Uharteak

Uharteak –

Cira Crespok Arabako Alea agerkarian.

Uharteak

Ez naiz inoiz irla batean bizi izan. Ez naiz irlatarra, eta horregatik ez dakit itsasoak inguratzen duen lur eremu batean bizitza zer den, baina badakit zerbait irlei buruz. Adibidez, Historia ikasten ari nintzenean, gogoratzen naiz irakasle batek nola esan zigun gauzarik garrantzitsuenak beti uharteetan gertatzen zirela, zibilizazioen arteko korapiloak baitira. Geroago, Sizilian ezagutu nuen mutil batek esan zidan James Joyce maite zuela harengandik oso gertu sentitzen zelako, eta gainontzean, pentsatzen zuen siziliarrak eta irlandarrak oso gertu zeudela. Ez nuen oso ondo ulertu zergatik, baina, denborarekin ikusi dut uharteetako jendearen artean lotura bereziak daudela. Beharbada, ihes egiten didan arrazoiren batengatik, uhartetasunak jendeari tresna gehiago ematen dizkio bizitzan sakontzeko, giza izaeran gehiago pentsatzeko?

Euskal Herrian irlak oso bitxiak dituzue, politak… baina txikiak eta jendez hustuak. Herrialde katalanetan, aldiz, badaude uharte handi batzuk, jende eta guzti. Adibidez, nire karrerako laguna, Paula, Mallorcatik iritsia, beti ari zen nola itzuli pentsatzen. Erasmusa Sardinian egin zuen, nola ez. Eta itzuli ere egin zen bere itsasoz inguratutako etxera, noski. Penelope, Odiseoren emaztea, aldiz, ez zen bere irlatik mugitu. Bizitza osoa Itakan igaro zuen. Homeroren arabera, Odiseoren zain zegoelako, baina ez dugu ezagutzen bere bertsioa. Homeroren kondairan oso ehule ona zen eta egunero tapiz bat egiten zuen; gauez egindakoa desegin, eta, hurrengo egunean, ehuntzen jarraitu. Ez dakigu zer margotzen zuen hariekin, zein zen kontatu nahi zigun kontua.

Horren harira, gaur egun, Balearrek, nostalgiko eta berezien ospearen aurrean neurria emanez, munduko himno ofizialik politena dute, kanta herrikoi batean oinarrituta. La Balanguera du izena, eta emakume mitologiko bati buruz hitz egiten du. Esango nuke kontatzen digun istorioa Peneloperena dela. Hau da, ehule baten istorioa, alegia, gure etorkizuna eta iragana kontatzen digun emakumearen istorioa. Nire irakasleak zioen bezala, uharteetan ehule-istorio horiek, agian, zibilizazioaren oinarriak ere badira, nork daki. Akaso horregatik uhartetarrek ez dute inoiz bere lurra utzi nahi, istorioak kontatzeko leku hoberik ez dagoelako.

Ereserkiaren zati batzuk euskaratu ditut, ea zer iruditzen zaizuen.

.

Balangera misteriotsua,

armiarmaren arte sotilaren gisa,

gorua husten eta husten ari da,

gure bizitzaren haria ateratzen.

.

Parka baten moduan hausnartuz,

biharko tela ehunduz,

Balangerak iruten du

Balangerak irungo du…

.

Badaki enborrak hobe igotzen direla

zenbat eta sakonago errotu,

Balangerak iruten du

Balangerak irungo du…

Uharteak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Uharteak”-ri buruz

  • josu naberan 2022-05-16 00:30

    Kontxo,

    Pozten nau BALANGERA eta BALEARRAK aipu ekartzeak hona.

    “Balearrak” ABAILARIAK omen dira, abailari oso onak. Hortik akaso euren jatorrizko izena? Izen aproposa baita, BALEA baino ziurragoa.

    Bestalde, Menorcako kontu polita zeukenat:

    Menorkarrak duela 4.500urte joan omen ziren hara (Iberiatik izango seguruenik)

    Bada, itsasoari lepo emanda bizi omen ziren… baina euren defuntuak itsas labarrean zulatutako kobetan hilobiratzen zituzten. Horixe zen haientzat MUGA, bizien eta hilen arteko muga.

    Eta beste kontu interesgarri bat, GEO-HISTORIA aldizkariak dakarrena pasadan:

    Menorcar haien beren defuentue ilajea OCRE kolorez blaitzen zuten (neandertalek bezala!), Loizuko Gizakia hobiratu zuten bezala (-11.750~), haren gorputza OKRE kolorez igurtzita, baita ere (neandertalen ohitura, gogora)

    Ea gu ere Neandertalak garen, eta ez, denek pentsatu arren, SS.Kromañoiak!. Zeren SS-eri buruz ez baitakigu ezertxo ere (ez haren pentsaraz, ez ohituraz, ez mitoez, ez ezertxoZ)

    Eta ostera, S. Neandentalari buruz gero eta gehiago dakigu.

    Adibidez, euskera “modernoa”, bisilabazkoa, neander gurearen monosilabazkoen gainean (28 erro) eraiki zuten Solutrenseek (-18.000), ezen EZ Cromañoiaren hizkera eztarrizkoaren gainean (4 erro soilik)

    Beraz…