Statkraften “kode etiko sendoa” gezur hutsa dela erakusten duten hainbat gertakari

Statkraften “kode etiko sendoa” gezur hutsa – 

Statkraftek “kode etiko sendoa” omen du, ustez, “bere jardueraren bidez Norvegiako estatuaren beraren prestigioa kolokan dagoelako”, Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako idazkariak modu tamalgarrian zabaldu duenez. Hori gezurtatzen dute, ordea, honako desmasia eta gertakari hauek:

Statkraft eta norvegiako estatuaren erantzukizuna Laponiako sami herri indigenaren eskubide kulturalak urratzeagatik, fosen vind makro-proiektu eolikoaren kasuan:

Statkraften "kode etiko sendoa" gezur hutsa dela erakusten duten hainbat gertakari2021eko urriaren 11n, Norvegiako Gorte Gorenak baliogabetzat jo zuen Fosen Vind mega-proiektu eolikoa garatzeko lizentzia, Trondelag eskualdean, Norvegia Erdialdean. Epaiak ondorioztatzen duenez, konplexu eolikoaren eraikuntzak elur-oreinen artzaintza-lurrak hondatu ditu, eta Sámi herri indigenaren (herri laponiarra ere esaten zaio) kulturarako eskubidea urratu du. Statkraft da Fosen Vind partzuergoaren jabe nagusia ( % 52), eta bera izan da proiektua gauzatzearen arduraduna. Fosen Vind kasuan, Norvegiako Estatua ere prozesu judizialaren parte izan da, akusatuen ordezkari gisa. Statkraft Norvegiako Merkataritza, Industria eta Arrantza Ministerioaren jabetzakoa denez, Estatuak demandatuen aldeko epaia nahi zuen, eta hori Petrolio eta Energia Ministerioak Fosen Vind enpresa-elkartearen alde egindako esku-hartzean nabarmena izan da. Norvegiako Gobernua kezkatuta zegoen auziak aurrekari bat ezar zezakeelako eta atzerriko inbertitzaileei (Crédit Suisse, adibidez, Fosen Vind-en partaide) emakida eoliko berrietan atzera eragin ziezaiekeelako. Konpainiarekin lerrokatu zen beraz apelazio-errekurtsoan. Era horretan, proiektuak aurrera jarraitu zuen samien komunitatearen salaketak entzun gabe. Aldi berean, ordea, Norvegiako Estatuak demandatzaileen giza eskubideak defendatzeko eta babesteko legezko erantzukizuna ere badu, Sami herri indigenarena. Hala ere, kasu honetan, balantza zentral eolikoen ustiapenetik eratorritako interes ekonomikoen alde makurtu zen argi eta garbi. Itzulingururik gabe esanda: Estatuak pertsonen gainetik dirua aukeratu zuen.

Epaia eman zenetik, Samitarrek konplexu eoliko hori eraisteko eskatu dute, Europako handienetako bat dena. Instalazioak sei zentral eolikok osatzen dituzte, guztira 151 aerogerenadorerekin, 87 metroko altuerako dorreak eta 117 metroko diametroko errotoreak dituztenak. Baina gatazka ez da oraindik amaitu, Norvegiako Gobernuak epaiaren “ondorioak aztertzenari dela diolako, beste batzuek “erreparazio-neurriak” aipatzen dituzten bitartean; Fosen Vind partzuergoa, berriz, lasaitu egin da, konplexu eolikoak funtzionatzen jarraitu ahal izango duelako, beste abisu bat jaso arte.

Kasurik onenean, epaiak herri indigenei eta lurra erabiltzeko duten eskubide kulturalari erasaten dieten eraikuntzak saihestuko ditu etorkizunean. Hala ere, Fosen Vind epaia eta hiru aste geroago, zentral eoliko berri bat eraikitzeko planak aurkeztu ziren Norvegiako iparraldeko Corgas udako artzaintza eremuetan, eta Sámitarrak beldur dira ez ote den leziorik ikasi.

Artikoan gas -eta petrolio- zulaketak abiatuko ditu Norvegiak:

Norvegia da mendebaldeko Europako hidrokarburo-esportatzaile nagusia, eta aurtengo martxoan iragarri du petrolio eta gas bila zulaketak egingo dituela orain arte Artikoko Barents itsasoan esploratu gabeko eremuetan. Nahiz eta ingurumenaren defentsako taldeak irmo aurka agertu diren, Norvegiako Energia eta Petrolio ministroak adierazi du “petrolio industria garatzeko esplorazioak eremu berri eta erakargarrietara zabaltzea gobernuaren politikaren oinarrietako bat” dela. “Munduko ozeanoetako eremu erraldoiek esploratu gabe jarraitzen dute, hein handi batean, eta ziurrenik etorkizunean mineralez eta oraindik aurkitu gabe dauden beste baliabide batzuez hornitu ahal izango gaituzte”, Norvegiako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren webgunearen arabera.

Petrolioa eta gasa Norvegiako esportazio guztien % 40 dira, eta Gobernuak espero du konpainiek hamar bat erauzketa-plan berri aurkeztuko dituztela aurten, “ínbertsioak errazteko egindako aldaketa fiskalaren ondorioz”. Gobernuaren aurreikuspenen arabera, hidrokarburoen ekoizpena etengabe handituko da datozen urteetan: “Inbertsioek ekoizpen handia eta errentagarria ekarriko dute 2030era arte. Egungo planen arabera, orduan ekoizpena jaitsi egingo da. Zenbat eta nola azkar, besteak beste, konpainiek aurkituko duten petrolio eta gas kopuruaren araberakoa izango da”.

Statkraften hazkunde asmoak:

Statkraftek energia berriztagarren Europako lehen ekoizle ” gisa aurkezten du bere burua, baina zehaztu behar da ia elektrizitate guztia zentral hidroelektrikoetatik lortzen duela, Norvegiako fiordoen (1000 fiordotik gora) eta Eskandinaviako mendikate luzetik itsasertzera jaisten diren ibai laster ugarien uraren indarra ustiatuz, alegia. Baldintza horietan, Norvegia izan da Europan energia hidroelektrikoaren ekoizle handiena, eta, historikoki, gai izan da Suedia, Finlandia, Danimarka, Errusia eta Herbeheretara elektrizitate-soberakin handi bat esportatzeko, mugaz gaindiko konexio elektrikoen bidez. 2014an, munduko itsaspeko konexio elektrikorik handiena eraikitzeko akordio bat sinatu zuen Erresuma Batuarekin, eta, gaur egun, Eskoziarekin eta Alemaniarekin lotzeko linea berriak aztertzen ari da. Ekoizle handiena Statktaft enpresa estatala da, instalazio hidroelektriko handienak dituena.

Statkraftek 1990eko hamarkadaz geroztik dihardu Europako merkatu nagusietan. 2018an sartu zen konpainia Iberiar penintsulako merkatuan, non energia berriztagarrien hazkundea, bereziki eguzki-indar eta eolikoen alorretan, gure planaren zutabe nagusietako bat den 2020-2025 aldirako”. 2021ean enpresaren ekoizpena % 8 hazi da eta eta 1.591 milioi euroko irabaziak izan ditu. “Gauzak horrela, finantza-sendotasun sendoarekin eta gure hazkunde-anbizioak betetzeko gaitasunarekin sartu gara 2022an” (“Resultados de Statkraft para el ejercicio 2021″). Beraz, Statkraften helburua da “Europa kontinentalean 2.000 MW-tan eta mundu osoan 8000 MW-tan hedatzea 2025erako, proiektu eolikoen eta eguzki-indar instalazioen bidez”. “Iberia eskualdea izango da helburu hori lortzen gehien lagundu behar duen eskualdeetako bat”, gehitzen duenez.

Sratkraften Galiziako “Prada” proiektu eolikoa:

2021ean manifestazioak, martxak eta protestak egin ziren Galizian 300 bat zentral eoliko berri eraikitzeko Xunta tramitatzen ari den proiektuen aurka, horietako asko natura-, paisaia-, historia- eta arkeologia-aberastasun handiko eremuetan. Hain zuzen, Statkraftek Serra do Eixon eraiki nahi duen zentral eolikoa da aurkakotasun handiena sortu duenetako bat: proiektu hori (gaur egun “Prada Parke Eolikoa” deitzen dena) Galiziako mendirik altuena den Peña Trevincatik kilometro gutxira eraiki nahi du Statkraftek, Desarrollo Renovables Iberia Gamma izeneko bere filialaren bidez, Ourense eta Zamorako mugan. Kaltetutako ingurunea 1.400 metroko batez besteko altitudean dago, eta otso iberiarra edo arrano erreala bezalako espezieak daude. Milaka lagunek parte hartu zuten SOS Grobak deitutako martxa batean. “Ez gaude energia eolikoaren aurka, baizik eta mendiaren industrializazioaren aurka eta naturaren, paisaiaren eta pertsonen kaltetan energia-enpresei mesede egiten dien eredu energetiko harrapari baten aurka”, dio Xilberto Manso SOS Grobako bozeramaileak.

Statkraftek energia eolikoko 443 MW instalatzeko asmoa du Ourense eta Lugoko mendietan, eta honako hau dio “Prada Parke Eolikoa”ri buruz bere web orrian: “171 MW-eko potentzia instalatuarekin, horrek konpainiak Espainian duen lurreko proiektu eolikorik handiena bihurtzen du (…) Jarduten dugun proiektu bakoitzean, komunitateen aurrerabidean lan egiten dugu, partaidetza-planen eta tokiko beharrei erantzuteko neurrien bidez”… Ja!

Statkraften eguzki-indarreko planta erraldoiak:

Irailaren 13an, Statkraftek Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapiari Gipuzkoan dituen proiektu eolikoak aurkeztu zizkien egun berean, Statkrafti eta Iberdrola bezalako beste enpresa batzuei “Iraunkortasun Bikaintasunaren Zigilua” eman zien Union Española Fotovoltaica delako erakundeak, “Talayuela Solar” izeneko planta fotovoltaiko erraldoian egindako ekitaldi batean. Milioi bat plaka fotovoltaiko baino gehiago eta 820 hekateako lurrazalera hartzen duen makro-azpiegitura hori Europako handienetako bat da eta Statkraft-ek kudeatzen du. “Talayuelan ekoitzitako eguzki-energia Badajoz hiriko 150.000 etxeri zerbitzua emateko edota etorkizunean Madril-Badajoz AHTri urtean 22.000 joan-etorri egiteko behar den energiaren antzekoa izango da”, “Ongi etorri Talayuela Solarrera” web orriaren arabera.

Talayuela Solar makro-plantaren eraikuntza Solarcentury britainiarrak hasi zuen 2020ko urtarrilean, gerora Statkraft enpresak erosi, eta honek berriz Encavis alemaniarrari saldu. Jakina, Talayuela Solar “erreferente” izateko diseinatu zenez,ingurumen-inpaktuaren azterketa eta neurri zuzentzaile” lepo egin dira hondamendirako bidean: horrela, 312 hektarea “ingurumena babesteko” erreserbatu dira, non zingira eta irla flotatzaileak eraiki diren hegaztiek habiak egiteko”, baita narrastientzako babeslekuak”, bisitariei harrera egiteko Naturaren Aretoa“, etab. Geroztik, Statkraft Talayuela II eraikitzen ari da, beste 331 hektareako azalerarekin, eta, aldi berean, eguzki-indarreko beste hainbat makro-proiektu abian jarri ditu Extremaduran, Andaluzian, Valentziako Erkidegoan (non 435 hektareako mega-planta fotovoltaiko bat eraikitzeko asmoa duen Vinalopon, nahiz eta talde ekologistek ekintza judizialak abiarazi), Gaztela-Mantxan, Gaztela-Leon eta Murtzian… eta hori Galizian eta antza denez aurrerantzean Euskal Herrian ere badituen proiektu eolikoekin aurrera egiteari utzi gabe.

INDEPENDENTZIA ENERGETIKOA?

Jon Zayas, Statkraftek Euskadin dituen egitasmoen zuzendariak, Euskadi Irratian irailak 29an esan zuenez, Urolan eta Debagoienan egin asmo dituen zentral eolikoez gain, “proiektu gehiago dauzkagu Euskal Herrirako: denok batera lan egin behar dugu independentzia energetikoa lortzeko”. Halaber, handik egun gutxira Azpeitiako “Uztarria” aldizkarian egindako elkarrizketan dio: “Ikusi da autokontsumoa ez dela nahikoa eta parke eolikoak behar ditugula Euskadi independentea izan dadin energia ekoizterakoan (…) Oso garrantzitsua da energetikoki independenteak izatea; horregatik dira horrelako proiektuak beharrezkoak”.

Hau esatea guztiz falstua eta demagogikoa da. Honi dagokionean, Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak esandakoa aipagarria da, Norvegiako multinazionalaren egitasmoak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko prest daudela adierazterakoan honako honetaz ere ohartarazi baitu: “Fagor taldeak Debagoienan dituen ekoizpen plantetan urtean 300 megawatt ordutik gorako kontsumoa du; eolikoen bitartez sortu beharko balitz kopuru hori, Statkraftek 200 megawatt baino gehiago instalatu beharko lituzke… baina berak proposatutako parkeak 25 megawatt baino ez ditu sortuko”.

Harrigarria da, beraz, halako iruzur eta engainuaren aurrean isilik egotea. Statkraftek horrelako planteamenduak Euskadin eta ez beste inon aurkeztea moralgabea eta manipulazio hutsa da. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko energia-beharrak hornitzeko Lemoizko zentral nuklearra defendatzean izan zuen jarrera gogorarazi digu.

Bada, oraingoan gainean dugun trantsizio energetikoaren auzian, beharrezkoa da alternatiba energetikoak parametro produktibista eta desarrollistekin garatzen dituzten eta horren araberako eredu teknologikoak ezartzen dituzten sektore industrialek eta korporazio handiek eragindako energia berriztagarrien perbertsioa baztertzea. Horren aurrean, trantsizio energetikorako eredu deszentralizatu bat defendatu behar dugu, garapenerako eta kontsumorako mugak onartzen dituena, desmerkantilizatua (energia ondasun komun gisa hartzen duena, eta ez salgai gisa), sozialki zuzena eta natura errespetatzen duena.

 

Statkraften “kode etiko sendoa” gezur hutsa dela erakusten duten hainbat gertakari

4 pentsamendu “Statkraften “kode etiko sendoa” gezur hutsa dela erakusten duten hainbat gertakari”-ri buruz

  • Ez al da honetan Ezker Abertzale ofizialaren aldetik erantzunik?

  • ARAZOA, ERRONKA, AUKERA

    Pello Otxandiano

    Azpeitian herri batzarra egin da asteon bertako Udalak deituta Statkraft-ek proposatzen duen proiektuaren inguruko argibideak emateko. Lehenik eta behin, uste dut udal agintariek egin duten gardentasun ariketa azpimarratu egin behar dela. Beraien betebeharra da, bai, baina ez gaude ohituta halakoetara, ezta? Eta ez gaude ohituta ere lurralde edo komunitate bati eragiten dion proiektu ekonomiko bat duen enpresa batek Azpeitian egin zuena ikustera: proiektua herritarrei azaldu (jakinda kontrako ahotsak entzungo dituela) eta proiektua herritarren mesederako izango dela ziurtatzeko elkarlana abiatu nahi duela adieraztea. Gauzak diren bezala.

    Baina hemen kontua ez dira eolikoak eta gutxiago Statkraft. Eztabaida ez da enpresa honek kode etikoa duen ala ez edo norvegiarra izateak zer gehitu edo kentzen duen. Hemen eztabaida burujabetza energetikoa da, ezkerreko independentismoak luzaz aldarrikatu duen zerbait: Euskal Herriaren energia burujabetza krisi ekologiko-klimatikoaren testuinguru historikoan eta krisi energetikoa gainera datorkigun hamarraldi erabakigarri honetan.

    Ezin dugu gehiago atzeratu eztabaida

    Nola dago Euskal Herria halako testuinguru historikoan? Ezin okerrago.

    Ondorengo zenbakiak gutxi gorabeherakoak dira, baina arazoari tamaina hartzeko balio dute: ia hiru planeta kontsumitzen ditugu (kontsumo energetiko neurrigabea dugu), kontsumitzen dugun energiaren ia guztia kanpotik ekartzen dugu, eta jatorriz fosila da. Beraz, ardura ekologikoagatik zein euskal egitasmo nazionalaren bideragarritasun sozial eta ekonomikoaren ikuspegitik, ezin dugu gehiago atzeratu energia burujabetzaren inguruko eztabaida parez pare irekitzea.

    Energia burujabetzaren dimentsio bat kontsumitzen dugun energia bertan ekoiztea da, hau da, gure kontsumo energetikoa lurraldetzea, gure kontsumo energetikoaren jabe egitea. Eta horretarako, lehenengo eta behin, pentsatu behar dugu zenbat energia kontsumitu behar dugun, jakinda hori zuzenki lotua dagoela gure ongizate ereduarekin. Ariketa hortik hasi beharko genuke, hain zuzen ere: zer da gure ongizate ideiaren baitan sartzen dena eta zer kanpoan utzi beharrekoa? Eta, ondoren, horri zenbaki energetikoak jarri, kalkulatu zenbat megawatt behar diren ongizate sistema horri eusteko.

    Demagun 2050. urterako 2008. urteko kontsumoaren %50eko murrizketa bat proposatzen dugula, Alemaniak bere efizientzia energetikoaren plan nazionalean halaxe egin zuen, adibidez. Horrek, nahi den efizientzia energetiko guztiarekin ere, esan nahi du gure ekonomiaren esfera materialaren murrizketa drastiko bat. Eta ondorioz, iraultza kultural bat egungo bizierak errotik aldaraziko lituzkeena. Eta hala ere, beste erdia gelditzen zaigu deskarbonizatzeke; eta datuek dioskute autokontsumoaren eta gertueneko azpiegituren bidez ezinezkoa dela %10 inguru baino gehiago ekoiztea. Hori da arazoaren tamaina erreala, eta ez da aukera bat bestaldera begiratzea.

    Iraultza kultural bat behar da

    Izan ere, krisi ekologikoaren adierazpen gordinena klima larrialdia da, eta hamarraldi honetan jokoan dagoena da beroketa globala bi gradutik gorakoa izango den ala ez. Eta bi agertokien artean mundu bat dago kalte ekologikoari eta ondorio sozial eta ekonomikoei dagokienez. Beraz, ikuspegi ekologista batetik zein justizia klimatikoarenetik, ez da hautu bat gure gas isurketak murrizteko egitea dagokiguna ez egitea. Eta horrek eskatzen du kontsumoa drastikoki jaistea eta gainontzekoa deskarbonizatzea, biak ala biak: ahalik eta desazkunde gehien gehi beharrezkoa den deskarbonizazio guztia.

    Zein bidetan jartzen gaitu horrek? Iraultza kultural bat behar da ongizatearen gaineko ikuskera berri bat ekarriko duena, jauzi politiko bat hau guztia sozialki kudeatzeko (demokrazia liberalaren gobernantza ereduak ez dira aski izango) eta eraldaketa sozial eta ekonomiko bat produkzio eta kontsumo eredu berriak ekarriko dituena. Hori da erronkaren tamaina, eta hori da, aldi berean, aukera-leihoa ere: kapitalismoaren muina (hazkunde etengabea eskatzen duen kapital metaketa) auzitan jarriko duen horizonte postneoliberaleko eraldaketa prozesu bat saiatzea Euskal Herritik Euskal Herrira.

    Arazoa dena erronka bihur dezagun aukera aprobetxatu ahal izateko. •

  • Pelloren argudio eta eskarien aurrean batzuk ,nere ustez ,betiko erradikalidade erratua dena praktikatzen dute ,karraxi eta zalaparta lagun.

    Gakoa nere ustez errespetuan dago eta partehartze zabalean beharrezko aldaketei ekiteko, ezin okerrago baikaude herri bezala.

  • Aritz Otxandiano da Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Horrek ere izango du akaso zer ikusirik EHBilduren jarrera aldaketarekin.
    https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/osoa/8955962/fagor-hasierako-harremanak-izan-ditugu-statkraftekin-parke-eolikoaren-proiektuan-parte-hartzeko/