Zalantza eurobisiboak

Zalantza eurobisiboak –  

Zalantza eurobisiboak

Barkatu. Nik ez nuen Eurovision ikusi. Baina han-hemenka –telebistan, irratian edo sare sozialetan– piztu diren eztabaida batzuk ezinbertzean ailegatu zaizkit, eta zalantza existentzialez betea nago. Hasteko, ez zait argi gelditu espainol guziok zer nahi genuen, Chanelek irabaztea edo ez. Edo hain zuzen ere ez ote gaituen espainol bihurtzen Chanelek irabaztea nahi izateak. Tira, sikiera, dibertsitatearen Espainia honetan badugu patu unibertsalean batzen gaituen zerbait.

Dibertsitatea solasera ekarrita, han-hemenka ikusi ditudan irudiak aintzat harturik, harritua nago dibertsitatearen besta den Eurovisionen zeinen normatibo ziren agertu ziren gorputz gehien-gehienak – edo, euskaraz erranda, zenbat neska-mutil katxarro ikusi genituen oholtza gainean. Chanel barne, jakina. Hondarrean, ez dakit ipurdi mazelen inarrosiz daddy guziak eroaraztea estereotipo matxista bati dagokion irudi penagarria ote den –nire kondena sendoena, prefosta, hala balitz–, edo bere itxurarekin eroso sentitzen den emazteki ahaldundu baten jarrera eredugarria ote den –nire txalo beroena, jakina, hala balitz–. Baina afera ongi ulertu badut, hasmentan arrunt gaizki zegoena –zergatik ematen diete beldurra gure titiek?– orain arrunt ongi dago.

Nire ironiari igarrita, baten batek klasista izatea leporatuko dit beharbada. Ez, bada. Badakit Chanelek gogor egin duela lan, eta eginahal eta konstantzia horri esker ailegatu dela hain urrun –Eurovisionera, hain justu ere–. Meritokraziari bertze egun batean eginen diogu kritika. Adibidez, unibertsitateaz eta ikasketez mintzatzen garen egunean. Zeren, bistan dena, filosofia ikasteak zertarako balio duen ongi hausnartu beharreko dilema da; bum-buma graziaz mugitzea, berriz, bertze justifikaziorik behar ez duen helburu bat da berez.

Zalantza eurobisiboak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

4 pentsamendu “Zalantza eurobisiboak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-05-20 15:11

    “…harritua nago dibertsitatearen besta den Eurovisionen zeinen normatibo ziren agertu ziren gorputz gehien-gehienak”.

    Aurreko batean, emakume gizen eta (uste dut) homosexual batek irabazi zuen. Israel ordezkatuz.

  • Mikel Haranburu 2022-05-21 18:45

    Badakit Chanel izan zela Espainiar Telebistaren ordezkatzen zuen artista, baina kritikak zein alabantzak harengan fokatzea ez da justua: nik hiru ipurdi ikusi nituen oholtza gainean, ez dakit ahaldundutakoak ala bestelakoak. Aurpegiez ez naiz oroitzen.

  • Santi Leoné 2022-05-21 22:03

    Izan ere, nire asmoa ez zen kritika Chanelengan fokatzea. Eurovision, oro har, ez zait anitz interesatzen, baina, bertzalde, ez dut uste entretenimenduak nahitaez eredugarria edo hezigarria izan behar duenik. Horregatik, Chanel bera baino gehiago -zeina, berriz diot, ez baitzait bereziki interesatzen- hiru kontu kritikatu nahi izan ditut:
    -Haren inguruan sortu den nazionalismo espainolaren olatua.
    -Antza, zenbaitek aski botere arbitrarioa dutela erabakitzeko zer den feminista eta zer ez. Chanelen kanta, duela ez hainbertze, arrunt txarra zen, letra penagarria, eta abar. Orain, Twitterren mega-aliatu bat ikusi dut galdegiten “Zergatik diezue hainbertzeko beldurra gure ipurdiei?”, eta euskal izar feminista batek “Maite zaitut” erantzun dio (espainolez dago jatorrizko bertsioa). Beraz, iduri luke berriki artio matxismo ustelena zeriona orain ahalduntzearen eredu bihurtu dela. Nire begi trebatu gabeek, berriz, betikoa ikusi zuten: emazteki eder bat bere gorputz normatiboa erakusten, abesti txar bat kantatu bitartean. Horregatik ez dut aldaketa sobera ongi ulertzen. Baina, tira, zer dakit nik.
    -Eta azkenik, norbaitek sare sozial batean erranen balu gogor ikasiz edo lan eginez gero zernahi helburu erdiesten ahal dugula, milaka lagunek gogoraraziko liokete hori gezurra dela, meritokrazia tranpa bat dela, eta abar. Baina, nonbait, Chaneli txalo egin behar zaio bere lanari esker helburu handiak lortu dituelako. Hori ere ez dut ongi ulertzen.
    Beraz, Chanel ez, Chanelen inguruan sortu dena zen nire zutabearen jomuga.

  • Mikel Haranburu 2022-05-23 13:22

    Nire iruzkina ez zen serioa, e? eta ez zuzen zure ekarpenari erantzuna ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude