Vlora kargaontziaren historia

Vlora kargaontziaren historia

Vlora kargaontzia Durreseko portu albaniarrera iritsi zen Kubatik. Irlatik ekarritako azukrea deskargatu eta konponketa batzuen beharrean zegoen. 1960an eraiki zuten Anconako ontzioletan, eta 1995ean desguazatu zuten Turkian. Baina itsasontzia bera baino interesgarriagoa da, noski, bertan joan zen jendea eta bizi zuten garaia.

Albanian Enver Hoxharen sozialismoa pikutara joan zen Ramiz Alia oinordekoaren eskutik, 90eko hamarkada hasieran. Sobietar Batasunean Glasnost eta Perestroikaren garaiak ziren. Lehen hauteskundeak 1992. urtean ospatu ziren, baina trantsizio garai hura ez zen batere erraza izan, eta kapitalismoa kolapsatu egin zen. Albania gerra zibil baten atarian izan zen 1997an.

90eko hamarkadan milaka albaniarrek alde egin zuten ordurarte Europako lurralde hermetikoenetakoa izan zen sorterritik etorkizun hobe baten bila. Bizitzaren gordinak inmigratzera behartu zituen, eta asko izan ziren Italia aldera jotzea erabaki zutenak. Jendearen ezintasunak Vloraren okupazioa eragin zuen.

Milaka eta milaka lagun joan ziren Durreseko portura itsasontzira igo eta alde egiteko asmoz. Lehenak soketatik igo ziren, ondoren besteei pasabidea ahalbidetzeko. Garaiko hedabideetan zifra dantza handia dago, baina guztiek esaten dute barkura igo zirenak 10.000 eta 20.000 tartean izan zirela. Dena den, bada adostasunik: itsasontziko zentimetro bakoitza bete zuen jendeak. Denek joan nahi zuten hedabideek saltzen zuten paradisu italiar hartara. 1991ko abuztuaren 7ko goiza zen.

Halim Milaqi zen Vlora kargaontziko komandantea. “Ez bahaiz berehala irtetzen portutik garbituko haut” esan zion bidaiarietako batek, eta Milaqik oso garbi izan zuen aukera guztiz posiblea zela. Itsasontziari ez zizkioten egin oraindik behar zituen konponketa guztiak, eta hala eta guztiz ere, noski, portutik itsaso Adriatikora atera behar izan zen, milaka eta milaka lagun (20.000 agian) zeramatzala.

55 mila nautiko egin zituzten 36 ordutan, eta Bari hiri italiarrera iritsi ziren. Hiriak ez zuen etorrera espero, eta gainera jende asko kanpoan zen abuztuko oporrak zirela eta.

Luca Turi argazkilaria portura inguratu zen, eta bereak dira irudiak. Asko uretara bota ziren itsasontziak lurra ukitu aurretik; egoera tamalgarrian iritsi ziren; eta jaitsitakoan, asko eta asko, estadio batean giltzapetu zituzten.

Bisitatuko nuke, ahal banu, Albania; herritarrek errefuxiatuen aferaren inguruan duten iritziaren berri izateko. Besterik gabe, kuriositatez.

Vlora kargaontziaren historia