TRANS Legea eta balizko ezabaketa

TRANS Legea eta balizko ezabaketa –

Hilabeteak daramatzagu Diputatuen Kongresuan trans pertsonen eskubideak jaso eta babestuko dituen lege bat onartzearen inguruan sortu den zalaparta ikusita eta harridura da nagusi.

TRANS Legea eta balizko ezabaketaAgerian geratu da eztabaida horren atzean interes alderdikoiek eta protagonismo nahiak bat egin dutela bidean, eta horrek mesede txikia egiten diola defendatzen dutenari. Horren argibide garbia PSOEren jarrera dugu: Nafarroatik ikusita, ez dugu ulertzen erakutsi duen jarrera, Nafarroako LGTBI+ legearen izapidetzean eta onarpenean PSNk proposatu eta defendatu zuena gogora ekartzen badugu. Nafarroako LGTBI+ legeak trans pertsonen eskubideei buruzko atal luzea du eta garrantzitsuena jasotzen du: pertsona ororen genero-autodeterminazio eskubidea.

Erakutsitako zalantzazko jarrera horren aitzinean (edo jarrera estrategikoaren aitzinean) bat egin dute lege horrek emakumeen ezabaketa ekarriko duen ustea defendatzen duten taldeekin. Aitzitik, ez da honelakorik gertatu genero-autodeterminazio eskubidea jasotzen duten legeak dauden herrialdeetan. Autodeterminazio eskubideak esan nahi du inork ez diola emakume bati esan behar hala den ala ez. Ezta gizon bati ere.

Aliantza bitxiak ikusi ditugu; era berean, ikusi dugu deus gutxi esaten dutela emakumeek historian zehar patriarkatuaren uztarpean izan duten benetako ezabatze sistematikoaz: zientzietan ezabatutako emakumeak, emakume bakar bat ere ez dagoen Filosofiaren Historiako hezkuntza-curriculumean ezabatuak, erabaki-organoetan ezabatuak, oinarrizko eskubideetan ezabatuak, hizkuntzan ezabatuak…

EHGAM-Nafarroak genero-autodeterminazioa jasotzen duen trans lege baten aldarrikapenarekin bat egiten du, eta estatu-mailakoa izatea defendatzen du, Nafarroako legea – oso ona izanik ere – eskubide jakin eta garrantzitsu batzuetan motz geratzen baita.

Nafarroako legea onartu zenean, Estatuak helegite-mehatxua egin zuen, baldin eta argi geratzen ez bazen honako hau : “interesdunaren nortasun juridikoa ezin izango da aldatu martxoaren 15eko 3/2007 Legean araututako erregistro-inskripzioaren zuzenketa egiten ez den bitartean”. Ezein autonomiak ezin du aldatu erregistroan pertsonaren generoari buruzko informazioa. Eskubide hori Madrilen legeztatzen da.

Joan den martxoaren 17an gogorarazi genuen duela 3 urte soilik ezabatu zela transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik, non genero-disforiaren gaitzat hartzen baitzen. Erregistro-zuzenketa arautzen duen 3/2007 Legean jasotakoa atzean ez uztea trans pertsonen aurkako indarkeria instituzionaleko ekintza bat da; izan ere, lege horretan jasota dago genero-disforia diagnostikatu zaion sexuaren aipamena erregistroan zuzentzea erabakitzeko betekizunen artean, eta, horretarako, medikuaren edo psikologo klinikoaren txostenaren bidez egiaztatu behar da, baina, horrez gain, bi urteko medikalizazioa eskatzen zaio aldarrikatzen duen genero-adierazpen sozialera hurbiltzeko. Beste era batera esanda: nahasmendu-mentala duten eta medikalizazioa behar duten pertsona gisa tratatzen dira.

Zinez aurrera egin genuen, lege-mailako transitoa egiteko genitalen esku-hartzerik derrigorrezkoa ez zela jasotzen zuen legea onetsi zenean. Orain despatologizazio errealaren unea da, pertsona ororen eskubide besterenezintzat hartzea. Inork ez digu erraten nor garen.

PSOEri eskatzen diogu, exigitzen diogu, koherentzia: defenda dezala Madrilen hainbat Erkidegotan babestu duen eskubidea.

Guk benetako berdintasuna erdiestearren, trans pertsonen taldeekin alkarlanean segituko dugu karriketan zein instituzioetan. Eta bide hau transfeminismoaren ondoan eginen dugu.

TRANS Legea eta balizko ezabaketa

Zer duzu buruan “TRANS Legea eta balizko ezabaketa”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-06-11 12:38

    “Joan den martxoaren 17an gogorarazi genuen duela 3 urte soilik ezabatu zela transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik, non genero-disforiaren gaitzat hartzen baitzen”.

    Egia erdiak erdia ustel. Osasun Mundu Erakundeak transexualitatea, ezabatu baino, izena eta epigrafea aldatu zuen, “desestigmatzeko” asmoarekin. Eta genero-disforiarekin PAREKATUTA dago.

    Zuek defendatzen duzuen legeriak medikuei ikertzea DEBEKATZEN DIE pertsona jakin batek zergatik “sentitzen” duen beste sexukoa dela eta zergatik daukan bere gorputza desio horretara moldatzeko asmoa. Desio hori egon daiteke disforia edo “incongruencia” dagoelako, edo baita ere desio fetixista bategatik, trastorno eskizoide bategatik… Hori aztertzea eta medikoki tratatzea “patologizatzea” izango litzateke eta osasun sistemako langile asko ez lirateke kontra egitera ausartuko. Alegia, jende hori abandonatua gelditzen da.

    Bestalde, transexualak orain TRANS izeneko zaku handi-handi batean sartuko dira, non ia-ia edonor egon daitekeen.

    “… lege horrek emakumeen ezabaketa ekarriko duen ustea defendatzen duten taldeekin. Aitzitik, ez da honelakorik gertatu genero-autodeterminazio eskubidea jasotzen duten legeak dauden herrialdeetan”.

    Argentina. Nortasun Agiriak dakarren informaziotik, sexua ezabatzea erabaki da. Hemendik aurrera, mediku-txostenetan, esaterako, halako “identitate auto-adierazpen” bat egonen da. Ez dakit zer feminista klase izan daitezkeen, emakume eta gizon kategoria juridiko objektibo gisa ezabatzea defenda dezaketenak.

    Kanariar Uharteak. Legeria berri hauen arabera, zornezaku honek bere kartzelaldia emakumeen moduluetan pasatzeko eskubidea edukiko luke, bere nortasun-adierazpen eta borondate hutsagatik. Bai, benetan. https://canarias-semanal.org/art/30743/jonathan-robaina-un-asesino-al-que-se-le-niega-el-derecho-a-ser-mujer-videos

    Britainia Handian ere gertatu dira horrelako gauzak. Zer ba? Zentzua erabili gabe erredakatatu diren legeria tontoen erruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude