SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan (1)

SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan –

SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan

Euskaldunok garrantzi handia ematen diogu aspalditxoko historiari, eta ez dut esaten ez duenik, baina azken berrogei-berrogeita hamar urtekoak ez du gutxiago, eta hor Espainiako trantsizioa deritzona giltzarri da eskierki, haren ondorio izan baitzen 78ko Konstituzioa. Hiruzpalau artikulu eskainiko dizkiot gaiari, eta hau da lehenbizikoa. Hasteko, zergatik PSOE? Ez al da agintzen ari Madrilen?, eta EAEn, EAJrekin batean?, eta NFEn, Geroa Bairekin? PSOEren trantsizioko arrakastaren gainean argibide batzuk eskainiz ekingo diot artikulu sorta honi.

1975eko apirilaren 18an,  Bonnen izan ziren PSOEko Felipe Gonzalez, Nicolas Redondo eta Carlos Pardo, eta Alemania Federaleko alderdi sozialdemokrata SPDtik (Sozialdemokratische Partei Deutschlands; SPD) zuzendaritzakoak, famatuena Willy Brandt (Antonio Muñoz Sanchez: El amigo alemán. RBA. Barcelona. 2012). Felipe Gonzalezek konbentzitu egin zituen, aleman sozialdemokraten estrategiarekin erara zetorrelako Gonzalezek trantsizioaz zuen ikuspegia, eta hiru eratako laguntza ematea erabaki zuten: ekonomikoa (liberatuen ordainketa, lokalena; laguntza inportantea), pedagogikoa (ikastaroak koadroak hezteko) eta diplomatikoa (Espainiako gobernuarengan eta Internazional Sozialistan PSOEren alde eraginez), eta hein handi baten laguntza horren guztiaren ondorioz, PSOE igaro zen 1975ean testimonial izatetik, bi urteren buruan, 1977-06-15eko bozetan, oposizioko alderdi nagusia izatera -PSOEk botoen %29, eta PCEk %9-. 

Alemania Federaleko alderdi sozialdemokratak 1959an baztertu zuen marxismoa, eta 60ko hamarkadan, Ekialdeko estatu komunisten aldera bezala Europa Hegoaldeko diktadurenera -Grezia, Portugal, Espainia-, errotikako oposizioa baztertu eta hurbilketa politika jarri zuen abian, eta Europako mendebaldeko Internazional Sozialistan bera zenez nagusi, haren estrategiek pisu handia zuten gobernu komunistetan, eta halaber, diktaduretan ere. 

Okzitaniako Tolosan bizi ziren PSOEko militante zaharrak, Francoren matxinadaren aurkako gerra galdurik, eta haien burua Rodolfo Llopis zen. Hasiera batean harekin izan zituen harremanak SPDk, baina ohartzean haiek Franco eraistea beste xederik ez zutela distantzia hartu zuten aleman sozialdemokratek, eta Tierno Galvan irakaslearen PSI-PSPra hurbildu ziren. 1972an, Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak eta, Llopis eta haren sokakoak baztertu zituztenean, hasiera baten aleman alderdi sozialdemokratak ez zien kasu handirik egin, baina Portugaleko 1974ko apirileko “krabelinen iraultza”-k ezkerrera jo zuenean, Spinola jenerala bazterturik, Portugaleko alderdi komunista nagusi zela, Mario Soares politikariaren Alderdi Sozialistari laguntzen hasi ziren eta Espainian gorago esan bezala, 1975eko apirileko bilera hartatik aurrera ekin zioten PSOEri laguntza handia emateari. Aleman sozialdemokraten helburua Europa Hegoaldeko diktaduretan alderdi komunistari indarra kentzea, eta alderdi sozialdemokratak sustatzea. Gogora Gerra Hotzaren aroan zirela, eta Alemania bitan zatitua zela. Nola konbentzitu zituen Felipe Gonzalezek SPDko liderrak?

Laburkiro, Gonzalezek esan zien Espainiako egoera eta Portugalekoa biga zirela: Espainiako egoera soziopolitikoa egonkorra zen, Espainiak ekonomia indartsua zuen eta armada leiala gobernuarekiko, eta Franco hil ondoan ere ez zen iraultzarik gertatuko, eta beraiek ere ez zeuden prest bazterrak nahasteko, hots, baztertzen zuten diktaduraren amaiera bat-batekoa, eta haien nahia zen monarkiaren Gobernua izatea Francoren erregimena desmuntatu eta oposizioarekin batera, Espainian demokrazia burgesa zentralista eraikiko zuena. Komunistei buruz aditzera eman zien PCE alderdi lehiakide nagusitzat jotzen zutela eta garaitu beharrekotzat trantsizioan, eta euren alderdiaren egiturak sendotzeak Santiago Carrilloren alderdiaren ahultzea ekarriko zuela berekin. Ezkerrean hegemoniko izan behar zuten. Komunistek 100 liberatu baino gehiago zituzten, eta berak bi baino ez. Era berean, UGT indartu behar zen, CCOO ahuldu eta hegemonia sindikala lortzeko.

Aleman sozialdemokratei transmititu zien inpresioa izan zen, funtsean, gizon nazionalista zela -erabat asmatu zuten-, dogmatismo orotatik askea eta ez-marxista, eta ausarkeria zeritzola Espainiako ezkerra batzeari; horrek, 1936an bezala, polarizazioa ekarriko zuelako. Kaleko mobilizazioak ere ez zituen aipatu Gonzalezek; haren asmoa zen posizio pribilegiatua lortzea oposizioan, goitik, alderdi aparatuetatik demokrazia burgesera heltzeko, eta gizartean zegoen presioak erradikalizaziora jotzea saihesteko. Aleman sozialdemokratek, diruz, hezkuntzaz eta diplomaziaz lagundu behar zuten, PSOEk Batzorde Exekutibo indartsu bat eduki zezan, alderdian oinarriak ez baizik eta buruek agindu zezaten, eta monarkiaren gobernuarekin negozia zezan trantsizioa. 

Eta, dakigun bezala, lortu ere lortu zituen bere xedeak Felipe Gonzalezen PSOEk. Arrazoi horiengatik baztertu zuen Junta Democrática delakoa, komunisten menpean zegoelakoan, eta eratu zuen Plataforma, eta abar. Luzeegi joko liguke 1975etik 1977ra aleman sozialdemokraten eta espainolen arteko harremanen berri emateak; azpimarratu nahi nituzke ildo nagusiak: PSOEren xede nagusia ez zen izan trantsizioan oposizio demokratikoa batu, indartu eta gizartea mobilizatuz frankismoa eraistea eta oinarri demokratikoekin errepublika berria eraikitzea, baizik eta Francok hautaturiko Juan Carlos erregeak marrazturiko erreformari babesa ematea, hasteko, beren aurkari nagusi PCE eta Carrillo deklaratuz -beste eskala baten, ardatz nazionalean, EAJ eta ezker abertzalearen artekoa ekartzen dit gogora-, eta frankista erreformistei armadaren eta frankista porrokatuen aurka laguntza emanez, eta horretan, erabakigarri gertatu zitzaien SPD alderdi sozialdemokrata aleman indartsuaren laguntza hirukoitza: ekonomikoa, pedagogikoa eta diplomatikoa. Hurrengoan, 1977ko hauteskundeen garrantzia.

SPD eta PSOE Espainiako trantsizioan

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)