Simpsondarren Springfield, euskaldun baten omenez sortutako hiria

Horrela esan du EiTB-k, “The Simpsons” bizi diren Springfield hiri asmatuak euskaldun abenturazale batean duela oinarria.

Matt Groening marrazkilariak orain hogeita bost urte luze sortu zituen “The Simpsons” marrazki bizidunak AEB-etan. Mundu osoan ezin mirestuagoa den familia Springfield-en bizi da, Jedebiah Springfield zenaren omenez sortutako hirian.

Simpsondarren Springfield, euskaldun baten omenez sortutako hiria

Jedebiah pertsonaia zein Springfield hiria asmakizun hutsa badira ere, eta marrazkien sortzaileek beraiek onartu dutenez, euskal jatorrizko kolono batean oinarritua ei dago abenturazalea, Jedebiah Smith izenekoan.

Smith XIX. Mende hasieran New York-en jaiotako esploratzaile, ehiztari, kartografo eta larru merkataria ei zen, XVII. mendean Ameriketara egin zuen Thomas Bascom-en ilobaren iloba; Ipar Euskal Herriko higanota zen Bascom (“Basque”-tik datorkion abizena).

Euskal arbasoak zituen Smith lehen gizon zuria izan bide zen AEB-etako mendebaldea kolonizatzeko beharrezkoak ziren zenbait bide aurkitzen, eta grizzly hartz ikaragarri batekin hil ala biziko borroka izan zuelako da ezaguna; Jedebiah Springfield-ek marrazki bizidunetan bezala. Gizona larri zauritu zuen  piztiak baina bizirik atera zen enkontrutik. Gazte hil zen hala ere, 35 urte zituela, komantxeen eraso batean.

“The Simpsons”-ek izan ditu Euskal Herriarekin keinu gehiago ere, azken hogeita bost urte hauetan.
Esaterako, atal batean Frank Gehry arkitektoa agertu eta honek eraiki zuen Guggenheim museoari aipamena egiten zaio. Kirolari dagokionez, Homer Simpson-ek soka-tira taldea osatzen du zentral nuklearreko lankideekin, eta beraien nagusi ankerrak, Burns jaunak, bikain jokatzen du zestaz beste atal batean; Jai Alai jokalaria da. Familiak Euskal Herrira bisita ere egiten du, zer eta Iruñeko San ferminetara. Zapia lepoan eta gerriko gorria soinean, historiako entzierrorik laburrenean parte hartzen du boskoteak (minutu erdi eskas)… eta zezenek Homer zauritzen dute, prefosta!