Teknozoika eta ekozoika

Teknozoika eta ekozoika

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Eskoriatzako HUHEZI fakultatean. Bologna prozesua iritsi baina bi urte lehenago matrikulatu nintzen; lizentziatura egin nuen beraz, ez gradua. Urte gutxi batzuk igaro dira unibertsitatea bisitatu nuen azken alditik, eta iritsi zaidan informazioaren arabera, kafetegia hutsik egoten da; liburutegia mukuru. Beharbada informazioa baino txutxu-mutxua jasoko nuen, ez dakit. Denbora dezente igaro nuen bai klaustroan eta bai liburutegian, tartean gaur mintzagai daukadan gaiaren bueltan zertxobait informatuz.

teknozoika eta ekozoikaAlde batetik ikasketa eta proiektuetarako edukiak bildu behar nituelako, eta beste alde batetik, interesgarria ere bazelako, ekologia hizpide zeukaten testu dezente pasa ziren nire eskuetatik. Gai honen bueltan ikuspuntu berri bat eta testuinguru apur bat eskaini zizkidan erreferentzia aipatu nahi nuke. Ekologismoaren inguruan hausnarketa oso interesgarriak egin dituen pentsalaria da Leonardo Boff. Brasildar hau irakaslea, teologoa, filosofoa, irakaslea eta ekologista da, eta bere zenbait teorien kritikotasuna zela eta, tentsio ugari izan zituen Vatikanoarekin eta frantziskotarren ordena alde batera alboratu zuen.

Boff-ek zalantzan jartzen duen axiometako batek dio gizakiak arrazoiaren bitartez natura ezagutu eta kontrolatu dezakeela, baliabide naturalak agorrezinak direlakoan. Munduan bi joera nagusi egon dira: teozentrikoa (jainkoa denaren erdigunea) eta antropozentrikoa (gizakia guztiaren ernamuina). Boff-en arabera, beste fase batera igaro beharko ginateke: kosmozentrismoa, natura guztiaren erdian jarriz, eta gu, gizakiok, horren parte bilakatuz.

Teknozoika eta ekozoika

Baina teoria hau gehiago garatu du aditu brasildarrak, eta ibaiari ibaiadarrak gehitu dizkio. Adar horietako bat da bi kontzeptu hauen inguruan egiten duen irakurketa.

Lehen kontzeptua, teknozoika, joera berritzat dauka, industrializazioak eta garapen ekonomiko azkarraren garaiak ekarria. Teknologia berriak eta axioma zaharrak (natura gure menpe jarri) eskutik helduta sustengatzen dute kontzeptu hori.

teknozoika ekozoikaBigarren kontzeptuak, ordea, erabat kontrakoa den guztia ordezkatzen du; natura eta mundua bezain zaharra da ekozoika. Ideia honek Lurra eboluzio prozesuaren baitan kokatzen du. Unibertsoa 14.000 milioi urtez existitu dela dio, eta berau sorkuntza prozesu bat izan dela. Beraz, eboluzio prozesua dela eta, munduari eta unibertsoari birsortzeko ahalmena ikusten dio Boffek, eta hori gutxi balitz, existentzia osoaren oinarrian dagoen indarra dela azpimarratzen du. Hau da, laissez faire Lurrari.

Batzuetan oso txikia sentitzen naiz, eta komeni, txikia naizelako. Txikia espazioan eta laburra denboran; munduaren zati oso txiki batean lortuko dut eragitea, lortzekotan, eta munduak daraman eboluzio prozesuaren baitan bere lurrazalean igaroko dudan denbora istant bat besterik ez da. Antropozentrikoak izaten jarraitzen dugu, gure praktikaren erdigunean pertsonen ongizatearen desioa dago; kolektiboarena edo norbanakoarena. Bertan ematen diren interesen artean talka ugari eman izan dira, eta ardatz ugari markatu: kapitalismoa VS komunismoa, patriarkatua VS feminismoa, inperioak VS herriak… Teknozoika eta ekozoikak ere, hein handi batean bederen, aurreko guztiekin harremana daukatela iruditzen zait.

Erraustegiak, autobide elektrikoak, Abiadura Handiko Trenak… ez diete interes kolektiboei erantzuten, gutxi batzuenari baizik. Egungo sistema ekonomikoa ez dakit antropozentrikoa den, zeren eta pertsona batzuk bakarrik jartzen ditu erdigunean, ez guztiak, eta horri erantzuten dion ekoizteko moduak eta erritmoak sekulako eragina izan du ingurugiroan. Sukarra gure gorputzak eraso baten aurrean daukan erantzuna omen da, gure barruko defentsak gaixotasunari planteatzen dion borroka. Gizakiok naturan eragin eta errotik eraldatu dugu, eta sukarra sortu, bere gorputzeko tenperatura igoz.

teknozoika ekozoikaHorrela planteatuta, antropozentrikoa eta kosmozentrikoa izatea antzekoa iruditzen zait; natura ez bada jendarte berriaren erdigunean jartzen, ez delako gizakientzako tokirik geratuko epe luzera. 

“Pentsatu globalki, ekin lokalki” dio leloak. Erraustegia gelditzeko aukera daukagu oraindik. Arrazoi ekonomikoak asko dira, eta ekologikoak ere zer esanik ez. Ideologia politiko zurrunetik baino (eta nik ideologia politikoagatik ere errefusatzen dut), enpatiatik luzatzen da mezua: “burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inorenean nahi.” Enpatia sentitzeko gaitasuna galtzen badugu, gizatasunarekin batera mundua erraustuko dugu azkenean. Kosmozentrismoa bera enpatia eta elkartasun ariketa ere badela iruditzen zait. 

Teknozoika eta ekozoika
ekologismoa, ekozoika, erraustegia, hach embarek, teknozoika
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude