eta Bilbo ezagutzen dituzte, lana dela eta, eta, batez ere, euskal sukaldari handiei eta bertako hiriei pintxo eta poteoz betetako erromesaldia egiten dietelako”.

Tampereko Udala eta Tampere eskualdea elkarlanean ari dira Tamperradarekin nahiz Bite Basque Beat jaialdi berriarekin, eta “jaialdi berria abiarazteko erraztasun eta laguntza guztiak ematen ari zaizkigu”, azpimarratu du Juanan Bilbaok; baita aurreratu ere hurrengo edizioetarako finlandiar kulturaren eta euskal kulturaren artean “interpelazio eraginkorragoa egiteko aukera” asmatzen ari direla.

Finlandiar euskaldun proaktiboak

Finlandiako herriak euskal kulturarekiko duen atxikimendu hori Etxepare Euskal Institutuak Helsinkiko Unibertsitatean duen euskara eta euskal kulturako irakurletzan ere islatzen da, izan ere, Araitz Claramunt irakurle nafarraren eskolei esker `Baski´ ikasten duten 35 ikasle baino gehiago ditu. Ikasle horiek gainera, oso proaktiboak dira sare sozialetan euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua partekatzen. Horren harira, gainera, joan den ekainean 3. saria irabazi zuten Gasteizko HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketan, `Erabili euskera, kontxo!´ bideoarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude