Zelensky eta Echeconen neskatoa

Zelensky eta Echeconen neskatoa –

Zelensky eta Echeconen neskatoaHamar bat urte izango nituen. Arratsalde sargoritsu hartan, gure etxeko balkoitik Baztan  jaunaren zalditzar beltzari so nengoen. Zaldia zumar bati lotuta zegoen. Bat-batean, Echeconen neskatoa atzetik hurbildu zitzaion, Lehen Jaunartzea egin berria zuena, eta xirmendu batekin zaldiari uzkian zirikatzen hasi zitzaion. Deseroso, adar eta xirmendu artean mugitzen zen, biratuz eta irrintzika, buztana mugituz, neskatoak zirika jarraitzen zuen bitartean, zaldiaren erreguei entzungor. Eta azkenean, jazo behar zena jazo zen: animaliak hanka jaso zuen, eta Echeconen neskatoak metro batzuk egin zituen tatarrez, bekokia betirako zartako batez guratzatua zuela. Nazioarteko Komunitateak, auzokoak esan nahi dut, erasoa kondenatu zuen eta animaliaren kontra oldartu zen, zigorradaz eta jana ukatuz. Inork ez zidan orduko hartan iritzirik eskatu, baina Echeconen alabarekin gurutzatzen naizenean oraindik orain gogorarazten diot zeinen merezia izan zuen ostikoa. 

Jabetzen naiz azalekoa dela horrelako alderaketak egiten ibiltzea kaos nuklear baten atarian, baina hainbeste gezur eta pitokeria esan dira dagoeneko, ez baitakit nola heldu gaiari. Putin-zaldiari begirune gutxi diodala aipatuz hasiko naiz? Ezin ahantzi Txetxenian egin zuena, edo 2002an Moskuko antzokian gaseztatu zituen 170 hildakoak, bide batez esan dezagun, Javier Solana, Borrellen aurrekari odolzaleak txalotutako sarraskian. 

Onil batetik zehar irenztarazten diguten gerrari buruzko informazio guztia inteligentziari egindako irain bat da. “Demokratek” informazioa kontrastatzeko bide guztiak itxi dizkigute, baina nahikoa da beraien hedabideak arretaz jarraitzea beraien zentzugabekeriez jabetzeko. Zenbakiak esatari edo kazetarien arabera egiten dute dantzan. Buchako “genozidioan”, loro batzuek milaka hildako izan zirela esan zuten aurrena, nahiz eta idaztean arreta handiagoa jarri zuten: interneten 40 hildako izan zirela dio ONUk, eta 400 beste iturri batzuek. Grafikoki, zehazki zazpi hildako ageri dira kale batean, zazpi, irudiak errepikatzearen poderioz biderkatu direnak. Eta Mariupolekoa? Bizkaitar kazetari ospetsu batek, berak ikusi izan balu bezala, 9.000 zibileko hobi komun bat aurkitu zuen egun berean (edo zalantza agertzen zutenak iraintzen zituen bitartean), EiTBn ONUren zenbakiak jakinarazten zituzten, eta herrialde osoan 1.500 hildako izan zirela adierazi. Esandakoa: adarra jo nahian dabiltza. 

Gerra guztiek dituzte biktima zibilak, baina orain arte (ukitu dezagun egurra) Ukrainiakoa ez da Gernikako bonbardaketa, Dresde edo Vietnamekin alderagarria. Ezta Irakekin ere. Edo Libia eta Yemenekin. Gaur egun, eta batere inpartziala ez den ONUren datuen arabera, 3.500 zibil hil dira Ukrainan. Tragedia bat, baina inolaz ere ez Yugoslaviako gudek eragin zituzten 200.000 hildakoekin parekatzeko modukoa, Solana espainiarra OTANen buru zela, Belgrado bezalako hiri irekiak bonbardatuz. Yankiekin edo sionistekin alderatuz, errusiarrek zuhurrak dirudite. 

OTANek gidatuta, Zelenskyk urteak daramatza, Echeconen neskatoak bezala, errusiarren uzkian xirmenduz zirikatzen. Bere agintea AEBk lagundutako Estatu kolpe batetik abiatu zen; naziak  bildu zituen ejerzitora; 14 alderdi utzi zituen legez kanpo; 48 sindikalista erre zituen bizirik zirela; errusiar hizkuntza debekatu zuen; Minskeko hitzarmena baztertu eta 14.000 hildako eragin zituen kulturaz eta hizkuntzaz errusiarra den Donbasen… Ukrainak errusiarren inbasioa baino lehen hasi zuen guda, Mendebalde hipokrita isilik zen bitartean. Guzti horrekin pozik ez eta, Zelenskyk OTANen sarrera eskatu zuen, misil gehiago jartzeko errusiar zaldiari begira. Eta orain, bekokian ostikoa eman diotela eta negar zotinka hasi da? Historiak esango du errusiarren ostikoa neurritsua izan den edo, are garrantzitsuagoa dena, ekidin nahi zituen baino kalte gehiago eragiten ez dituen. Baina Zelensky Osaba Samen txotxongilo probokatzailea da, bere herrialdea irteera argirik gabeko gatazka batean sartu duena. Ez gaitezen harritu egunen batean ukrainiarrek kontuak eskatu eta Mussolini balitz bezala eskegitzen badute. 

Zelensky eta Echeconen neskatoa

Horrelako txontxongiloek kasik hedabide guztien babesa jasotzeak erakusten du zer nolako mundu doilorrean bizi garen. Euskal Herrian, Europa osoan Aliantza Atlantikoari ezetz borobilena eman zitzaion herrialdean, hainbeste politikariek txalotzea, “kortesia parlamentarioz” bada ere, kezkagarria eta erdiragarria da. 

Errusiarren aldetik heltzen zaizkigun berriak dira koherentzia apur bat dutenak. Ez da bakarrik Putin; Gorbachovek eta Yeltsinek ohartarazi zuten jada 1991n Ekialderantz ez zabaltzeko eta Errusia misilez ez inguratzeko egindako promesak ez zirela bete. Harrezkero, beste 14 herrialde dira OTANeko kide. Beraien helburua: Txina eta Errusia suntsituz etorkizun multipolar bat ekiditea. Harrigarria da azken mende erdian ikusi ditugun gerra eta sarraskiak gertatuta ere, Europar sozialdemokraziak AEBak babestea bere abentura kriminalean. Beren gainbeheraz jabetuta, gringoek, 2018ko National Defense Strategy txostenean, txinatar eta errusiar aurrerabidea jartzen zuten beraien matonismo planetarioarekin jarraitu ahal izateko arrisku nagusi bezala. Txinari Asiatik egiten dioten presioa eta Errusiari Europatik egiten dizkioten probokazioak beraien pintza geoestrategikoaren parte dira. Eta gainontzekoa, propaganda hutsa. 

“Indar eragile horren aurrean -diosku Heinz Dieterichek-, politikari eta presidente burgesak (deitu itzazue sozialdemokrazia liberalak, atzerakoiak, sozialistak edo berdeak) heriotzaren merkatarien bufoi hutsak dira; marketing langileak dira, beraien jabeen negozio hilgarrienak estaltzea dutenak xede, eta horretarako demokraziaren, giza eskubideen eta gainontzeko iruzurrezko narratiba guztien demagogia erabiltzen dute”.

Argi dago Gizateriak bere etorkizuna bitan adarkatzen duela: irabazlea Errusia bada posible izango da mundu multipolarra, eta beraz, zertxobait orekatuagoa. Gehiengo handi batek aldarrikatzen duen independentzia onartuko zaio Donbasi (zein demokrakziak uka dezake eskubide hori?) eta Ukrainak independente izaten jarraitu ahal izango du, hori bai, jada inguratuta dagoen auzokoa xirmenduz zirikatu gabe. Gainontzean, dio Dieterichek, gau nuklearra etorriko da behingoan. Beraz, okerretik gutxiena. 

Edozer dela ere, ez dut uste gerra nuklearrera bidean goazenik, Noam Chomskyri irakurri nizkion bi arrazoirengatik: bata, horrelako gerretan sentitzen direlako elite kapitalistak zaurgarri, eta ikusten dutelako lehenengoz beraien burua arriskuan. Beste arrazoia, zioen Chomskyk: “nik esaten dudalako. Eta oker banabil, ez delako inor geldituko aurpegiratu liezadakeenik”.

.

Erredakzioan itzulia.

Zelensky eta Echeconen neskatoa Zelensky eta Echeconen neskatoa

7 pentsamendu “Zelensky eta Echeconen neskatoa”-ri buruz

  • josu naberan 2022-06-13 10:15

    oso ongi berezi dituk ZALDIAREN dena delako izaera eta OSTIKADAREN justizia.

    Halere, propaganda atlantiska gezurtia geu ipurtzuloan xarminduaz molestatzen ari dut, eta buruko garuna jende orori jan nahian,

    Sinestarazi era irenstarazi nahian populuari ERRUSOFOBIAz, eta komulgarazi nahian NAZIFILOaz.

    eta PLANdemia diat gogoan, non hedabide beraiek komikatuarazi gintuzten ELITE berberaren PLANEZ eta beraien SASI-TXERTOEN gezurrez.

  • Bejondeizula Esparza! Ze argudio onak eskeini dizkiozun Nafarroaren konkista justifikatu nahian dabiltzan espainolazoei!! (baita bortxaketak justifikatu nahi dituzten matxistei, baina horrek nazka gehiegi ematen dit)

  • Benetan nazkagarria. Eman dit gogoa daukadan Espartzaren liburu bat zaramara botatzeko eta guzti.

  • Mikel Haranburu 2022-06-14 01:34

    Espartza da, eta horrek ohoragarri egiten du, “Navarra 1936. De la esperanza al terror” liburuaren edizioen arduraduna, hasieratik. Liburu horietan, baina berdin Espartzak gidatu dituen beste hamaika argitalpen eta ekimenetan, argi asko agertuz joan dira Nafarroan, gerra fronterik egon gaberik ere, zenbat eta zenbat hil zuten matxinatuek 1936tik aitzina. Ez zuen sinesten, jakina, Nafarroan gerra-hildakorik ez zela. Asko ziren, eta ahaleginak eta bi egin izan dira izenak zerrendatzen eta hilobiak aurkitzen. Azkenean, 3.800 inguru izan ziren.
    Buchan, Kyiven, Mariupolen, Borodiankan, Kharkoven…, Ukrainako herri eta hiri askotan, hildakoak agertzen dira egunetik egunera, hobi komunetan, eskonbroen azpian; batzuk tiro batez akabatuak, bestetzuk bonbardaketetan, bestetzuk ihesi zihoazela tirokatuta beren autoetan. Torturatuta eta bortxatuta ez gutxi. Ume, zahar, edozein adineko. Egingo nuke apostu Nafarroan hildako haiek bider hogei izanen direla zenbaketa bukatzen denean.
    Gertatutakoak eta egindakoak ezkutatzea eta isilaraztea da zaldi ez baina mando bihurtzen gaituena.

  • 1936ko altxamendua gaur gertatuko balitz, Esparza jaunak Molaren alde eginen luke.

  • NBEk ez dio artikuluan jarri duzun bezala, Buchan 40 hildako izan zirenik. Apirilean inbaditzaileak erretiratu eta gutxira 50 legez kanpoko hilketa baieztatuak zeuzkatela zibilak bakarrik kontuan hartuta, baina hala ere, benetako datua askoz ere altuagoa izan zitekeela ikerketa eta kontaketa lanak aurrera egin ahala. Datuak ematean estekak jartzea eskertzen da. Hona nik esandakoarena.
    https://news.un.org/en/story/2022/04/1116692

    Donbass eskualdeari buruz esaten direnak ere Inbaditzaileen kontakizunean oinarrituak dira. Donbass/Tabarnia gaia beste une baterako utziko dut.
    https://www.tabarnia.org/web/

  • Ez dabil bat ere fin Espartza jauna azken aldian.
    Ez da nahiko izan Putin eta oligarken erregimen ultraeskuindar eta Tabarniarraren aldeko artikulua hau, gezurrez betea goitik behera.
    Ekainaren 29an (edo 30ean) artikulu bat plazaratu du GARA egunkarian, “Se pelean nuestros hijos” izenburupean.
    Gutxi gora behera artikuluaren tesia hauxe da: ez dugu gehiegi kezkatu behar gazteen artean gertatzen diren ika-mikengatik, halako antzekoak aspalditik gertatu direlako eta azkenean guzti guztiak itzuli direla berriro abertzaleon alorrera.
    Ba ez da egia Espartza jauna: mili eta poli-milien arteko kalapitan, adibidez, azkenean dozenaka eta dozenaka espainolismoaren eremuan amaitu zuten: Mario Onaindía, Eduardo Uriarte eta abar luzea, kasu.
    Badago PPn amaitu zuena eta guzti: Jon Juaristi.
    Historialari bezala, Espartza jaunak darabilen DOITASUN HISTORIKOA, ZERO PATATERO.
    Eta hainbat eta hainba kontutan, bertdintsu. Ukrainako kontuan bezala.