Zabalzatarrak

Zabalzatarrak –

Jorge Zabalza, Tambero, uruguayar iraultzaile menderaezina hil dela jakin berri dut. Eta Nafarroako Erratzu herrian Ricardo Zabalzari omenaldi bat prestatzen ari direla ere egunotan iragarri dute, 1940an fusilatu zuten nafar agintari sindikalari. Elkar ezagutzen ez bazuten ere, bitxikeria historiko bat tarteko harreman estua zuten: odolarengatik, elkartasunagatik, amets iraultzaileagatik. Apología liburuan kontatu nuen historia, eta orain berriro dakart, biei gorazarre egiteko asmoz.

Zabalzatarrak
Argazkia: Resumen Latinoamericano.

Gure aitona Jose Maria Uruguayn jaio zen, azken karlistadako erbestearen seme. Horregatik, beti izan dut jite berezi bat herri horrekiko, hain liberala eta laikoa, hain berea eta solidarioa, euskaldunekiko abegitsu, payadoreen orube, tupamaroen sehaska. Azken hauek apropos deitu ziren horrela, 1811ko abertzale independentistei espainiarrek tupamaro deitzen zituztela-eta, hauen gaizkinahia irauliz. Izen polita hartu zuten Tupac Amaruren jarraitzaile horiek. Gaur terrorista deituko zieten, beste edozeini bezala.

70eko hamarkada bukaeran Uruguay eta bertako subertsio nazionalista ausarta begiratzen genuen. Ez zuriak ez gorriak ez alderdi komunista: ekintza zuzena eta herrialde komunala guztientzat. Banketxeei eta bankariei lapurretak, multinazionalei kolpeak, “tatusera” edo zulo ikaragarriak, injenieritza lan matxinoak, Punta Carretaseko espetxeko ehun iheslariak, bere herri mugimendu aberatsa, torturatzaileen garbiketa. Cielo de los tupamaros munduko iraultza kantuetara gehitu zen. Gero etorri zen kolpe militarra, mugarik gabeko tortura, erorketak, porrota, kartzela, herbestea. Jende serioa, guztia “bancatu” zuten, eta apenas ezagutu zuten desertzio edo damutzerik. Orduan hasi ginen haien izenak ezagutzen: Sendic, Huidobro, Rosencof, Mújica, Zabalza, 13 urtez bahiturik, inkomunikatuta. Haien epopeia Mauricio Rosencofen bi liburu bikainen bitartez jaso genuen: Memorias del Calabozo eta, bere antologia, De puño y letra. Gerora Daniel Chavarríak biografia bikaina osatu zion Raúl Sendici, eta horrexi esker ezagutu ahal izan genuen uruguayar buruzagia honek ere jatorri euskalduna zuela, Jean Pierre Sindicq Echecopareren birbiloba baitzen.

Demokraziara itzulera, tupamaroak tinko agertu ziren 1994ko Filtroko gertakarietan eta euskaldunen estradizioen aurkako greba orokorretan; bi hildako, makina bat zauritu eta zeukaten irrati bakarraren itxiera ekarri ziena. Jon Mindegiagaren liburu batean kontatu genuen (…).

ZabalzatarrakGoazen baina historiara. 1990eko ekaina Irunberriko arroilan izandako tiroketak markatu zuen, non guardia zibil bat eta Nafarroa taldeko bi kide hil ziren, Susana Arregi eta Jon Lizarralde. Hirugarren bat, German Rubenach, larriki zauritu zuten burua lehertu Zion tiro batez. PSOEko Barne ministroak, Jose Luis Corcuerak, polizi bertsio txundigarri bat zabaldu zuen: honen arabera, Germanek bere kideak akatu zituen, eta gero bere buruari tiro egin zion, suizidio kolektibo harrigarri batean. Inork ez zuen ministroa sinestu, eta ondorengo epaiketako emaitzak Rubenach bere kideei tiro egin izanaz errugabetu zuen. Galdera logikoa, beraz, hauxe da: Nork hil zituen? Zer gertatu zen ehundaka Guardia Zibilez jositako arroilako segadan, gorpuak argitara eman aurreko 24 orduetan? Bidasoatik Iratira hegaldatu zen Mikel Zabalzaren tortura eta hilketaren oroimena (beste Zabalza bat!).

Gaiak merezi zuen liburu bat, eta urte bukaerarako Durangoko Azokan genuen, gaur egun debekatuta legokeen azpitituluarekin: Foz de Lumbier. Antecedentes y crónica de unas ejecuciones. Xabi Oterok egindako azalean, putre batzuk -Gyps Fulyus-  ageri ziren hegan, gertakarien kokagune ikusgarrian. Liburua, Patxi Larrainzarren hitzaurre eta guzti, taldean gauzatu zen: Iñaki Egañak eta biok egin genuen sarrera historikoa, eta Adolfo Araiz abokatuak gainontzekoa. Gai labainkorra zen, eta hirurok goitizenez babestu ginen, nafar sozialismoaren izen mitiko bat erabilita, Ricardo Zabalza baztandarrarena, Frente Popularreko diputatu, 1940an fusilatua. Alegoria adierazgarria zen. Inork ez zuen liburuan zioena gezurtatzeko lanik hartu, baina horrek ez du esan nahi errelatoaren gatazka hura irabazi genuenik: Egun arroilan dagoen plaka batek gogorarazten digu bertan zendutako guardia zibila, eta ahazturan darraite militante gazteak eta haien heriotzaren kausa. 

Hogei urte geroago Puerto de Santa Mariaraino bidaiatu nuen, 40 minutuz eta kristal bat tarteko, German Rubenachi bisita egitera. Betiko irribarrea zuen, eta tiroz zeharkatua aurpegia. Susana eta Jonen heriotzak azalpen ofizialik gabe jarraitzen zuten, inork ez zuen bere gain hartu jazotakoa, eta berak kartzelan jarraitzen zuen. Ez zuen baina ezta umorerik ere galdu. “Nik kideak tirokatu, nolako gauzak dituzten espainiar hauek!”. 

Kontua ez zen bere horretan bukatu. 1991n Uruguayra jo, eta tupamaroen egoitza bisitatu nuen. Bertan zen Jorge Zabalza, Tambero, diktadurak bahitutakoetako bat. Liburu batzuk eraman nizkion, horien artean Ilunberriko arroilarena. Idazlearen izena ikusi eta Ricardo Zabalzari buruz galdegin zidan Jorgek. Goitizen bat zela azaldu nion, eta agintari sozialista ezagun bat izan zela, fusilatu zutena, etb. Orduan berak borobildu zidan historia:

Zabalzatarrak

.

.

 -Es que mi padre fue diputado del partido blanco, pero muy liberal, y como casi todos en Uruguay, partidario de la República española. Leía del tema todo cuanto traía la prensa y por tener su mismo apellido vasco -mi abuelo vino de Subiza, en Navarra- reparó en lo que hacía y decía Ricardo Zabalza, el socialista navarro. Cuando leyó un día que lo habían fusilado, le impactó tanto que decidió que si un día tenía otro hijo le llamaría Ricardo, en su honor. Así que mi hermano se llamó así. Veinte años después era tupamaro, lo detuvieron los milicos en la toma de Pando y allí mismo lo fusilaron.

.

Harritu egin ninduen. Ricardo Zabalza batek besteari eman zion izena eta patua. Oraindik eta arrazoi handiagoarekin, goitizen bera erabiltzen jarraitu genuen hurrengo liburu batzuetan, Voluntarios, berbarako, edo Semillas de libertad, gaur argitaratu ezinezkoak, bizi dugun askatasun urraketa gero eta handiagoaren erruz. Eta historia bukatzeko, edo historiarekin jarraitzeko, 2008an nafarraren biografia osatu bat plazaratu genuen, arduraz eta maitasunez Emilio Majuelok idatzia: La generación del sacrificio. Ricardo Zabalza 1898-1940. Orduan jakin genuen politikari baino lehen maisu, poeta eta editore ere izana zela. Eta jakina, maite zituela liburuak:

Ellos son como el sol. Ellos mi vida
llenan de tibios, blancos resplandores
con la luz que dejaron encendida
con sus hojas los grandes pensadores.
Uno cuenta sus ansias sin medida
aquel sus sueños, este sus amores
y allí otro encuentra en su punzante herida
un manantial de inmarcesibles flores.
Homero, Esquilo, Píndaro y Virgilio
Horacio y Dante y Byron en concilio
reunidos forman mi celeste coro
y de la dulce paz de mis estantes
me miran Goethe, Shakespeare y Cervantes
con la sonrisa de sus libros de oro

.

* Erredakzioan itzulia

Zabalzatarrak  Zabalzatarrak  Zabalzatarrak

Zabalzatarrak