Turkiar faxismoaren aurrean, herriok borroka internazionalista!

Turkiar faxismoaren aurrean, herriok borroka internazionalista! –

Azken egunotan Siriako Idlib eskualdea etengabeko albistegai izaten ari da, egunkari eta telebistetan. Idlib, 2019 hasieratik, Siriako gobernuaren aurka aritu diren talde jihadisten kontrolpean egon da, hain zuzen ere Al Qaedaren gertukoak diren Hayat Tahrir al Sham-en menpean. Gertaerek ez dute etenik, artikulu hau idazteko unean bertan, hamarnaka soldadu turkiar hil dira Siriako ejertzitoak Idlib berreskuratzeko eginiko erasoan; eta, bestalde, Turkiak mehatxu egin dio Europar Batasunari, etorkinei mugak irekiko dizkiela adieraziz.

Turkiar faxismoaren aurrean, herriok borroka internazionalista!

Gertakari hauen aurrekariak: 2011tik gaur egundainoko errepaso azkarra

2011an “udaberri arabiarra” izenez ezagutzera eman zen altxamendu herritar sorta baliatuz, Siriako gobernuaren aurkako aldarrikapenak babestu eta sustatu zituzten mendebaldeko potentzia inperialistek (EEBB, Frantzia eta Britainia Handiak) zein euren aliatu lokalek (Turkia, Saudi Arabia eta Qatar batik bat), erregimena aldatzera bultzatzeko asmoz. Horretarako, ikuskera pro-inperialista eta erreakzionarioa bermatuko zuten kanpo eta barneko eragileak erabili zituzten, haien interesak babestuko zituen meneko gobernua ezartzeko asmotan.

Siria herrialde garrantzitsua da ikuspuntu ekonomiko eta geoestrategikoan; batetik, Mediterraneo itsasora irteera du, eta bestetik, bertatik pasatzen dira Persiar Golkotik datozen eta Europara doazen oliobide eta gasbide nagusiak. Hori guztia gutxi balitz, Siriako desertuetan gas erreserba handiak daude, askorentzat petrolioaren ordezko nagusia izango den erregaia XXI. Mendean. Baina natur baliabideen iturri eta kokapen estrategikoa izateaz harago, bereziki azpimarratzekoa da duen pisu geopolitikoa eskualdeko ardatz antisionista eta antiinperialistan: Iran, Hezbollah eta palestinar borrokari babesa ematen die. Azken faktore honek eragiten die burukomina, bereziki, bat baino gehiagori.

Turkia horretan guztian eragile oso garrantzitsua dugu, “udaberri arabiarrak” hasten direnetik, eskualdeko nagusitasun eta erdigune izaera berreskuratu nahi baitu. Horretarako, Qatar-ekin batera, Anai Musulmanen inguruko indar suniak babestu zituen eta babesten jarraitzen du Ekialde Hurbil guztian, eta horrez gain, Siriako egoera kaotikoa aprobetxatuz, milaka yihadistei entrenamendua eta babes zuzena eman die –eta ematen die– historikoki Turkiaren etsai nagusienetakoa izan dena militarki suntsitzeko: herri kurdua. Turkiako Gobernuak armada handi eta indartsua du, NATOren baitako esanguratsuenetakoa, eta Siriako errefuxiatuen gaia baliatuz estrategia inperialistaren garapena baldintzatzen dihardu etengabe EB presionatuz, diru-laguntza ekonomiko handiak jasotzeko eta EBean sartzeko prozesua azkartzeko; EBk eta Turkiak sinatutako hitzarmena da horren adibide garbia.

Egoera ezegonkor honetan, eta beti ere eremuko potentzia nagusi bihurtzeko helburuarekin, Turkia siriar lurraldean sartu da eta hainbat eremu beretzat hartu ditu, Afrin kasu. Perspektiba horretatik hartzen du zentzua Turkiak NBEn “zonalde segurua” markatzeko egindako eskaerak, bi argudio nagusi erabiliz: batetik, “terrorismo kurduagandik” babesteko, eta bestetik, gerrak sortutako errefuxiatuak bertan birkokatzeko (garrantzitsua da azpimarratzea YPGek kontrolatutako eremuaz ari zela nagusiki). Eskaera hau bera egin zien Errusia eta Irani astebete lehenago haiekin izandako bilera batean, hauen ezezkoa jaso zuelarik. Orduan, dagoeneko ohartarazi zuen Idliben sarraskia ekidin behar zela 4milioiko errefuxiatu uholdea ekiditeko.

Testuinguru honetan ulertu behar dugu iazko Urriaren 9an hasi zuen erasoa Turkiarentzat mehatxu handia suposatzen duen Rojava Siriako ipar ekialdeko eremuaren kontra, behin AEBek bertatik alde egin zutela. Horren karira, ordura arteko hartueman dinamikan sakondu zuten Errusiak eta Turkiak, 2019ko urriaren 22an Sochiko hitzarmen gisa ezagutzen den akordioa berretsi zuten arte (2018an erdietsia).

Idliben azken egunetan gertatutakoak agerian uzten du Turkiako ejertzitoa “errebeldeak” babesteko dagoela, eta honek Sochiko hitzarmenaren urraketa suposatzen du, Errusiaren esanetan, aipatutako segurtasun eremutik harago kokatzen baita, eta siriar burujabetza urratzen baitu. Errusiak eta Iranek argi utzi dute Siriako gobernua babesten dutela bere lurrak berreskuratzeko abiatu duen erasoan.

Badirudi gerra irekia izango den egoera batetara gerturatzen ari dela eremua (dagoeneko gerra egon baitago). Erdoganek dagoeneko eskaria luzatu dio NATOri, jasandako erasoaren aurrean babes dezan, eta badirudi bertatik aldenduta denbora bat eman duen arren (Errusiarekin hainbat akordio sinatu ditu azken urteotan Turkiak), berriro ere ohiko lerrokatzera itzulera izango dela. Honek argi uzten du, esan bezala, Turkiak bere interes propioak dituela eta honetarako eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko prest dagoela, NATOren baitan barne tentsio eta kontraesanak sortu behar baditu ere.

.

Errefuxiatuen afera eta Turkiaren neo-otomanismoa

Turkiak hegoaldean du muga Siriarekin, eta eremuan Siriako errefuxiatu gehien dituen herrialdea da, 3,7 milioi, hain zuzen ere. NBEren arabera, oraindik ere ez da segurua errefuxiatuak Siriara itzultzea.

Erdoganek errefuxiatuen erabilera politiko etengabea egin du, bai barne politikan haiei egotziz krisialdi ekonomikoaren pisu handia, baita kanpora begira ere (EBrekin, zehazki) mugak irekiko dituela esanaz xantai moduan. Azken egunotan, Turkiako tropek erasoa jasan ondoren, Turkiako mandatariak Europar Batasuna mehatxatu du, bere lurraldetik Europara emigratu nahi duten errefuxiatu siriarrei ateak irekiko dituela esanaz, haren alde egiten ez badu. Gogoratzekoa da 2016ko martxoaren 18an EBk itun bat sinatu zuela Ankararekin, eta, haren bitartez, EBn zeuden migratzaileak Turkiara itzultzea hitzartu zutela, 6.000 milioi euroko laguntza-paketearen truke. Turkiara itzulitako siriar bakoitzeko, beste bat legez finkatu behar zen EBn, zaurgarritasun-irizpideen arabera. Turkiak konpromisoa hartu zuen trafikatzaileen mafiek kontrolatzen dituzten migrazio-ibilbideak ixteko, behar diren neurri guztiak hartzeko.

Turkiar faxismoaren aurrean, herriok borroka internazionalista!

