Urrea balio al du denborak?

Beharra ala obsesioa?

Beharra ala obsesioa?

Uste dugu gure bizitza diruan eta berarekin egin dezakegun guztian oinarriturik dagoela. Baina zer nolakoa izango litzateke gure bizimodua denboran oinarriturik balego?

Imajina dezagun mundu bat non erosteko (eta hortaz, aurrera egiteko) ahalmena norberari geratzen zaion segundo bakoitzaren menpe dagoen. Bitxia? Arraroa? Ezinezkoa? Ba hau da gertatzen dena “In Time” filmaren fikziozko munduan. Herritar orori, 25 urte betetzean, erloju bat sortzen zaio gorputzean eta fisikoki hazteari uzten dio.

Baina ezer ez da infinitua, eta noski, herritar guztiak hilezkorrak balira, ezinezkoa egingo litzateke guztientzako baliabide nahikoak lortzea. Horregatik, gutxi batzuk botereaz jabetzen dira, gehienak kale gorrian daudenean[1]. Eta gero komeriak: beldurra, inbidia, lapurretak, hilketak…

Jendea egun bateko epearekin bizi da, borrokan dihardu, indartsuenek besterik ez baitute bizirik irauten, Darwinen Eboluzioaren Teoriari jarraituz. Baina zer gertatzen da espero ez dugun momentua iristen denean? Bost segundo geratzen zaizkigu, hiru, bat, zero! Seko erortzen gara lurrera, inoiz bizirik egon izan ez bagina bezala.

Hilezkor izatearekin amesten dugu, gazte izan nahi dugu betiko, denbora gehien duena aberatsena dela iruditzen zaigu. Ahaztu ditzagun mundu paraleloak eta itzul gaitezen Ama Lurrera: denbora azkar pasatzen da eta obsesionatzeak ez dakar ezer onik. Ez al da hobe bizitzearekin amesteari utzi eta une bakoitza dastatzen hastea?

Bizitza eta heriotzaren arteko jolasak beldurtzea normala da, baina gure planeta maitea ez litzateke ba oso aspergarria izango guztiok 25 urteko gazte eder, lirain eta indartsuak bagina? Ez genuke disfrutatuko jaioberri batek gure behatza hartzean, amonaren magalean eserita egotean ipuin bat entzuten edo maite dugun pertsonaren ondoan zahartzean, lehenengo zimurrekin eta guzti, ezingo genukeelako antzeman.

Segundoak falta zaizkigula pentsatzen xahutzen dugu denbora, eta ahaztu egiten zaigu gauza ez dela dena garaiz egitea, egiten den horrekin disfrutatzea baizik.


[1] Hau ezaguna egiten zait…

bizitza, boterea, denbora, dirua

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...