Telebistaren indarra: Iglesias eta Rivera, parez pare?

Albert Rivera eta Pablo Iglesias, (ustez) erakarmen izugarriko komunikatzaileak dira, Podemos eta  Ciudadanos, Espainiako politikagintza (ustez) hankazgora jartzera etorritako alderdietako buruak. Gauzak horrela, eta hortzmuga hauteskundez betea dela, bi politikariak parez-pare jartzeko zoratzen ziren telebista kate guztiak. Eta inork ez du lortu, “Viajando con Chester” saioko Pepa Bueno heldu den arte; etzidamu emitituko da bi politikari gazteen arteko buruz burukoa, maiatzaren 10ean, telebistaren amarruak baliatuta bada ere. Cuatro-k indarrez sartuko ditu bi elefanteak trastetegian.

Telebistaren indarra: Iglesias eta Rivera, parez pare?

Telebistetako eztabaida politikoetan parte hartu izan dute Iglesias eta Riverak elkarrekin, iraganean beti ere. Ez ordea egungo egoera berrian, biek ala biek gidatzen dituzten alderdi politikoak hauteskundeetarako inkestetan erabakior agertzen direnean. Eta Albert Riverak erronka jo  dio Pablo Iglesiasi.

Podemos-eko buruak, ordea, Mariano Rajoy-ri aurre egiteari lehentasuna emanda, uko egin zion Ciudadanos-eko buruarekin “Viajando con Chester” saioko besaulkian esertzeari. Iglesiasek erronka onartuko duela dio, baina berari dagokiola ahaikatzaile legez, tokia eta unea hautatzea; “eta horrelaxe egingo dut”.

Dema zintzilik dela, Cuatro kateak (telebistaren magia ala azpijokoz?) bi politikariak elkarrizketatu ditu, bakoitza bere aldetik eta eskenatoki berean; biei antzeko galderak egin eta gero, elkarrekin parez pare jarriko ditu Iglesias eta Rivera erantzunak emateko, edizioaren aukerak baliatuta.

Buruz buruko faltsuak bi politikarien arteko elkarreragina faltako du, ez baita solaskideen arteko joan-etorririk izango; baina… telebistaren aurrean ikusle saldoa pilatuko du Cuatrok seguruenera.

Zilegi jokatuta?