Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar bi

Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar bi –

Seuil argitaletxean 2018 urtean ateratako liburu honek dakarren azpititulua horrela itzul nezake : «Zergatik bost axola dion Ezkerrak eta zergatik aldatu behar den».

Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar biAmetsez et demagogiaz betetako beste saio bat gehiago izan zitekeelakoan, lehen begiradan tituluak ez ninduen batere erakarri.

Halabainan, Simone Weil ene filosofo maiteenaren, eta, Christophe Dejours psikiatra bikainaren aipamenez josita zegoela ohartu orduko zerbait serioagorik izan zitekeela pentsatu nuen. Zinez horrela dela diozuet.

Izan ere, Thomas Coutrot, lana zer den eta zer izan behar lukeenaren problema filosofiko oinarrizkoari deliberatuki lotzen zaio, zinez konbentzituta dagoelako lanaren zentralitateaz gutariko bakoitzarentzat eta gizarte osoarentzat.

Lerro kaskar hauien markoan ezinezkoa zait obra honen ekarpen guzia entregatu, liburua osoki irakurria izaitea merezi luke eta.

Horrengatik, aldi honetan, erabakigarri iduritu zaizkidan bi ideia soil aipatuko dizkizuet

Lehenbizikoa doakio, lanaren, edo hobeki erraiteko, lanaren kontratuaren karaktera abstraktuari edo alderantziz karaktera “bizia”ri.

Gaurko egunean, salbuespenak salbuespen, lan kontratua finkatzen da elgarren artean ikusteko deus ez, duten bi pertsonen artean. Batek, edozer ekoizturik ere, soldata behar du eta terikoki lan egin lezake libreki enpresa batentzat edo beste batentzat abantailosena hautatuz.

Norentzat lan egiten duen? zer ekoizten duen? zer lan antolakuntza pean? zer ondorio ekologikoekin, eta abar? hau guzia bigarren mailara pasatzen da harentzat. Horretan justu datza kontratuaren abstraktasuna langilearentzat

Aldiz, enpresak lan indar orduak erosten dizkio bakarrik langile kanbiagarri bati. Igual zaio langilearen historia, egin arazi nahi diona egiten duen ber. Hau edo beste bat igual zaio. Hau da kontratuaren.karaktera abstratua enpresarentzat.

Enpresari eta langileari, ekoizpenaren natura bera ere igual zaie, saltzetik aterako den diruari diote bakarrik inportantzia emaiten biek.

Norentzat ekoizten duten ere igual zaie, munduko merkatu zabalarentzat da, ez eta hurbildik ezagutzen norbaitentzat.

Horra zer egoeran gauden beraz, alegia, lan egiten dugu ekoizpen abstraktu batentzat lan kontratu abstraktu baten pean.

Hau idazterakoan, ni ere, konturatzen naiz arrazoiketaren beraren karaktara « abstraktuaz ». eta, beharrik bizitza konkretuak salbuespen ugari eskaintzen digun, bestenaz, errealitatea ifernu hutsa izango litzateke  Hala ere,  mundu ekonomiko liberalak orokorrean horrela funtzionatzen duelako,  arrazoiketa abstraku piskat egiten dugu .

Bigarren ideia doakie lan-antolakuntzaren baldintzeri.

Nola lan egiten dugu? hierarkia pizu eta paralisagarri baten pean? gu trabatu eta aspertu baizik egiten ez duen modu batean ? edo ekimenerako eta kolaborazioarako tokia uzten duen antolakuntza batek animatuta?

Bide nabar, autoreak hauteman arazten digu iraultza sozialista sobietikoak berak ere ez zuela deus hobetu alde horretatik kapitalismoaren esplotazioarekin alderatuta.

Kapitalista batek esplotatua, edo nomenklatura sozialista erraldoi batek, azkenean,  zer diferentzia peko langileentzat?

Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar biThomas Coutrot- rentzat, Russian, ez eta beste nehun ere, sozialistak ez ziren zinez atakatu lanaren karaktera abstraktuari ez eta lan « bizi » baten eraikitzeari. Batez ere  lan antolakuntza demokrata bati esker.

Nabarmen da harentzat biak hertsiki lotuak daudela.

Azkenean lanak bi ezaugarri inportante ditu : alde batetik gizarte osoarentzat nezezidade ekonomiko ezinbestekoa da,  eta bestetik, giza harremanen oinarria bera ere da.

Lanaren bi ezaugarri horietarik bakar baten ukatzea edo gutiestea nahikoa da gu zorigaitzera kondenatzeko

Hala ere nehork imagina ez dezala bi ezaugarriak batera errespetatzea lortzea bide erraza eta laburra izango denik, ez eta pentsatu ere, bainan  bururik gabeko hominisazio prozezua bera hortan datza eta

Erran gabe doa liburu honek interesa piztu zidala, segituan iduritu zitzaidalako haren edukiak zer ikus zuzena laukakeela gutariko hainbatek Herriaren etorkizunari buruz ditugun kezka eta espero batzuekin.

Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar bi: Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar bi:

2 pentsamendu “Thomas Coutrot-ren «Liberer le travail» liburuaren irakurketa ohar bi”-ri buruz

  • Lanari buruzko beste pentsalari bat modan dena, eta biziki interesgarri iduritu zautana, Bernard Friot soziologo komunista da.
    Iduri luke aipatzen duzun liburuarekin ideia osagarriak proposatzen dituela, nahiz eta ez dutan (oraino) irakurri zuk aipatzen duzuna.
    Bernard Friot bizi osorako, eta kalifikazioaren araberako soldataren defendatzailea da.
    Dretso zibilak ditugun bezala (bozkatzeko dretsoa konparazione), dretso ekonomikoak ukan behar ginituzkela dio, hots bakotxari aitortuko behar ginukela bere produktore estatutua, 18 urtetan bizi osorako soldata bat eskuraraziz. Bizian aintzinatu arau, kalifikazioetan igaiteko parada lukete langileek, eta kalifikazioetan igan arau, soldata iganen litaike, orotara 4 gradu litaizkelarik (1500tik 6000eurorat konparazione).
    Sistemak funtzionatuko luke gaurko frantses sekuritate sozialaren gisarat: langile guzien ekoizpenaren etekinetan kotizazio maila %100 ekoa litaike, dena kutxa batean kudeatua litaike, eta kutxa horrek soldatak arrabanatuko lituzke, kalifikazioen arabera. Kutxa horrek elikatuko lituzke, baita ere subbentzio kutxa ezberdinak (berantago aipatzen ditut).
    Friot-ren ustez, lanaren definitzea funtsezkoa da kapitalismoaren kontrako borrokan. Kapitalistek “lana” deitu nahi dute kapitala haunditzen duen aktibitatea, hots proprietate lukratiboaren bidez gainbalioaren desbideratzea permititzen duena. Adibidez haurren zaintza lan bezala kontsideratua da haurtzaidegian egina delarik, aktibitate ordaindu bat delarik, bainan ez burraso batek etxen egiten duelarik, bigarren kasuan ez baitu kapitala elikatzen. Lan osorako soldatarekin aktibitate oro, zerbait produzitzen dueno, sozialki lan bezala errekonizatua da.

    Friot-ren proposamena biziki konkretua da, eta lantegien barne funtzionamendua ere aipatzen du:
    -proprietate lukratiboa debekatua litaike: hots etxe/pisu baten alokairuaren bidez beste langileen soldataren sakelatzea, edo lantegi baten ekoizpenaren saltzearen bidez gainbalioaren desbideratzea.
    -lan tresna langileen erabiltze-jabegoa (“propriété d’usage”) litaike. Funtzionamendua demokratikoa litaike, gaur egungo kooperatifa batzuetan bezala. Diferentzia nagusia inbertsioaren finantzaketan litaike, Friot-ren ustez subbentzioaren bidez finantzatuko behar litaike, eta ez maileguaren bidez. Diru laguntza hau kutxa batek furnituko luke, kutxa kudeatzen duten langileek eta erabiltzaileek adostu ondoan, modu demokratikoan. Lan-arloaren arabera, lurralde maila ezberdineko kutxak balitaizke, konparazione okindegi batetako dirulaguntza kutxa munizipal batek kudeatuko luke, aldiz industria haundi baten dirulaguntza kutxa nazionalak.

    Bere ideiak laburbiltzen dituen liburua argitaratu du aurten “Vaincre Macron” titulu pean. Friot-k bere proiektazioak Frantziarako egiten ditu, prefosta, bainan Euskal Herrirako, eta askapen nazionala ekimen konkretuetan txertatzeko iturri interesgarria dela deritzot. Ez naiz, aparentziarik ere, ekonomilaria, bainan proposamena konkretua eta guretzat baliagarria iduritu zaut. Behar bada gure “kibutzen” ideiarekin lotzekoa.

    Segi pixkor.
    (Aintzinetik barkatu huts eta petoentzat, zuzeutar berria naiz, eta idazteko usaia guti dut)

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-08 08:28

    Nik baino huts eta peto aise gutiago egiten duzu. Gainera inportanteena, nik uste, da usaia hartzea pentsatu eta komunikatzeko gai konplikatuenetan ere, eni bederen falta zaidana.
    Ni ere jinberria naiz Zuzeura eta interesgarria da guk asko ikasten dugulako Hegoaldeko jenderaren mentalitateaz, haiek ere piskabat gureaz.
    Uste dut aipatzen duzun abizen hori ikusi dutala Uztaritzeko bibliotekari bueltatu dutan Coutroten liburu horretan. Zerbait interesgarri irakurtzen baduzu erranen didazu othoi.
    Normalean, salbuespenak salbuespen, komunistak biziki estatuzale eta jakobino dira. Beraz ideia bat hartzen badiegu, izanen da haien ohargabean eta nahigabian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude