Tentsioa frantses guztientzat

Mariage pour tous

Frantzia askatasun, berdintasun eta Giza Eskubideen estatu-eredua izan da luzez beste estatu eta herrialde askorentzat. Kontinente Zaharreko estatu liberalistena bezala hartu dute, moral eta balioei dagokienez, garatuena balitz bezala. Argien herrialdea, filosofo handi eta ospetsuenen jaioterria izan da, euren sortzailea. Gaur egun, ordea, ondoriozta daiteke 1789tik aurrera herritarrek “liberté, égalité, fraternité” leloa ahaztu zutela.

“Le mariage pour tous” (ezkontza guztiontzat) kasua oso ezaguna egin da munduan zehar, Frantzia bitan zatitzera eraman baitu. Hollande presidentearen alderdiak, Alderdi Sozialistak, ezkontzeko eskubidea eman nahi die homosexualei, hala zioten programan, eta hala egiteko intentzioarekin jarraitzen omen dute. Diotenez, 2017rako legea martxan egongo litzateke eta handik aurrera edozeinek edukiko luke ezkontza zibila ospatzeko aukera, gizon zein emakume batekin ezkontzeko izanda ere.

Mariage pour tous

2012ko abenduaren 16an antolatutako manifestaldira 60 000 pertsona hurbildu ziren poliziak zioenez, 200 000 antolatzaileen datuen arabera. Haien artean homosexual aitortuak, heterosexualak, Alderdi Sozialistako eta Ezkerreko Fronteko kideak, asoziazio ugari eta politikari batzuk egon ziren. Hauek guztiek eskubide-berdintasuna aldarrikatzen dute, esanez homosexualak ezkontzeak ez diola inguruko inori kaltetuko.

Hollandek dioenez, ez dago atzera egiterik eta Frantziaren Historiako atal berri bati hasiera emango dio lege honek. Urtarrilaren 29an hasiko dira Parlamentuan eztabaidatzen legeari buruz. Bien bitartean, bi egun lehenago, urtarrilaren 27an, manifestatzeko deialdia egin dute.

Manif pour tous

“Guztientzako manifestazioaren” lelopean, pasa den urtarrilaren 13an milioi bat lagun bildu ziren Parisen, homosexualak ezkontzearen aurka daudela adierazteko. Euren artean, Frantzia osoko alkate eta politikari asko zeuden. Pankartetan “aita eta ama bana haur guztientzat” bezalako esaldiak ikus daitezke, familiaren egitura tradizionala defendatzen dutelako. Elizaren gehiengoak ez ezik, homosexual erakunde batek ere hauekin bat egin du.

“Manif pour tous”-en webgunean, ikus daiteke zeintzuk diren erabiltzen dituzten argudio nagusiak: gobernuaren inposaketa da, kode juridikoa hautsiko lukeen legea litzateke, homosexualek ezkontzeko aukera balute genealogia kaltetuko litzateke eta ugaltze zientifikoa nahi eta nahi ez nagusituko litzaioke ugaltze naturalari.

Bazterketa

Erakunde askok homosexualei tratu berezia ematen diete Frantzian. Esaterako, 1983tik homosexualek eta bisexualek ezin dute odolik eman, “ekintza arriskutsuak egin ditzaketelakoan eta baita bikotekide bat baino gehiago eduki dezaketelakoan”. Alegia, IHESA izango dutenaren beldur. Horrelako bazterketa kasuak eta homosexualek duten adoptatzeko aukera ez omen dira oraindik eztabaidatuko, Gobernuak uste baitu ezkontzeko eskubidea zabaltzea aurrerapauso nahikoa dela.

eskubideak, ezkontza, Frantzia, homosexualak, manifestazioa

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

2 pentsamendu “Tentsioa frantses guztientzat”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude