Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca

Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca –

Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta.net blogean. 
Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca
Shireen Abu Akleh hil zuten momentua.

Lau emakume kazetari tiroz hil dituzte aurreko astean tokian tokiko mafien eskutik. Lehena, munduko apartheidik handieneko kudeatzaileen eskutik. Al Jazeera-ko Shireen Abu Akleh kazetari palestinarra hil dute asteazkenean Israelgo soldaduek buruan tiro bat emanda, Jeningo errefuxiatu-esparruan sarekada egiten ari zirela. Qatarreko hedabidearen, Palestinako agintarien eta han bertan zeuden lekuko eta kazetarien arabera, Israelgo indarrek nahita hil zuten 51 urteko kazetaria. Ali Samudi kazetaria ere zauritu zuten ekintza berean. Munduan zirrara eragin du gertatutakoak eta besteak beste, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres “izututa” agertu da eta ikerketa independentea eskatu du. Ez da bakarra izan ikerketa sakona eskatu diena Israelgo agintari sionistei, baina keinu hutsak baino ez dira izango ikerketa Israelen esku uzten bada; Israelgo sistemari ezin zaiolako eskatu beren burua ikertzea eta haien jarduna ezbaian jartzea, 70 urte baino gehiagoz giza eskubideak etxeko alfonbra gisa erabili baitituzte. Emaitza ezin da bestelakoa izan formula bera erabiliz gero.

Eta, zalantzarik bazegoen, egun baten buruan argi utzi du Israelek “nork agintzen duen hemen” eta zeinena den inpunitatea. Israelgo poliziek Abu Akleh-ren hilkutxa lepoan hartuta eramaten zutenen aurka egin dute haren hileta elizkizunenetan. aitzakia, Palestinako banderaren koloreak ez dituztelako publikoki erakusten uzten Israel demokratikoan, nahiz eta hileta Palestinako hiriburuan egin: Jerusalemen.

 

Gobernua ohiko harrokeriaz mintzo da: “Israelen aurkako propaganda faltsuak ez ditu Israelgo Segurtasun Indarrak geldiaraziko terrorista palestinarren aurkako jardunean”, adierazi du Naftali Bennett Isralego lehen ministroak igandean.

Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca
Yesenia Mollinedo eta Sheila Johana García.

Palestina okupatutik kazetariek lana libre egiteko munduko lekurik zailenetako batera egingo dugu jauzi: Mexikora. Yesenia Mollinedo eta Sheila Johana García kazetariek hainbat tiro jaso zuten Veracruz estatuan, Mexikon, denda batetik irten eta autoa hartzera zihoazela. El Veraz hedabideko zuzendaria eta argazkilaria ziren, hurrenez hurren. Mollinedoren senideek salatu dute mehatxuak jaso izan dituela azken urte eta erdian egin dituen lanengatik. Beste lan batzuen artean, Poliziaren eta delinkuentzia antolatuaren arteko harreman estuari buruz idatzi izan du. Honezkero hamaika kazetari hil dituzte Mexikon 2022an: hamabi egunean behin kazetari bat hiltzen dute. Artículo 19 adierazpen askatasunaren aldeko erakundeak 153 kazetariren hilketak dokumentatu ditu Mexikon mende honetan. Kazetariak Babesteko Batzordeak Mexiko jo du mundu osoan kazetarien hilketen kasu gehien argitu gabe dituen herrialdetzat.

Mexikotik Txilera. Aurreko asteko asteazkenean Francisca Sandoval kazetariaren heriotzaren berri eman zuten. Txileko Santiagon Maiatzaren 1eko protestak kubritzen ari zela, Sandovalek tiro bat jaso zuen buruan. Ordutik ospitaleratuta zegoen, oso larri eta 12 egunera hil da 29 urteko kazetaria. Tokiko mafiekin lotutako taldeen bala bat zen. Beste hiru pertsona ere zauritu zituzten. Pinocheten diktaduraz geroztik Txilen hil duten lehen kazetaria da Francisca Sandoval.

Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca
Francisca Sandoval.

Shireen, Yesenia, Sheila eta Francisca

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude