[Venezuela 3] Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba

Venezuela –

[Venezuela 3]

Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba

 

venezuelaAmerika, Afrika edo Asiako beste herrialde batzuekin gertatzen den bezala, Venezuelako ekonomia dependientea izan da historikoki. Kolonialistek lur horiek inbaditu eta konkistatu zituzten baliabide naturalak ustiatzeko (zilarra, urrea…) eta, monokultiboa inposatuz, produktu zehatz batzuen ekoizpenarekin aberasteko  (azukre-kanabera, kafea, tea, arroza, tabakoa…). Mendetan zehar luzatu zen ekonomiaren eredu horren inposizioak baldintzatu zuen guztiz herri horien ekonomia eta egitura soziala. Geroago, Erta eta Hegoamerikako herri gehienak kolonialismo europearretik EEBBetako “atzeko patioa” izatera pasatu ziren. Modu honetan, beren ekonomia konpainia yankien interesen menpe geratu zen neurri handi batean, bertoko herrien beharrak alboratuz eta ekonomia propioa dibersifikatzeko estrategiak saboteatuz edo, zuzenki, interbentzio eta kolpe militarren bidez eragotziz. Oraindik XXI. mendean herri hauen dependentzia argi ikus daiteke, beren ekonomia baliabide naturalen erauzketan eta lehen-gaien ekoizpenean eta esportazioan oinarrituta.

Ebidentea bada ere, ezinbestekoa da elementu hau azpimarratzea, zeren eta sistemaren komunikabideetatik herri horietako egoeraz eta ekonomiaz ari direnean desitxuratze iraingarria egiten baitute, intentzio okerrez baita, maiz, ezjakintasun larderiatzailez ere. Ezin da alderatu Europako edo EEBBetako ekonomiaren dibertsifikazioa eta populazioaren kontsumo-maila beste kontinenteetako herri askok daukatenekin, eta era naturalean herri atzeratu eta trakets bezala irudikatu. Beste alderdi batzuk tartean badaude ere (Sobietar Batasunaren influentzia gutxitzeko Europan garatutako “ongi-izatearen gizartea” kasu), ustiatutako herriei lapurtutako plusbalia erraldoiari esker beren kontsumo maila handitu duten estatu kolonizatzaileen esplotatutako populazioak ezin dira alderatu herri horien populazio esplotatuekin. Garapen historiko ez-natural hau argi utzi behar da, gainontzeko analisietan eta azalpenetan sartu baino lehen.

venezuela

Venezuelako kasuan badago beste faktore zehatz bat, bere azken hamarkadetako garapen ekonomikoa guztiz baldintzatu duena: petrolio-erreserba erraldoiak. 1920ko hamarkadatik aurrera, petrolioaren ustiaketa eta esportazioarekin dirutza hasi zen sartzen Venezuelan. XX. mendean zehar petrolio-industriaren kudeaketan Estatuak gero eta eskuhartze handiago izan badu ere, etekin gehienak elite baten eskuetan geratzen ziren. Edozein kasutan, diru-sarrerak hain handiak ziren (venezuela saudíterminoa erabiltzen hasi zen momentu batean) dirua populazio sektore zabal batera ere heltzen zela (bai soldataren bidez bai era ez-zuzenean, petrolioz ongarritutako ustelkeriaren bidez). Venezuelako ekonomia petrolioaren atzean lerrokatu zen guztiz. Horrek areagotu zuen erabat Venezuelako dependentzia, Estatu rentista bihurtuz. Kalkulatzen da 2010. hamarkadan diru sarreren % 95 petrolioari lotuta zegoela. Irudia sinplifikatuz, Venezuela petrolioa esportatzen zuen eta lortutako diruarekin dena inportatzen zuen kanpotik, dirudunen luxuzko produktu asko barne. Eskema horretan kaltetutako eremu garrantzitsuenetariko bat nekazaritza eta elikagaien-eraldatze industriarena izan zen. Elikagaiak ekoiztu ordez, inportatzen ziren, eta hamaika nekazarik atzean utzi zuten beren lanbidea, baita landak, jakintza eta nekazal-kultura ere. Nekazari horietako asko hiri handietara abiatu ziren lanaren bila (lan informaletan mugitzera kasu gehienetan) eta hirietako kanpoaldeko zonaldeetan pilatu ziren, hirigintza-planik gabe eraikitako auzoetan. Caracas inguratzen duten ranchito-z beteriko mendi-maldak fenomeno honen argazki ikusgarriena dira. Prozesu desordenatu honen aurrean Estatuak historikoki izandako utzikeriak arazoa hazten utzi zuen, lotutako fenomenoak areagotuz: bartertzea, familia-desegituraketa, deseskolatzea, delinkuentzia, indarkeria, droga-trafikoa…

Errealitate horren gainean hasi behar izan zuen Chávez-ek bere proiektua eraikitzen; sistema kapitalistaren komunikabideetan sahiesten den elementu gakoa… Marjinazioak, “biharko egunera begira”-ko errealitateak, formazio politiko eta kontzientzia faltak eta jendartearen maila guztiak zeharkatzen dituen amarru-kulturak zaila jarri zioten Chávezi. Populazioa auzo osasungaitzetatik ateratzeko eta landeetara mugitzeko gobernuaren planek ez zuten emaitz handirik izan, nahiz eta lurrak, etxe berriak eta lurra lantzeko baliabideak (traktoreak barne) eman. Etxebizitza duinak bermatzeko ahalegin horren segidatzat har daiteke, neurri handi batean, 2011an Chávezek berak abian jarritako Gran misión vivienda Venezuelaprograma, Maduroren gobernuak jarraitu duena (www.vicepresidencia.gob.ve/gran-mision-vivienda-venezuela). 2019ko urrira arte, eta arazo ekonomikoak direla medio, 2.800.000 etxebizitza eman zaie baliabide gutxiko hainbeste familiari, etxebizitzaren prezioaren % 80 Estatuak ordainduta. Ez da erraza halako ekimenak Munduko beste leku batean topatzea. Edozein kasutan, aipatutako praktika okertuak eta kontrol eta zigor faltak ahalbidetu dute onuradun batzuek etxea jaso, ilegalki saldu eta aurreko etxebizitza ezegokira bueltatzea. Hori jendartean publikoa da, eta jende askok halako kasuren bat ezagutzen du.

venezuela

Herriak benetako subirautza izateko elikatzeko autosufiziente izatearen beharrean arreta eta ahalegina jarri zituen Chávezek, baita herriari antolatzeko eta ekoizteko erraztasunak eta baliabideak emateko ere. Hala ere, ekonomia dibersifikatzeko, produktuen ekoizpena handitzeko eta elikagaien eraldatze-industria garatzeko ahalegina ikuspegi estrategiko batekin abiatuta bazegoen ere, aipatutako ohitura hondagarriekin topatu zen. Aurrerapen batzuk lortu arren, besteak beste kooperatiba batzuen bidez, egindako inbertsioak ez zuen izan bilatutako ondorioa. Zarrastelkeria, antolaketan ganora eskasa eta kontrol falta errotuegi daude eta, hein handi batean, aukera ederra galdu zen autosufizienteagoak izateko eta geroago etorriko zen eraso ekonomikoari egoera hobean erantzun ahal izateko. Chávez fisikoki desagertu ostean, Maduroren gobernuaren aurkako erasoa indartzean, populazio osoaren elikadura bermatzea benetako erronka bihurtu da. Gaur egun Venezuelan garatzen ari den borroka garrantzitsuenetariko eta gakoetako bat. Izan ere, 2016tik hona sekulako ahalegina egiten ari da, gobernutik komunetaraino. Apure Estatuan dagoen Páez udala, esfortzu honen adibide argia da. PSUVek alkatetza lortu zuenetik, mugimendu sozialetik heldutako alkate berriak erabili gabeko udal-lur guztiak era kolektiboan ereitea bultzatu zuen. Hiria zeharkatzean arto-landareak ikusgarriak dira leku ezberdinetan, eta ospitala inguratzen zuten lurguneak arroz-soroak dira orain. Hiriko paisaje bisualaren aldaketaz gain, harreman sozialetan eta herritarren parte-hartzean ere aldaketa garatzen ari dira.

Nazio mailan endemiko bihurtu den arazo bat lurraren jabetasunarena da. Chávezek erabili gabeko lurrak berrezkuratzeko neurri batzuk martxan jarri arren, ekoizteko baliagarriak diren lurren zati handia lur-jabe eta abeltzain handien eskuetan mantentzen da oraindik, nekazal-ekonomia baldintzatzeko ahalmen handiarekin. Beste aldean, kooperatibetan antolatu eta ondo doakien nekazariak egon badaude ere, faktore askorekin topo egin duten nekazari asko daude. Izan ere, lurraz gain, ezinbesteko beste elementu batzuk lortzeko zailtasun handiak daude, bai agortuta dauden lurretarako ongarriak, bai lurra lantzeko tresneria eta ordezko piezak, bai ekoiztutakoa merkaturatzeko baliabideak. Beharren artean haziak daude, nola ez. Nekazal-industriaren multinazionalen hegemoniaren menpean, haziak lortzeko enpresa handiei erosi behar zaizkie; garestiak diren eta uzta bakar baterako balio duten hazi transgenikoak, hain zuzen ere. Aipatutako ekonomiaren kanpoko dependentzia biderkatzen da sektore honetan. Horren aurrean, negozio hutsaren espiraletik at dauden hazi kriolloak berreskuratzen saiatzen ari dira nekazari kolektibo batzuk, baina erronka ez da erraza, behin hazi “moderno” hauen abantailen magalean erorita (ekoizpen handia, homogeneotasun komertziala, izurri eta gaixotasunei erresistentzia…).

Nekazari askok daukaten beste kontrako faktore bat jazarpena da. Zonalde batzuetan lurrak berreskuratzeko borrokak sektore oligarkikoen indarkeria jasotzen jarraitzen du. 2000. urtetik hona 300 nekazari baino gehiago hil dituzte Venezuelan, horietako gehienak (ez badira guztiak) lur-jabe eta abeltzain handien sikarioen tiropean. Testuinguru horretan, aipatzekoa da 2019ko uztailaren 27an Brigadas de Autodefensa Hugo Chávez-en sei militanteen hilketa, Barinas Estatuaren Ticoporo herrian, non lurrarekiko gatazka eta eremua kontrolatzeko mugimendu chavista antolatuen eta trafikante eta paramilitarren arteko borroka nahasten diren. Hala ere, nekazari eta militante chavisten hilketen egile zuzenak eta agindua eman dutenak identifikatzeko eta zigortzeko emandako pausoak eta izandako emaitzak oso eskasak dira. Kasu gehienak argitu gabe geratzen dira. Nekazarien mugimendua nagusiki chavista bada ere, dagoen inpunitateak gobernuarekiko eta justizia sistemarekiko haserrea eta mesfidantza handitu baino ez du egiten.

Hau guztia gertatzen den aldi berean, nekazal-enpresa handiak erraztasun gehiago topatzen ari dira azken urte hauetan gobernuaren partetik. Elikagaien ekoizpena handitzea premiazkoa da eta behar horrek eraman du gobernua Venezuelako inportatzaile eta ekoizle pribatuei erraztasunak ematera, barne merkatua asetze aldera. Gobernua egoera kontraesankorrean dago, alde batetik populazioari oinarrizko produktuak ziurtatzeko premian eta, beste aldetik, sektore pribatuari lehentasuna emanez herri ekimen antolatuen aurretik (komunak batez ere). Egoera larrialdizkoa izan arre, Estatutik baliabide ekonomiko asko negozio pribatuetara bideratzen ari dira, burgesiaren familia batzuk indartuz (kasu batzuetan, gobernu egituretako kargu batzuekin harremanak dituztenak). Epe motzeko neurri hauek hartzen diren bitartean, ez dago bultzada nahikorik elikagaien hornidura Estatuaren enpresen edota kooperatiben bidez egiteko. Era berean, ez dira inondik ere nahikoak elikagaiak ekoizten dituzten komunen eskuetan jarritako baliabideak. Batzuek iniziatiba pribatuaren efizientzia argudio bezala erabili arren, gobernuaren sinesgarritasuna higatuta geratzen da lurrak lantzeko saiakeretan ari diren nekazari apal chavista askoren artean.

 

[Venezuela]

     0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
  8. Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen
venezuela venezuela venezuela venezuela venezuela
Iñaki Etaio

Internazionalista. EHUko irakaslea

2 pentsamendu “[Venezuela 3] Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba”-ri buruz

  • Quousque tandem abutere, Etaio patientia nostra?

  • Si tacuisses, philosophus mansisses, Zizeron!
    Milesker, Iñaki, antichavismoak kutsatu gabeko berriak ekartzeagatik. Konparatzeko aukera izateko soilik bada erre, eskertzekoa da. Kasurik ez zentsuraren fan pseudojakintsuei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude