Katalunia, Europako estatu berria?

Catalunya Nou Estat D'Europa

Kataluniako egun nazionala ospatuko da aurten ere irailaren 11n. Leloa: Catalunya Nou Estat D’Europa. Biltzar Nazionalaren pankartaren atzetik manifestazio kolosala espero dute Bartzelonan; herritarrak ehunka milaka eta parlamentuko gehiengo osoa ordezkatzen duten alderdi politikoak. 30 urtean lehenbizikoz manifestazio bateratua izango da aurtengoa.

Urtero eginagatik, Diada berezia izango da 2012 urtekoa. Onerako eta txarrerako, independentzia babesteko arrazoiak metatzen ari dira urtez urte, astez aste. Inkestek hori erakusten dute: ekaineko datuen arabera, erdiak baino gehiagok bozkatuko luke Europako estatu izatearen alde. Ozeanoaren beste aldean, Finantial Times egunkariak argi du: “Separatism threatens the future of Spain”. Al Jazeera kateak ere kataluniarrek autonomia gehiago izateko duten nahia izan du hizpide erreportaje batean. Independentismoaren ahotsa inoiz baino ozenago entzungo da mundu osoan, batik bat, erorketa librean dabilen Espainiarentzako paraxuta zulatuko liokeelako banaketak.

Estatuarekin adostasunak lortzeko aukera zapuztu eta gero, eta ekonomikoki estatuak bahitzeko (erreskatatzeko) atarian, independentziaren aukera irtenbide gisa aurkezten da gizartean. Konbentzituta zeudenak are gehiago indartu ditu haien ustean. Duda mudatan dabiltzanei azken bultzada eman die Katalunia askearen alde egiteko. Udaletako erreferendumen ostean, parlamentuak ere aldebakarreko independentziari buruz bozkatuko du, ERCren eskaerak aurrera eginez gero. Estatuaren krisi ekonomiko eta politiko latza independentisten akuilu bihurtu da.

Kolore guztietako hedabideak hitz eta pitz ari dira balizko independentziaren onurez eta kalteez (Ara). Catalunya Cap a la Independència? galdetu du igandean El Periodico de Catalunya egunkariak, hipotesia gorpuztuz. Independentziari baiezkoa emango ez lioketenek ere, Joan Subirats irakaslea kasu, egoera erreal gisa aztertzen dute independentzia El Pais egunkarian (Momentos de confusión). Lege ikuspegitik nola bideratu ere aztertu du El Punt Avui egunkarian Albert Pont irakasleak L’endemà del dia D artikuluan. Geurean ere mira jarria dago Katalunian: Berrian Urtzi Urrutikoetxeak aztertu du auzia Diada artikuluan. Ez dira politikari independentistak eta herritarrak bakarrik eztabaida politikoa aztoratzen ari direnak. Masa ikono pop batek, Pep Guardiola futbol entrenatzaile maitatuak, bere babesa agertu dio manifestazio independentistari. Irailaren 11ko apar otzana ote da ala lurrikararen aurreko dardara?

Diadaren osteko egunean zer? Akordiorik ezean aldebakarreko apustua egingo dute? Independentzia bazter utziko dute krisiak jota?

Uste duzu Kataluniak Europako estatu izatea lortuko duela?

#11s2012, diada, independentzia, Katalunia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude