Urpeko mendien kala eta kalapitak

Urpeko mendien kala eta kalapitak

“Mundua asko aldatu da sarearen eraginaz” badiot gauza bat ulertuko duzu; “mundua ez da nahi adina aldatu Sareren eraginaz” esanez zerikusirik ez duen beste zerbait; baina gaur esatera natorrena da “mundua asko aldatu dela sareen eraginez”.

Urpeko mendien kala eta kalapitakAspaldi agortu edo urritu ziren itsasertzeko aberastasunak, eta arrantza industrialak mendira jo zuen; ez Santa Kruz apaizak bezala, baizik eta itsasoak, bere sakonean, ilunean eta sekretupean gordetzen dituen (zituen) mendieetara. Urpeko mendizerrak espezie ezezagunez beteta daude, eta arraste-arrantzaren garapenak hondo irregular eta arroila sakonetaraino iristea ahalbidetzen du: motor geroz eta indartsuagoak, sare handiagoak, lokalizazio sistema zehatzak, nabigazio sistema berriak… Sareek 2000 metroko sakonera baino gehiago lortzen dute. 2000 metro.

Dena den, aitortu behar da gizakia ilargira eta bere teknologia batek daki nora iritsi den bitartean, itsaso azpiko urak eta lurrak galaxia oso urrunak direla oraindik ere.

Espezie ezezagunak edo aurkitzen hain errazak ez direnak majo ordaintzen dira mundu osoko jatetxe garestienetan, eta itsasoa baino diru gose handiagoa daukaten enpresek arrantza meatzaritzaren pare jarri dute; hots, minerala agortzen denean beste zulo batera egiten dute jauzi, eta itsasoko biodibertsitatearen azken erreserbei pasara ederra eman die azken urteetan.

Urpeko mendien kala eta kalapitakUrpeko mendietan 10 milioi espezie ezberdin bizi direla kalkulatzen dute zientzialariek, hau da, oihan tropikaletan adina biodibertsitate; sakonerak eta iristeko zailtasunak bilakatzen du ingurune menditsua, oso maiz, espezie horietako askoren bizitoki bakarra. Farmazeutika eta bioteknologia enpresak ere aspaldi hasi ziren itsas-azpiko arrakaletara begira, eta bertan zegoen aberastasunaz jabetu (hitzaren bi zentzuetan) ziren unetik aitzin ohartzen hasi zen mundua harrizko gune hauen hauskortasunaz. Sakoneran bizi diren espezie gehienek hazkunde erritmo oso geldoa daukate. Badago “arrain ordulari laranjatua” izena duen espezie bat (Hoplostethus atlanticus), 150 urtez bizi daitekeena, eta urte piloa behar ditu garatu eta heldu bilakatzeko. Ala jinkoa. 150 urte bizi daitekeen arrain bat; eta nerabezaroa luzatzen duena; eta gainera “ordulariarekin”… Ene bada, hemen bada beste artikulu baterako adina mami.

Arraste-arrantzak dena eramaten du: iturri hidrotermalak edo ur hotzetako koralak, esaterako. Koral hauek espezie askoren bizitoki bakarra dira, eta kasu askotan 2000 urte baino gehiago behar izan dituzte garapen osoa lortzeko; hau da, “K.a” erabiltzean Kristo Aurrekoa edo Koral Aurrekoa irakurri dezakezuela, nahieran. Itsasoaren sakonean bizitza mantentzeko esentzia da korala, baina ez dauka balio komertzialik; sareek zuztarretatik ateratako guztia berriz ere itsasora botatzen dute, jada bere funtzioa galduta. Bi mila urtez eraikitakoa segundo bakarrean izorratu…

Kantauri itsasoan bada ur-azpiko mendi eder bat: Katxutxo, Asturias parean (agerikoa da toponimoaren jatorria euskalduna dela, garai bateko Kantauriko artzain famatuak bertan ibili ziren seinale). Mapan ikusi dezakezuen bezala, osoki edo partzialki esploratu dute; eta ustiatu, batek daki. Kontutan hartu mendiak eta esploratutako eremuen beri ematen duen mapa hau 2005ekoa dela.

Urpeko mendien kala eta kalapitak

Eta honen aurrean zer? Euskal Herrian abian daude jada egitasmo txikiak. Mintzatuko gara hortaz datorren astean, ez zaituztet gehiegi entretenitu nahi; bizitza motza da eta gu ez gara arrain ordulari laranjatuak.

*Iturriak: Wikipedia eta Le Monde Diplomatique.
Urpeko mendien kala eta kalapitak Urpeko mendien kala eta kalapitak

 

arrainak, arrantza, arraste arrantza, ekologia, itsasoa, natura, urpeko mendiak, Urpeko mendien kala eta kalapitak
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude