Txaboletan bizi direnek hitza lortu dute

2015eko ikusiena ZUZEUnhttp://www.vimeo.com/5971780

Hegoafrikan milaka pertsona bizi dira latorrizko horma artean, zikinkeri artean eta egoera horretatik irteteko aukerarik gabe. Ez dute ez ur korronterik ezta elektrizitaterik ere eta osasun zerbitzuak eta eskolak kilometrotara daude.Gobernuak beraien etxeetatik bota nahi ditu, beraien egoera hobetzeko? Txaboletan bizi direnen mugimendua edo Abahlali baseMjondolo zuluz mugimenduaren arabera turisten eta zurien begiradetatik oraindik gehiago aldentzeko.

2005.urtera arte gobernuaren erabakien esklabo izan dira baina indarrak batu dituzte eta antolatu dira eta, egun, badute zer esan berain herrialdearen garapenean.

Lur-jabetza ezinezkoa

Nazio Batuen Erakundeak lotura estua ikusten du lur-jabetzeen eskasiaren eta etxebizitza duin bat izateko aukera falten artean. Egoera horren jatorria 1948 eta 1994 urteen artean herrialdeak bizitako apartheid garaian zehaztu daiteke. Kolonizatzaile nederlandarrek ezarritako segregazio garai horretan zehar, biztanleen %75k lurren %13an bizi ziren eta, garai horren amaieratik 2006.urtera, lurren ehuneko hirua bakarrik izan zen birbanatua. Hala ere, oso beltz gutxik izan dute aukera lur-jabetza bat lortzeko, enpresari zuriek eragindako lurren gainbalioaren ondorioz.

Egoera horretan murgilduta, asko dira hiri hegoafrikarretako inguruetan txaboletan bizitzera behartuta daudenak. Horregatik, etxebizitza publikoko sistema eraginkor baten ezarpena bilakatu da Abahlali baseMjondolo mugimenduaren aldarrikapen nagusia. Eman diren etxe aldaketa gehienak, txabola aldaketa bat izatera mugatu da: hiritik urrun dauden txabolak, oraindik urrutiago dauden barrakoiengatik aldatzen dituzte. Mugimendua osatzen duten hegoafrikarren arabera horrek hirien eta herrialdearen garapenetik kanpo uzten ditu txiroak, sufritzen duten egoeraren hobekuntza ezinduz.

Segregazio horrek lortzen duen gauza bakarra txabolen fenomenoaren jarraipena ziurtatzea da eta hirien kanpoaldeetako txaboletan bizi diren pertsona kopuruaren ugaritzea. Landa eremuetan lur jabetzen faltak, enpresa handien lehiakortasunak eta herrialdeko komunikazio faltak nekazaritzatik bizitzea ezinezkoa egiten du. Aukera gabezia horrek landa eremutik emandako emigrazioak ugaritzen ditu, txaboletan bizi diren pertsona kopurua handituz.

Bizitza txaboletan
Txabolak kokatzen diren guneetan bizi baldintzak, bertan bizi direnen arabera, oso kaskarrak dira: ez dute osasun zerbitzurik ezta hezkuntza zerbitzurik ere; ez dute sare elektrikorik ezta ur zerbitzurik izateko aukerarik ere,horiek lapurtzera behartuz. Egunean, bataz bestez, hamar txabolek su hartzen dute eta bi egunen behin pertsona bat hiltzen da sute horien ondorioz.

Gobernuak eratutako barrakoi kanpalekuetan egoera ez da askoz hobea. Ez dute ez zabor-bilketa zerbitzurik ezta ur beltzen kanalizazio eraginkorrik ere, horrek eragiten dituen ondorioekin. Ur eta elektrizitate zerbitzuek etengabeko etenak jasaten dituzte eta kanpalekuetako segurtasun maila minimoa da. Abahlali baseMjondolo mugimenduak gobernu hegoafrikarraren ustelkeria salatzen du eta barrakoien banaketa nahierara ez egitea eskatzen du.

Husteak
Legedi hegoafrikarrak lurjabeak bultzatzen ditu beraien lurretako legez kanpoko asentamenduak irtenaraztera. Baina, beste artikulu baten arabera, husteak debekatuta daude hustutako pertsona etxerik gabe gelditzen denean. Hala ere, huste-legeek ez dute pertsonen birkokapena bultzatzen. Nazio Batuen Erakundeak, herrialdean izandako begirale baten bitartez, bere kezka azaldu du kontraesan horren aurrean, pertsonak aukera gabe uzten dituela argumentatuz.

Gobernu hegoafrikarrak, bere aldetik, txabolak etxebizitza duinen truk aldatzeko prozesu baten sartuta dagoela esaten du. Badirudi gobernuaren irizpenek ez dutela Nazio Batuen Erakundea konbentzitzen. Begiralearen arabera, nazioarteko betebeharrak errespetatzerako orduan gaizki-ulertze bat ematen ari behar da eta politika horren aurrean bere kezka erakusten du, hustutakoen babesa kolokan dagoela eta pertsonen kriminalizazioan eratorri daitekeela ohartarazten du.

Abahlali baseMjondolo mugimenduak huste-politika txabola aldaketa bat bezala definitzen du: beraien txabolak gobernuaren txabolen truk, baina, hirigunetik oraindik urrunago. Gainera, gobernuak haien bizilekuak izendatzeko erabilitako era salatzen dute, apartheid garaiko “behe-auzo” terminoa, alegia. Izendapen horrek, dio txaboletan bizi direnen mugimenduak, gizartean dagoen arrazakeria eta pertsonen arteko segregazioa handitzen duela adierazten du.

Mugimendua, dio Abahlali baseMjondolo-ko presidente den Sbu Zikodek, ez dago ados txaboletan bizitzearekin: “gure helburu bakarra bizitza duin bat izatea da, non gure oinarrizko beharrak aseak diren. Ez dugu abisurik gabe hustuak izan nahi, gure estruktura sozialak errespetatuak izan gabe eta ditugun jabetza gutxiak galduz”.

Talde kontzientzia

Hegoafrikarren ia %50k pobretasun nazionalaren mugaren azpitik bizi da. Biztanle horien gehiengoak legez kanpoko kanpamenduetan bizi dira. Horrelako komunitate baten batasuna biziraupenerako beharrezkoa da, beraz, lotura sozialak errespetatu gabeko etxebizitza aldaketek pertsonen pobrezia egoera nabarmenki larriagotzen dute.

Abahlali baseMjondolo bezalako mugimendu baten batzeak aldaketa handia suposatu du, txaboletako biztanleek adierazten duten bezala. Erakundea sortu aurretik, gobernuak libreki jokatu zezakeen, baina, orain, elkarri laguntzen diote beraien eskubideen aldarrikapenean. Beraiek herritarren demokrazia eskatzen dute, herriak sortua eta herriarentzako, garapen partehartzailea helburu duena eta pertsona guztiak justiziaz eta duintasunez tratatzen dituena. Bestalde, estatuaren, intelektualen eta gobernuz kanpoko erakundeen jarrera salatzen du: “txabola baten bizi bazara, txiroa bazara, uste dute ez zarela gai zure kabuz pentsatzeko eta hirugarren bat kontratatzen dute, zure partetik pentsatzeko eta zu ordezkatzeko. Uste dugu ebazpena bakarrik lortuko dugula lekua uzten digutenean, ebazpidearen parte egiten gaituztenean”.

Abahlali baseMjondolo

Txaboletan bizi direnen (Abahlali baseMjondolo zuluz) mugimenduak edozein eratako ideologia politiko ezeztatzen du. Mugimendua pobreen politika bezala definitzen dute. Duintasunaren eta oinarrizko eskubideen aldarrikapenean oinarritzen da, horretarako indarren batasuna erabiliz eta diskriminazioaren eta segregazio arrazistarekin amaitzea helburu dute.

Abahlali baseMjondolo-k gizartearen parte den mugimendu bat bezala ulertua izatea eskatzen du eta ez zalapartari huts bezala. Batez ere, txabolen arazoen ebazpidearen parte izatea eskatzen dute, mugimendua txaboletan bizi direnek osatzen baitute eta horiek baitira arazoaren biktima nagusiak.

Abahlali baseMjondolo 2005ean sortu zen Durbaneko hirian antolatutako blokeo baten ondorioz eta, dagoeneko, beste hiri batzuetara zabaltzea lortu du, Cape Town edo Pietermaritzburg bezala. Mugimenduak marjinatuen egoera Hegoafrikako Auzitegi Gorenera eramatea lortu du, hitza eman die inoiz izan ez dutenei.

Abahlali baseMjondolo ETBn

ETBk Elkartasunaren Bideak saioaren ekipo batek egindako dokumentala emitituko du aste honetan: asteartean ETB-3n gaueko 22:30etatik aurrera, larunbatean ETB-1n 13:00etatik aurrera eta igandean 09:00etatik aurrera ETB-2n.