Ez da lehenengo aldia presio moduan mugak irekitzen dituela Turkiak, 2019ko abuztuan antzeko zerbait egin zuen Grezian, ondorio nabarmenak sortuz. Dagoeneko Greziak iragarri du asilo legea bertan behera utzi duela, eta Bulgariak dagoeneko hasi ditu elkarrizketak bere kabuz Turkiarekin muga zaintzeko eta Bulgariara errefuxiatu uholdea iristea ekiditeko. Gauzak honela, EBren ustezko batasuna zalantzan jartzen da eta ikusteke dago nola kudeatuko duen afera bere baitan dauden estatuak babesteko. Testuinguru honetan aintzat hartzekoak dira Europako faxismoaren gorakada eta, honekin batera eta honek bultzatuta, ideia arrazisten errotzea.

Erdoganen helburuetako bat, islamean oinarritutako politika ultranazionalista mundu arabiarrean erreferentzia nagusi bihurtzea da; aurrez aipatu dugun moduan, besteren artean, Anaia Musulmanei babesa emanaz edo herri palestinarraren borrokari babesa emanaz, eta nola ez, agerian geratu dira Erdogan eta Estatu Islamikoaren arteko loturak behin baino gehiagotan. Ez litzateke harritzekoa izango sentimendu nazionalisten hauspotzea emango balitz. Ez da lehenengo aldia Europan halakoak gertatzen direla (bi Mundu Gerrak, Balkanetako gerra…); eta, azaldu bezala, hori gerta dadin elementuak badaudela badirudi.

XXI. mende hasierako zibilizazio talkaren diskurtsoa berreskuratzeko arriskua dago, nolabait aditzera emanaz zibilizazio mendebaldartarra eta arabiarra talkan daudela, nor gailenduko. Ohikoak bihurtu dira Europan Al Qaeda eta antzeko talde terrorista muturrekoen aurrean mezu xenofoboak bertako biztanleria arabiarra edo “kanpotarra” (askotan razializaziora joz) jo puntu bilakatuz. Nabaria da, beraz, honek sortzen duen jendarte polarizazioa. Honi gehitu behar zaio turkiar estatua zuzenean Europan hainbat eta hainbat meskitaren eraikuntza finantzatzen ari dela.

.

Kapitalismoa garaile, euskal burgesia tarteko

Ekoizpen kapitalistak lurralde sozial berriak konkistatu beharra dauka, baita lurralde geografiko berriak ere. Beste modu batera esanda, unibertsal bihurtu beharra dauka, erreproduzitzen jarraitu ahal izateko. Zentzu horretan, merkatuak errepresiboaren bitartez hedatzeko joera berezkoa badu ere, Estatuaren aparatu politiko-militarrak funtzio erabakitzailea bete zuen eta betetzen jarraitzen du, harreman sozioekonomiko horien erreprodukziorako bideratzaile eta berme gisa.

Hala, bai historikoki bai funtzionalki, menpeko herrialdeak inperialismoaren beharren arabera daude kokatuta munduko eskala ekonomikoan. Hau da, sistema kapitalistaren erreprodukzioan paper nagusia dute: baliabide naturalen erreserba, lan indar merkea,… Menpekotasun posizio horrek, korrelatiboki, aberastasun kantitate oso handiak ebastea eta metropoliarekiko menpekotasun harremanak ezartzea dakar, bai ekoizpenari, merkataritzari, finantzari eta kulturari dagokionean, eta ondorioz, herri horien burujabetza eta garapen endogeno zantzu txikiena ere blokeatu egiten da.

Laburbilduz, harreman inperialistak beharrezko dira sistemaren erreprodukzioa bermatzeko, tokian tokiko klase dominatzaileen ardura eta funtzionalitatearekin. Beharrezkoak dira bai herrialde inperialisten eta menpeko herrialdeen arteko zapalkuntza, sakeo eta esplotazio harremanak bai inperialismoaren barneko gatazkak, ebatsitako ondasunak banatzerako orduan. Eta, hori guztia ulertzeko, kontuan hartu behar dira etengabean etekinen anbizioaren logika klasistari berezko zaion joera hedakorra eta estatu-nazio bakoitzaren errealitatea.

EBk Sirian dituen helburu geopolitiko garrantzitsuenak hauek dira:

• Ekialde Hurbilaren kontrola mantentzea. Ekialde Hurbileko monopolioak Mendebaldearen aliatuen esku mantentzea (Saudi Arabia, Qatar, Kuwait), batez ere petrolioaren merkataritza. Siria kaosean murgilduta egoteak, Iran eta Europa Siriaren bidez lotuko lituzkeen oliobide handia eraikitzea galarazten du, eta hala, erregai fosilen merkataritzaren kontrola Golkoko herrialdeen esku gelditzen da.

• Israel, aliatu handia, herrialde xiiten “mehatxutik” babestea, edo bestela esanda, bere proiektua zabaltzen jarraitzeko bidea irekitzea.

• Turkiaren, NATOko bigarren kide indartsuenaren, interesak defendatzea.

Modu honetan, bertako klase kapitalistek euren onurak bermatzen dituzte. Gure inguruan ezagun diren hainbat izen tarteko: BBVA, SAPA, Repsol, Indra… honek zerikusia du espainiar estatuak Turkiari emandako babes itsuarekin (bai armamentistikoki, baita militarrak zuzenean igorriz bertara) hasiera hasieratik, bereziki herri kurduaren kontrako sarraskian.

.

Borroka internazionalista da bidea

Askapenak duela urte batzuk aldarrikatu zuen bere manifestu internazionalistan; kapitalismoaren biziraupenerako, jazarpen ekonomiko, politiko-ideologiko eta militarrararen bitartez, merkatuari eremu sozial eta geografiko berriak bidegabeki oparitzen dizkion sistema da hau, eta turkiar faxismoaren azken egitateek eta euren inplikazio guztiek hala adierazten dute. Menperakuntza kapitalista, matxista, xenofobo, bortitz eta hedakorraren emaitza da Inperialismoa, estrukturalki estatuek mantendua eta mundu mailan ezarria, klase eta herrien arteko banaketaren bidez.

Bi banaketa horien arteko desberdinasuna, baina, agerikoa da: lehena desagertu egin behar den bezala, bigarrena birformulatu egin behar da. Klaseek desagertu behar dute, herriek ez. Klase banaketa esplotazio sistema baten emaitza dugu. Herri izaerak, ordea, ibilbide historiko batean sorturiko giza komunitateak dira. Desagertu behar duena, beraz, herrien arteko botere harremana da.

Horrela, herrien arteko desberdintasun soziokulturalen edo tradizio politikoen gainetik, helburu estrategiko bera dugu: geure askapen nazional eta soziala, alegia. Guztiok ere esplotazio sistema eta zapalkuntza kapitalista-inperialista-patriarkalaren azpian gaudenez, izaera estrategikoa dute herri langile eta herri zapalduen arteko batasunak eta elkartasunak.

Sasilaguntza paternalista edo ongi-usteko humanitarismotik urrun, elkartasuna praktika politikoa da, eta hori da hain zuzen antolatu behar duguna jarri behar duguna. Internazionalismoa giltzarri askatzaile guztiz beharrezkoa da gure askapen prozesuan; eta zer esanik ez, egiturazko krisi kapitalista honen barruan. Kapitalak eta estatuek sortutako eraso ekonomiko, politiko eta militar honen aurrean, herri langileon arteko batasun eta elkartasuna sakondu beharko genuke; elkarren etsai izatetik urrun, aterabide antikapitalista, antimatxista, antiarrazista, antifaxista eta antiinperialista eraiki dezagun.

Gauzak honela, Euskal Herrian lehen pausoa ematea ezinbestekoa da, Euskal Herri sozialista, euskaldun eta feminista lortzea ez baita soilik euskal herri langilearen interes estrategikoa, baita sistema kapitalista-inperialista-patriarkala gainditzeko borrokan diharduten gainerako herri langileena ere. Eta eraikuntza lanarekin batera, hemen bertan, geure ondoan, gerra horretatik etekina ateratzen ari den klase kapitalista salatuko dugu, geure ardura da.

Turkiar faxismoaren aurrean 

Turkiar faxismoaren aurrean   Turkiar faxismoaren aurrean  

Turkiar faxismoaren aurrean