Toledoko altzairua, katalanak eta euskaldunak

Toledoko altzairua, katalanak eta euskaldunak –

Egia handia da errealitateak txiki-txikia uzten duela fikzioa, ez bada beti, gehienetan. Arrazoi dute asmamen zakua zirtzil eginda utzi arte astindu eta astindu ibiltzeak ez duela zentzu handiegirik errealitateak askoz gidoi erakargarri, aberatsak eta harrigarriagoak eskaintzen dizkigunean.

Nik gaitasuna banu, Kataluniatik datozkigun eta ezkutatzen saiatu diren txatalak hartuta, nobela bat idatziko nuke. Gidoia behintzat ahalegin handiegirik egin gabe ttak mahai gainean edukiko genuke, norbaitek hartu eta forma hartzeko pronto.

Toledoko altzairua, katalanak eta euskaldunak.Fikzioan, dena den, izenak aldatu behar eta demagun gure protagonista nagusietakoa Albert Sole dugula, errepublikaren aldarria egin artean Generalitateko kide izan dena, eta misteriotsuki hilabete batzuk lehenago hainbat arrazoi zirela medio (pertsonalak, beldurrak, konbentzimendu erabatekorik ez….) gobernuan aldaketak egitean postuari eutsi ziona; misteriotsuki diogu, ordurako ezagunak baitziren gobernuaren ildo politiko nagusiarekin hark zituen ezberdintasunak, are nabarmenagoak procés delakoa aurrera egin ahala, hain joan ziren nabarmentzen non azkenean, gobernuak, atzera-aurrera ugarien ondoren eta aiko-maiko beteko tentsio giroan, errepublika aldarrikatzea erabaki eta orduantxe eman zuen dimisioa eta etxerako bidea hartu, ez goiz hartan bertan “porrot egin dut” esan baino lehen.

Berehala zabaldu ziren herriaren ahotan bor-bor zebiltzan susmoak, zurrumurruak eta mota guztietako galderak, are bor-bor handiagoa egin zezan aspalditik irakiten zebilen galdarak:

– ”Oso fuerte ez zebiltzan, oso konbentzituta ez zeuden edo dena emateko prest ez zeudenak kendu zituztenean, zergatik ez ote zuten ba hori kendu?”.

– ”Ez dakit nik parte oneko kontua den aldarria aurreko bi egun bete-beteko horietan hainbeste agertzea komunikabideetako irudietan Josep Vilallonga presidentearen ondo-ondoan, noiz eta, antza denez, hauteskunde autonomikoak deitzeko zurrumurrua gero eta indar handiagoa hartzen ari zenean”.

Zaila izango da, aldarri-egunaren bezperako gauean zer gertatu zen jakiten, baina fikzioaz baliatzen ari garela demagun, euskal adjektiboa daraman hiru probintzietako beste komunitate autonomoko (hau ere adjektiboa!) lehendakari Jose Antonio Urbistondo ere agertzen dela agertokian…baina ze esaten ari gara? Hau ere halaxe izan zen-eta errealitatean!

Tira, Jose Antonio Urbistondo baskongadilletako presidente autonomoa hor agertu da, agertokian. Publikoki ere aireratua zuen bitartekari lanetan aritzeko bere desio sutsua, baina inork ez zion kasu handiegirik egin, harik eta une erabakigarrian, ez bat eta ez bi, hor agertu zaigu, dena hankaz gora jartzeko prest. Dudarik gabe botere-korridoreko giro horietan fideltasuna da gehien saritzen dena.

Solemnitate gutxiko elkarrizketa guztiz sekretua izan dute; gau ilun itxiak hartuta dauzka Bartzelonako teilatu-hegalak, dena kontrolatu nahi izango balu bezala, kaleko farolen argiak ere lotsagabe pattaltzen ere atrebentzia handia erakutsi du. Mediterraneokoa baino Kantauriko gau gris lainoak hartua lirudike egun hartako hark. Ez dira protokoloko uneak:

– Francisco Velazquez Espainiako presidentearen onespenaz natorkizu honako eskaintza hau egiteko: Toledoko altzairuz propio egindako ezpaten saldoa beste baterako gordetzeko prest legoke presidentea baldin eta biharko errepublika aldarria egiteko duzun asmoa bertan bera utzi eta Kataluniako erkide autonomoko hauteskundeak deituko bazenitu. Horra hor zure herrian odol isuria saihesteko daukazun aukera bakarra eta esan beharrean naiz, eskaintza honi muzin egiten badiozu zuk eta zure kontseilari guztiak, agian gurekin den Sole jauna kenduta, kartzela duzuela zain.

Aholkulariren batek idatzitako paper muturra irakurrita, poltsikoan gorde du solemnitate handiz hiru probintzia haietako lehendakariak, bilera hori egia bihurtzeko lan akigarria egin duen Albert Sole, begira-begira duela. Ezagun du begitarte handituan egindako lanaren eta pasatako tentsioaren zantzuak. Orain lasaiago hartu du arnasa lehendakariaren hitzak entzunda. Madrilekin eta Gasteizekin izandako telefono hari zuzenak fruituak ematen hasita zeudela zirudien eta lasaitu handia hartu du bat-batean.

– ”Eta zer dela eta egin duzu zuk hau guztia, honaino iristeko?” -galdetu dio Josep Vilallongak.

– ”Gu beti egon izan gara elkarrizketa eta akordioaren alde eta hala egin ahal izan dugu ahal izan dugun guztietan eta beti defenditu izan dugunez paktuak legearen barruan egin behar dira eta hemen ere saiatu izan gara aldebikotasunez elkarrizketa egin ahal izatea posible egiten eta horrela akordio batera iritsi egin ahal izateko, hori baita guk beti uste izan dugunez akordioetara iritsi ahal izateko modu bakarra, betiere legearen barruan, eta are gehiago une larri hauetara iritsita non garbi ikusi ahal denez goi mailako politika egitera behartuta ikusi izan dugu geure burua.”

Albert Solek ezin du bere lilura ezkutatu. Txunditua daukate guztiz hiru probintzia haietako lehendakariaren taxuzko diskurtsoak, neurri-neurrian aukeratutako hitzek eta haiek ahoskatzeko tonu ezin orekatuagoak.

– ”Azalduko al zenidake garbiago kontua? Ez dira protokolorako uneak.”

– ”Guk errespetu handia zor egiten diogu Kataluniari, Agirre lehendakariak zionez gu beti egongo gara Kataluniarekin, baina hau esanda ulertu ahal izango duzuna da zuen afera zuena izanda ere, zuenetik kanpo ere izan ahal duela eragin handia, baita gurean ere, eta ulertuko ahal izango duzuna da oraintxe bertan Antonio Velazquez presidentearekin dugun harreman estua dela medio garrantzi handiko akordioak dauzkagula itxita eta zuek aurrera segituz gero errezeloa dugu zuenaren ondoren ez ote den gurera ere etorriko, berak zioen lez Toledoko altzairuzko ezpatak dantzan jarri eta dauzkagun akordio guztiak pikutara bidali ahal izateko. Horregatik diot beti gaudela garaiz aldebiko elkarrizketak egin ahal izateko eta akordio batera iritsi egin ahal izateko, betiere legearen barruan, noski.”

– ”Ondo da. Uste dut gauzak ulertzen hasita nagoela, alegia, Velazquezek ezpatak aireratu eta esan dizu “Nire aginduak betetzen ez badituzue hauxe daukazue zain”. Eta zuk haren eskupekoak galduko ote dituzun beldur, amen. Ondo da. Oraintxe ezagutu zaitut. Oraintxe ikasi dugu zuk aldebikotasuna eta elkarrizketa zeri deitzen diozun. Iruditu zait, baina, ez duzula oso ondo bereizten aldebiko elkarrizketa eta nagusiaren aginduak otzan-otzan jaso eta bete behar izatea. Iruditu zait aldebikotasuna nor diren bi enteren artean ematen dela eta zu nor izatetik oso urruti zaudela. Baina ez du inportarik honezkero. Zeuen paktuak ezpal horretakoak baldin badira nahiago nik paktua kale kantoiko zakur deslaiarekin egin zuekin baino. Jakin ezazu, ene kolega, guk lege barruan jokatu dugula beti, haien lege estuan kabitu ez eta modu guztiz demokratikoan eta herriak aukeratutako legebiltzar batean egin behar izan genuela gu kabitzen ginen legea, guztiz modu legitimo eta demokratikoan, Velazquez zure nagusiari urteetan aldebiko elkarrizketak irekitzeko zirenak eta ez zirenak egin ondoren.

Bestetik zeure ustetan goi mailako politika egitea hori baldin bada, oraintxe eman didazu beste arrazoi handi bat Kataluniako independentzia aldarrikatzeko eta bertan goi mailako politika egiten hasteko, bistan baita Espainiako estatuan zuek bezalako morroi bokaziodunekin hori ez dela posible. Esan ere, esango nizuke, azken aldi honetan Europan nonbait egin baldin bada goi mailako politika Katalunian egin dela, eta askotan, mailarik handiena eman dutenak ez direla -zuk ulertzen duzun adieran- politikoak izan, gaitasun handiko herritar xumeak baizik. Barkatuko didazu baina ez dira protokolo uneak.

Hala eta guztiz ere, hona zer esango dizuedan: onartuko dizuet eskaintza, ez dakit zuri, Antonio Velazquezi edo honi (Soler seinalatuz). Ez nago prest katalan bakar baten odol isuria ikusteko eta hori saihesteko nire esku dagoen guztia egingo dut, betiere egin didazuen eskaintzak berme guztiak dituela baieztatutakoan. Oker zabiltzate hala ere, hau hemen bukatuko dela uste baduzue.”

– ”Ez nuen batere dudarik zentzuzko erantzuna jaso egin behar nuela zure ahotik eta banekien elkarrizketaren eta aldebikotasunaren zentzu sakona zeure egin ahal izango zenuela.”

Bilera bukatuta elkarrekin atera dira hiru probintzia haietako lehendakaria eta kontseilari ohia, zein baino zein pozikago, goiz txintarekin batera mediterraneoko argiari toki egingo zaiolako uste osoan.

Baina ez. Gau haren beltzak ez du alde egin nahi izan ia bera bezain iluna den goiza Bartzelonako kaleetan barna ondo barreiatuta utzi baino lehen. Gauza segururik ezean zurrumurruak ibili dira ezkoan kulunka: Badator prentsaurrekoa, bukatu da dena, presidenteak hauteskundeak deituko du. Akabo dena. Gureak egin du, badugu nork agindu. Eta holakoak.

Baina azkenean prentsaurrekoa ez da etorri. Josep Vilallonga presidenteak ez du nahi zituen bermerik aurkitu Madrilen. Harrituta dago izan dituen mandatariekin, ezin sinetsirik noraino irits litekeen giza-miseria, baina horiek alde batera utzi eta arratsalde horretan bertan saiatuko dira, Toledoko altzairuzko ezpatak lepo inguruan dantzan dauzkatela, errepublika aldarrikatzen. Ondo esan zion Jose Antonio Urbistondori: “nahiago paktua kale kantoiko zakur deslaiarekin zuekin baino”.

Alberto Solek dimisioa eman du eta etxera joan da ez, “porrot egin dut” esan baino lehen. Etxean baina, oso denbora gutxi eman du eta inork ez daki zertan. Baina denek dakitena da hurrengo egunean Velazquez Espainiako presidenteak Toledoko altzairuzko ezpatez derrigortutako hauteskundeetan presidentegai izateko, aurkeztu duela bere burua, bai azkar aurkeztu ere, noiz eta ordura arte gobernukide izan zituen guztiek hurrengo gaua Espainiako urrutiko kartzelaren batean pasako ote zuten txorrotxioak belarrian xuxurlaka zituzten uneetan, hain da kontakatilua Toledoko altzairuzko ezpaten dantzak airean sorrarazten duen firin-hotsa.

Hori gutxi ez, eta kemen handiz, eta ez, hain justu ere, porrot egindako giza-larru batetik, hor hasi da hauteskundeetarako kanpaina egiten: “aldebiko elkarrizketak bultzatuko ditugu erreferendum hitzartua egin ahal izateko, betiere legearen barruan noski, horratx Jose Antonio Urbistondo Euskadin egiten ari den ibilbide paregabea, hori da gure eredua”. Ez zen errez ulertzekoa Albert Solek horrela jokatzea, noiz eta, bere baitan jokatu behar omen zen lege horrek berberak jarrita zituenean Toledoko ezpaten xaflak ordura arte gobernukide izan zituen guztien lepo inguruan, guztienean, harenean izan ezik, antza.

Hala Jose Antonio Urbistondok nola Albert Solek ezkutatu egiten zuten haren baitan guztia egin behar zen lege hori bera egina zegoela hain justu ere, hala katalanen nola euskaldunen herriek santa sekula ez zezaten eduki hark ezarritako muga estutik ateratzeko batere aukerarik, bi herriei bizitzeko oxigenoa kentzen zien legearen baitan egin behar zen guztia baina ez zuten esaten lege hori justu bi herri horiek itotzeko egina zegoela. Bi agintari horiek ezkutatzen ari ziren legalitatea aldarrikatzen zuten bakoitzean bi herri horien mendekotasuna betikotzeko zegoen martingalan parte hartzen ari ziren zuzen-zuzenean. Jose Antonio Urbistondok ez dio kontatu, gainera, Albert Sole aliatuari, herri baten nahia lege baten bitartez betiko lurperatzeko prest dagoela bera, baldin eta herri horren nahiaren gauzatzea interes jakin batzuen kontra badoa, baita lege hori betetzeko bortxa eta gerra egoera ezarri behar denean ere. Etika lezio belaxka batzuk emanda bela zuritzen baita dena.

Baina erkidego autonomo horretako lehendakariak, oraindik ikasteko dauka, antza, haiek sortutako gerra egoera horri aurre egin dakiokeela demokrazia radikalki erabilita. Oraindik ikasteko dauka katalanek egin duten handiena demokrazia hitza biluztea izan dela eta orain demokrazia hitza, bere biluzian, berriz ere erabiltzen hasi garenean, batzuk, euskal adjektiboa daukan komunitate hartako lehendakaria barne, oso urduri jarri direla. Orain arte izan duten pagotxa arrisku bizian ikusi dute, honezkero demokrazia lege handi hori betetzea dela esaten dutenean ez die inork sinesten, orain denek dakite legeak herriaren onespenaren ondorioa behar duela demokrazia izateko eta ez alderantziz; eta izuak hartuta, legalitate deritzoten orain arteko erregimen tiranoari dei egin diote garrasika, suminak akabatzen, tunel beltzean irtenbiderik ikusten ez eta beren onetik guztiz kanpo dabiltza, legalitatea! Oihu kraskatua eztarrian dutela. Ez zekiten demokrazia zer zen. Ez da, nonbait, herriak gobernatzen duen lurraldean bizitzeko jende modua.

Toledoko altzairua Toledoko altzairua Toledoko altzairua, katalanak eta euskaldunak