«Zergatik bota nahi dituzte NBEko soldaduak haitiar etsiek?»

«Koleraren agerraldiak eragindako hildako kopurua milatik gora igo da eta, hiri-inbertsio ezaren ondorioz, azpiegitura sanitario gisa zakarrez eta giza gorotzez betetako estolda irekiak bakarrik dituzten auzoetan beldurra zabaltzen ari da». Lurrikararen aurretik Haitin milaka milioi dolarreko nazioarteko laguntza mugitu zen arren, halako auzoak Haitiko edozein txokotan aurki daitezke, Douceten arabera, eta orain egoera are larriagoa da. Jendea nazkatzen hasi da eta, hauteskundeetarako bi aste falta direla, kalera atera da. «‘Olanen azpian bizi garen bitartean ez dugu bozkatuko’ oihukatzetik ‘NBEko bake indarra eta kolera lotuta daude’  oihukatzera pasatu dira».

Askoren ustez, NBEko soldatu nepaldarrek eragin dute izurritea, koleraz kutsatutako gorotzak Artibonite ibaira isuriz. Gobernuak dio protestek helburu politikoa daukatela; zehazki, hauteskundeak atzeraraztea eta hedabideek Haitin demokraziarik ez dagoela lau haizetara zabaltzea. «Betiko kontua da. 1980ko hamarkadan, hiesak munduaren arreta bereganatu zuenean, haitiarrak estigmatizatu zituzten, gaitza AEBetara zabaldu zuten lau H-etako bat (homosexualak, hemofilikoak, heroinazaleak eta haitiarrak) zirela leporatuz. Baina koleraren kasuan bezala, hiesa ez zen Haitin sortu eta beste norbaitek ekarri duelako ari da herrialdea suntsitzen».

Doucetek ondoko galdera egin du: Zergatik dago izugarrizko pobrezia Haitin? Zergatik ez dago azpiegitura sanitariorik, ezta ur edo medikuntza azpiegiturarik ere? «2000. urtean, Amerika arteko Garapen Bankuak 54 milioi dolarreko mailegua eman behar zion Haitiko Gobernuari, hirietako eta landa guneetako ur azpiegiturak berritzeko, baina demokratikoki aukeratutako [Jean Bertrand] Aristideren gobernua ezegonkortzeko helburua zeukan AEBetako atzerri politikak eragotzi zuen». Gainera, zenbait iturriren arabera, osasun, hezkuntza eta azpiegitura sanitariorako beste mailegu batzuk ere blokeatu zituzten eta , politikoki beren helburua lortu bazuten ere [oposizioaren matxinada baten ondorioz, Aristide herrialdetik kanporatu zuten], blokeo horrek aurrera jarraitu zuen.

NBEko bake indarraren komunak aztertzearen alde egin du Doucetek, baina kolera edozerk eragin dezakeela gaineratu du. «Kolera sortzeko baldintzak zeuden, Haitirekiko nazioarteko politika ez baita batere aldatu hainbat hamarkadatan. Esplotazio ekonomikoa, esku-hartze politikoa, GKEen katez lotutako opariak, hedabideen desitxuraketa; akats berberak egin dira behin eta berriz». Etorkizuna ere beltz ikusten du: «Zoritxarrez, ez dirudi lurrikara batek egoera hori aldatuko duenik».   

http://www.guardian.co.uk/commentisfree/2010/nov/18/haiti-crisis-un-troops

Haiti: zergatik bota nahi dituzte NBEko soldaduak Haititik?

Irudia | Haiti: zergatik bota nahi dituzte NBEko soldaduak Haititik? | Ezezaguna | Creative Commons By SA
gatazka, haiti, hauteskundeak, kolera
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude